Delitua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita

Lehen ikerketen arabera, furgonetan zihoazen pertsonek dirua ordaindu zuten Frantziatik atera eta espainiar estatuko toki ezberdinetara joateko.

29 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita, dokumentaziorik ez zuten zortzi gizon fugoneta batean zeramatzan unean.

Gaur goizaldeko 03:30ean, Ertzaintzaren Arabako Trafiko Unitateko patruila batek bi ibilgailu ikusi ditu geldirik A-1 autobideko bazterbidean, Arabako hiriburuaren parean, 355. kilometroan, Burgoserako noranzkoan.

Ertzaintza ikustean, ibilgailuetako batek alde egin du. Agenteek beste ibilgailuaren gidaria identifikatu dute. Antza denez, bere furgoneta matxuratuta zegoen, eta hasiera batean bakarrik zegoela pentsatu dute.

Nolanahi dela, ertzainek ilunpetan pertsona bat ikusi dute errepide bazterrean ezkutatuta , eta laguntzera joan direnean beste zazpi lagun aurkitu dituzte, guztiak gizonezkoak.

Lehen ikerketen arabera, furgonetan zihoazen pertsonek dirua ordaindu zuten Frantziatik atera eta espainiar estatuko toki ezberdinetara joateko.

Zenbait egiaztapen egin ondoren, agenteek furgonetako gidaria atxilotu dute, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita.

Ertzaintzak furgonetaren ondoan zegoen bigarren ibilgailua ikertzen jarraitzen du. Furgoneta horretan beste hainbat pertsona zihoazen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X