'Bakearen Nobel sariduna den heinean pentsa dezala biktimengan'
Erasoa egin aurretik Siriako biktimengan pentsatzeko eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteak Barack Obama AEBetako presidente eta Bakearen Nobel saridunari.
"Sirian indarra erabili aurretik, balizko biktimengan pentsatzeko eskatu nahi diot Bakearen Nobel saridunari", adierazi du Putinek.
Putinen esanetan, zentzugabekeria da eraso kimikoa Al Assadi leporatzea. "Arma kimikoen erabilera baieztatzen duten frogak badituzte, NBEko ikuskatzaileei edo Segurtasun Kontseiluari eman beharko dizkiete. Aurkezten ez badituzte, frogarik ez dagoen seinale", gaineratu du.
Ekintza militar 'mugatua' abiatzea ari da aztertzen Obama
Sirako eraso kimikoa erantzunik gabe geratuko ez dela berretsi du ostiral honetan Barack Obama AEBetako presidenteak. Oraindik erabakirik hartu ez duen arren, ekintza militar ''mugatu'' bat abiatzea aztertzen ari dela aurreratu du.
Hala, Sirian soldadurik gabeko ekintza bati ekitea ari omen da aztertzen, ''epe luzeko konpromiso belikoa'' abiatu gabe. Edonola ere, ''aukera zerrenda zabala'' aztertzen jarraitzen dutela gaineratu du.
"Ez dugu aurreikusten mugarik gabeko konpromiso militarra. Ez dugu aurreikusten tropak igortzea'', esan du.
NBEko ikuskatzaileak Siriatik atera dira, eta behin betiko emaitzak 15 egunetan ezagutaraziko dira
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ikuskatzaileek amaitu dute ustezko eraso kimikoak izan ziren tokian egin duten azterketa, eta Damascotik atera eta Libanon dira dagoeneko, LBCI Libanoko telebistak jakinarazi duenez.
Talde nagusia goizaldean atera da Siriatik Libanora bidean. Hala ere, talde tekniko bat Damascon gelditu da azterketa gehiago egiteko, Al Assaden erregimenak eskatuta.
NBEk jakinarazi duenez, ez dituzte azterketaren ondorioak argitaratuko behin betiko emaitzak izan arte, eta horretarako 15 egun itxaron beharko da.
NATOk ez du Siriaren kontrako balizko erasoan parte hartuko
NATOk ez du Siriaren kontrako balizko erasoan parte hartuko, baina eraso kimikoaren atzean Al Assaden Gobernua dagoela iritzi dio Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak.
Politiken egunkari daniarrari eskainitako elkarrizketa batean, ukatu egin du NATOk Siriaren kontrako erasoan parte hartuko duela. Rasmussenen esanetan, NATOko kide diren estatuek erabaki behar dute parte hartu ala ez.
AEBek "erasoa" justifikatzeko egiten duten "ahalegin hutsala" salatu du Siriak
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak egindako salaketak "erasoa" justifikatzeko "ahalegin hutsala" dela salatu du Siriako erregimenak. Halaber, Iraken esku-hartze militarra egin aurretik AEBetako Gobernuak esandako "gezurrak" gogoratu ditu.
Siriako Atzerri Ministerioko bozeramaile batek SANA albiste agentziari esandakoen arabera, Al Assaden erregimena "harrituta" dago, "AEB iritzi publikoa engainatzen saiatzen ari delako, frogarik izan gabe".
Damascoko Gobernuaren esanetan, Washingtonen oinarri bakarra "terroristek emandako informazio zaharra da, eta "gezurrez eta susmoz betea da". Halaber, Obamaren gobernuari sare sozialetan argitaratutako informazioan oinarrituta eraso egiteko erabakia hartzea leporatu dio.
Balizko esku-hartze militarrak "ehunka errugaberen heriotza eragingo du, eta AEBek eskuak odolez zikinduta izango ditu betiko".
Kerry: ''Frogak argiak eta sinesgarriak dira''
''Inongo zalantzarik gabe'', Bashar al Assaden erregimena da abuztuaren 21ean Damaskon arma kimikoak erabilita egindako erasoaren erantzulea, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak ostiral honetan adierazi duenez. Eraso horretan 1.429 pertsona hil ziren, tartean 426 haur, Kerryk azaldu duenez.
Estatu idazkariak ziurtatu du AEBek dituzten frogak ''argiak eta sinesgarriak'' direla, eta ''konfiantza handia'' dutela erasoen erantzulea Siriako presidentea dela. Washingtonek, dena den, hainbat xehetasun aireratu ezin dituela ohartarazi du Kerryk.
''Ez dugu Iraken egindako akatsa Sirian berriro egingo'', gaineratu du. ''Inteligentzia zerbitzuek behin eta berriz berrikusi dute erasoaren inguruko informazioa, eta Iraken baino ardura handiagoz. Ez dugu orduko hura errepikatuko'', gaineratu du.
"Ezer ez egiteak dakarren arriskuaz galdetu behar diogu gure buruari'', ohartarazi du Kerryk. Horren ildoan, Estatu idazkariak esan du Obamak badakiela erabakiak ''ondorioak'' izango dituela eta nazioaren segurtasunarentzat berebizikoa dela. Hala, esku-hartze militarra egitea suntsipen handiko armak erabiltzea aztertu dezaketenentzat mezua litzatekeela uste du Kerryk.
Estatu Batuen esku dauden frogak
AEBetako txosten horren atal batean jasotzen denez, AEBetako Inteligentzia zerbitzuek Siriako erregimenaren hainbat goi kargudunen komunikazioak atzeman zituzten bidean, eta, bertan, arma kimikoen erabilera baieztatzen dute.
Segurtasun arrazoiengatik ez dute txostena osorik zabaldu, baina, bertan, lekukoak, medikuak, inteligentzia geoespaziala eta sare sozialetako bideoak dituzte informazio iturri osagarri gisa.
AEBetako informazio horren arabera, erasoa prestatzeko lanak hiru egun lehenago hasi ziren, Adra eskualdean. ''Gizakien'' eta ''inteligentzia geoespazialak'' utzitako datuen arabera, Siriako erregimenaren arma kimukoen programa kudeatzen duen Ikerketa Zentruko hainbat arduradunek abiatu zituzten lan horiek.
''Arma kimikoak nahasten dituzten tokitik gertu'' dago Adra, txostenaren arabera.
Azalpenak Kongresuan
Barack Obama AEBetako presidenteak eta bere segurtasun taldeak azalpenak eman dituzte Kongresuan Sirian eraso militarra egiteak dituen helburuen eta arrazoien inguruan.
CNNk eta The New York Timesek Gobernuko hainbat iturri aipatuta zabaldu dutenez, Obamak dagoeneko erabaki du Sirian bere kabuz eraso egitea, Britainia Handiko Gobernuak Parlamentuaren erabakiari jaramon egin eta Bachar al Asaden Gobernua ez zigortzea erabaki eta gero.
Obamak "nazioartearen erantzuna" bilatuko zuela esan bazuen ere, AEBetako presidenteak bakarrik aurrera egitea erabaki lezake, baita NBEren Segurtasun Kontseiluaren babesik gabe ere. Izan ere, hor babesa lortzea oso zaila dauka, betorako eskubidea duten Errusia eta Txina kontra agertuko baitira.
Josh Earnest Etxe Zuriaren bozeramaileordeak ez du baieztatu Obamak Kongresuari baimena eskatuko ote dion, eta Kongresuarekin etengabeko harremanetan dagoela esatera mugatu da.
AEBetako legediaren arabera, ordea, Gobernuak 48 orduko epearekin jakinarazi behar dio Kongresuari eraso militarra egingo duela, eta Kongresuaren baimena behar du operazio militarra k 60 egun baino gehiago irauten badu. Hala ere, ez lizateke lehenengo aldia izango Kongresuaren baimenik gabe gerrara jotzen dutena.
NBEk denbora eskatu du
Nazio Batuen erakundeak aurreratu duenez, ez dute ikuskatzaileen aurretiazko ikerketarik jakinaraziko eta azterketa zientifikoei itxarongo diete txostena kaleratzeko.
Frantzia, eraso egiteko prest
François Hollande Frantziako presidenteak argi adierazi du ez duela bere jarrera aldatuko Siriari dagokionez Britainia Handiak eraso militarra baztertu badu ere, eta esku-hartzeko "prest" agertu da, nahiz eta bere helburua ez izan Bachar al Asad agintetik kentzea.
"Herrialde bakoitza libre da operazio batean parte hartu ala ez erabakitzeko. Horrek Britainia Handiarentzat eta Frantziarentzat balio du", adierazi du Hollandek Le Monde egunkarian egin dioten elkarrizketa batean.
Agintari frantziarrak azpimarratu du "Damaskoko sarraski kimikoak" ezin duela "inpunitatean" geratu. Hori horrela, argi aderazi du ez duela Siria "askatzeko" edo "diktadorea agintetik kentzeko" operazio batean parte hartuko, bere helburua "erregimena herritarren kontra egiten ari den erasoa" etetea baita.
Ezer ez egitea indarkeriaren "gorakada bat izateko arriskua egongo litzateke, arma kimikoen erabilera onartuko genuke eta beste herrialdeekiko mehatxua handituko litzateke".
"Segurtasun Kontseiluak ez badu bere burua esku-hartzeko moduan ikusten, koalizio bat osatuko da. Ahalik eta zabalena izan beharko da, eta Liga Arabiarraren babesa izango du, krimena gaitzetsi eta nazioartea ohartarazi baitu", gaineratu du Hollandek.
Erresuma Batuak ez du parte hartuko
Erresuma Batuak ez du pare hartuko Sirian balizko esku-hartze militar batean, Philip Hammond Defentsa ministroak baieztatu duenez. Izan ere, Parlamentu britainiarrak ez du onartu Sirian esku-hartze militar ''legal eta proportzionala'' egiteko David Cameron lehen ministroak aurkeztutako plana.
Ekimenak aldeko 285 boto eta kontrako 272 boto jaso ditu, eta Parlamentuaren ezezkoa aintzat hartzen duela eta ''emaitza hori oinarri hartuta'' jardungo duela aurreratu du Cameronek.
BBC telebista katean egiten dituen adierazpenetan, Hammondek esan du Estatu Batuek ''desengainu handia'' hartuko dutela, baina ministroak ez du uste erabaki horrek inongo ekintzarik geldiaraziko duenik.
Iranek abisua eman du
Hasan Firubadi Irango Armadako buruzagiak ohartarazi duenez, atzerriko herrialdeek Siriari eraso egiten badiote, erasoak "sionistak sutara eramango lituzke -Israeli aipamena eginda-", Press TV Irango telebista kateak zabaldu duenez.
"Erasoak min handia egingo lioke giza komunitateari eta haren ondorioak ez dira musulmanen komunitatean bakarrik ikusiko. Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta gainerako aliatuek asko sufrituko dute Sirian eta lurraldearen inguruan indarrak sakabanatzen badituzte", gaineratu du.
Firuzabadiren esanetan, Siriako biztanleriak lehenengo momentutik erakutsi dute "erresistentzia maila handia eta kemena daukate, eta hori esker edozein gerra irabaziko dute".
Ostegun honetan bertan, Simon Peres Israeleko presidenteak oharatarazi du Israelek "indar guztiarekin" erantzungo duela, lurraldeak edozein eraso pairatzen badu.
Albiste gehiago mundua
Aitor Zabalgogeazkoa (MSF): "Gazako janari banaketa sistema berria basakeria bat da"
Aitor Zabalgogeazkoak zortzi aste egin ditu Gazan Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen larrialdietako koordinatzaile bezala lan eginez. Bere hitzetan, 22 hilabeteren ostean, "jendeak esperantza galdu du eta gosetea gero eta handiagoa da". Zabalgogeaskoak gertutik bizi izan du Israelek eta AEBk babesten duten janari banaketa puntuetan gertatzen dena. "Egunero egoten dira hildakoak eta zaurituak" eta askok buruan eta bularrean jasotzen dituztela tiroak adierazi du "Gaur Egun" albistegian egindako elkarrizketan.
Hogeita hamar bat kazetarik protesta egin dute Tel Aviven kazetari gazatarren hilketaren aurka
"Utzi Gazan kazetariak hiltzeari", irakur zitekeen, ingelesez, arabieraz eta hebreeraz idatzitako pankarta batean. Kazetariak ordu erdiz egon dira bilduta Israelgo Kazetarien Elkarte Nazionalaren egoitzaren atarian isiltasunean.

Gutxienez 26 pertsona hil dira Lampedusako kostaldean, ontzi bat hondoratuta
Desagertuen bila jarraitzen dute; izan ere, 95 bat migratzaile zihoazen goizaldean Tripolitik (Libia) abiatu diren bi ontzitan. Horietako batean ura sartzen hasi da, eta, ondorioz, pertsonak bestean ontziratu dira. 60 inguru erreskatatu dituzte.
Aitor Zabalgogeazkoa Gazatik itzuli berri da eta Zerrendako egoera "inoiz baino okerragoa" dela uste du
Bilbon komunikabideekin egindako topaketa batean, 2012ra arte Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko zuzendari nagusi izan denak eta gaur egun larrialdietako koordinatzailea den Aitor Zabalgogeazkoak Gazan eman dituen azken zortzi asteak deskribatu ditu. Gaur gauean, "Gaur Egun" albistegian elkarrizketa egingo diote, Gazako Zerrendan bizi den egoera azaldu dezan.
Europako buruzagiek su-etena eskatu diote Trumpi, ostiralean Putinekin Alaskan egingo duen bileraren abiapuntu gisa
Macronen arabera, AEBko presidenteak bideokonferentziaz baieztatu die NATO ez dela Ukrainaren segurtasun bermeetan inplikatuta egongo. Gainera, Frantziako presidenteak azaldu du Trumpek bermatu diela Zelenskik bakarrik negoziatuko dituela Ukrainak Errusiari lagako omen dizkion lurraldeak.
Netanyahuren aurkako epaiketari azaroaren 2an helduko diote berriro, hainbat saio bertan behera geratu ostean
Israelgo lehen ministroak, funtzionario-eroskeria, iruzur eta konfiantza-abusu delituak leporatuta, astean hiru aldiz agerraldia beharko du data horretatik aurrera. Netanyahu Israelen historian jardunean dagoela epaitzen duten lehen gobernuburua da.
EBk negoziazioetan Ukrainak duen papera aldarrikatu du eta Errusia ohartarazi du, Hungariak sinatu ez duen mezu batean
"Ukrainako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko askatasuna izan behar dute. Ukrainako bake-bidea ezin da Ukraina gabe erabaki", ohartarazi dute, eta su-etena ezinbestekoa dela edozein aurrerapauso egiteko.
Trumpek beste 90 egunez luzatu ditu Txinarako muga-zergak
Txinako Merkataritza Ministerioak baieztatu duenez, Trumpen agindu exekutiboa baino apur bat lehenago, AEBren "ahaleginak" espero zituen "berdintasunean, errespetuan eta elkarrekiko onuran oinarritutako emaitza positiboa" lortzeko.
Trumpek Armada zabalduko du Washingtonen, eta Poliziaren kontrola bereganatu du
Agintari errepublikanoak krimenengatik kontroletik kanpo dagoen hiriburu baten irudia marraztu du Etxe Zurian egindako agerraldian. Hilketak "munduko okerrenak" diren lekuetan, Bogotan eta Mexiko Hirian, esaterako, baino askoz gehiago direla adierazi du.
Duela 66 urte Antartikan desagertutako zientzialari baten gorpua aurkitu dute
Gorpuzkiak Dennis "Tink" Bell meteorologoarenak dira, 1959an pitzadura glaziar batera erori zen 25 urteko britainiar meteorologoarenak.