Ukrainak neurri batzuk baimendu ditu 'mehatxu terrorista gainditzeko'
Oleksander Turchinov Ukrainako bitarteko presidenteak “Ukrainaren lurralde-segurtasuna mantentzeko eta mehatxu terrorista gainditzeko larrialdiko neurriak” hartzeari buruzko Segurtasun eta Defentsa Nazionaleko Kontseiluaren erabakia onartzen dekretua aldarrikatu du, astelehen honetan, Rada prentsa zerbitzuak jakitera eman duenez.
Parlamentuaren oharraren arabera, argitaratzen den unean sartuko da dekretua indarrean.
Gerra zibilaren arriskua
Gerra zibila bat pizteko arriskua areagotuz doa Ukrainan orduek aurrera egin ahala. Dagoeneko bukatu egin da Kievek herrialdearen ekialdean protestak egiten ari diren Errusiaren aldekoei emandako epea eta Errusiaren aldeko ekintzaileek Gobernuko eraikinak hartzen eta manifestazioak eta protestak egiten jarraitzen dute.
Oleksander Turtxinov Ukrainako behin behineko presidenteak "terrorismoaren kontrako operazioa" batera egitea proposatu dio NBEri, Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarekin izandako elkarrizketa batean.
"Ukraina kontra baino, ekialdean terrorismoaren kontrako operazio bat egitearen alde dago, zuen (NBEren) laguntzarekin", esan du Trutxinovek, Ukrainako Lgebiltzarreko prentsa bulegoaren arabera.
Bestalde, Slaviansken dauden Errusiaren aldeko ekintzaileen liderrak lagutza eskatu dio Kremlini "Donetsk-eko Herri Errepublika"ren izenean, Ukrainako Gobernuko indarrengandik.
Slaviansken egindako prentsaurreko batean, Errusiaren aldeko ekintzaileen buruak Vladimir Putin Errusiako presidenteari "berak prozesua" zuzentzeko eta "ahal duen guztian" laguntzeko.
Eraikinak hartzen jarraitzen dute
Izan ere, Errusiaren aldeko zenbait ekintzailek Barne Ministerioak Gorlovka hirian duen egoitza hartu dute, Donetsk eskualdean, Ukrainaren Gobernuaren kontra erreboltak hasi diren lekuan. Arratsaldean, udaletxea hartu dute, eta milizien herri autodefentsako kide bat izendatu dute alkate berri.
Halaber, Slaviansken Errusiaren aldeko ekintzaileen buruek Errusiako Gobernuari laguntza eskatu dio, Ukrainako Gobernuko indarren aurrean babesteko.
Bertoko hedabideek zabaldu duenez, eraikinaren ondoan armen hotsak entzun dira, antza barrualdean zeuden poliziek ekintzaileen kontra egindakoak. Momentuz ez dute zabaldu zauriturik dagoen.
Bitartean, polizia talde batek eraikinaren barrualdean jarraitzen du, handik 40 kilometrora dagoen hiri batetik etorri behar diren beste agenteen zain.
"Korridore! Korridore! Korridore!", esan diete Errusiaren aldekoek eraikinaren barruan zeudenei, pertsonez osatutako korridore batetik irten zezaten.
Besteak beste, ekintzaileek Udaltzaingoko polizia-burua aldatzeko eskatu dute, hiriburutik agintzen dietenari men egin ez diezaioten.
Misil jaurtiketa
Errusiako indar estrategikoek RS-24 Yars motako misil interkontinental bat jaurti dute (SS-29 bat, NATOren sailkapenaren arabera), Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri duenez.
"Jaurtiketa 10:40an egin da (08:40an Euskadin)", esan du Igor Jegorov Defentsako bozeramaileak, bertoko agentziek aipatu dutenez.
Jegoroven esanetan, proba "antzeko mota bateko misil sorta bat konprobatzeko" egin dute jaurtiketa.
Misilak buru nuklearrak eraman ditzake; Plesetsk Errusiako ipar-ekialdean dagoen hiritik jaurti dute.
EBk zigor indibidualak zabaltzea adostu du
Egoera honen aurrean, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek "Ukraina ekialdeko herrialdeetan armatuta zihoazen pertsonek bultzatutako ekintzak" gaitzetsi dituzte. Halaber, pertsonen "zerrenda zabaltzea" adostu dute, aktiboak bere horretan utziz eta bisak debekatuz.
EBk Errusiari esplizituki Ukrainako ekialdeko herrialdeetan nagusi diren indarkeria-ekintzak leporatzea ekidin du, baina "Ukraina ezegonkortzeko saiakera horiek amaierara iritsi behar" dutela nabarmendu du. Horrez gain, elkarrizketako alde guztiei erregutu diete, irtenbide baketsu bat lortzeko.
Errusia, erasoen erantzule, dio NBEk
Mendebaldeko herrialdeek Ukrainako ekialdean jazo diren azken mugimenduak eragin izana egotzi diote Errusiari, NBEren Segurtasun Kontseiluak bart egindako bilera batean. Kieveko Gobernuak ultimatuma betetzen badu, gerra zibila pizteko arriskua izango dela ohartarazi du Moskuk.
"Ordu batzuen buruan, auziak norabide aldaketa atzeraezina izan lezake", nabarmendu du Vitaly Txurkin Errusiak Segurtasun Kontseiluan duen enbaxadoreak.
Errusiazaleek hainbat eraikin ofizial okupatu dituzte Ukrainako ekialdean, baina Txurkinek ukatu egin du Mosku horren sustatzailea dela. Errusiako Gobernuaren helburu bakarra gatazka baretzea dela gaineratu du.
Errusiako enbaxadorea AEBri eta mendebaldeko herrialdeei zuzendu zaie, eta Kieveko Gobernuaren ultimatuma betetzea galarazteko deia egin die. Izan ere, Ukrainak gaur goiza arteko epea eman die errusiazaleei armak uzteko, eta, hala egin ezean, Armada bidaliko duela ohartarazi du. Epe hori 08:00etan bukatu da.
Moskuren esanetan, Ukrainako ekialdean herritarrak protesta egiten ari dira, eta mendebaldeari dagokio "gerra zibila piztea saihestea".
Bestalde, AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak Krimeako estrategia Ukrainako ekialdean ere abiatzea egotzi diote Errusiari.
Juri Sergeiev Ukrainako ordezkaria urrunago joan da, eta herrialdeko ekialdeko gatazka "Errusiak zuzendutako operazio terrorista bat" dela salatu du.
Sergeievek ohartarazi duenez, Kieveko Gobernuak galarazi egingo du Krimeako gatazka errepikatzea, eta astelehen honetan protestak amaitu ezean, erantzun armatua emango dutela aurreratu du.
Albiste gehiago mundua
Trumpek eta Putinek bilera egingo dute ostiral honetan Alaskan, Ukrainan su-etena lortzeko asmoz
AEBko presidenteak esan du % 25eko aukera dagoela bilerak arrakastarik ez izateko; Kremlinak, berriz, ohartarazi du ez dela aurreikusten akordio formalik sinatzea. Aurrerapenik ezean, Moskuren aurka zigor berriak ezarriko dituela ziurtatu du Trumpek.
Ia 40 pertsona hil dira Kaxmirren izandako uholdeetan, Indian
Gutxienez 38 pertsona hil eta 100 zauritu dira Indiako Jammu eta Kaxmir estatuan izandako euri-jasek eragindako uholdeetan. Erreskate talde ugari mobilizatu dira hondakinen artean harrapatuta egon daitezkeen edo korronteak eraman dituen biktimak aurkitzeko. Gunerik kaltetuenetako bat Chositi izan da. Ur-uholdeek kalteak eragin dituzte etxebizitzetan eta ibilgailuetan. Era berean, uholdeek suntsitu egin dituzte Kishtwar barrutiko Machail Mata santutegia urtero bisitatzen duten erromesentzako kanpin-dendetan jarritako aldi baterako sukaldeak.
Palestinako Aginte Nazionalak nazioarteko laguntza eskatu du Zisjordania hautsiko lukeen proiektuaren aurrean
Benjamin Netanyahuk "Israel Handiari" buruz berriki egindako adierazpenak berresten du plan horrek. Zisjordaniaz eta Gazako Zerrendaz gain, Egipto eta Jordaniako lurraldeen zati bat barne hartuko lituzke, besteak beste.
UEFA, Israelen aurka: "Utzi haurrak hiltzeari, utzi zibilak hiltzeari"
Bi haur errefuxiatu palestinar Paris Saint-Germain eta Tottenham taldeen arteko UEFAko Superkopako finalean izan dira, Aleksander Ceferin UEFAko presidentearekin batera.
Trump Putinengana hurbiltzen saiatuko da Alaskan, Ukrainari buruzko konpromiso irmorik hartu gabe
Ostiraleko bileran (19:30 GMT orduan izango dena, Euskal Herriko 21:30ean) ez da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea izango. Donald Trumpek eta Vladimir Putinek agerraldia egingo dute hedabideen aurrean bileraren amaieran.
Aitor Zabalgogeazkoa (MSF): "Gazako janari banaketa sistema berria basakeria bat da"
Aitor Zabalgogeazkoak zortzi aste egin ditu Gazan Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen larrialdietako koordinatzaile bezala lan eginez. Bere hitzetan, 22 hilabeteren ostean, "jendeak esperantza galdu du eta gosetea gero eta handiagoa da". Zabalgogeaskoak gertutik bizi izan du Israelek eta AEBk babesten duten janari banaketa puntuetan gertatzen dena. "Egunero egoten dira hildakoak eta zaurituak" eta askok buruan eta bularrean jasotzen dituztela tiroak adierazi du "Gaur Egun" albistegian egindako elkarrizketan.
Hogeita hamar bat kazetarik protesta egin dute Tel Aviven kazetari gazatarren hilketaren aurka
"Utzi Gazan kazetariak hiltzeari", irakur zitekeen, ingelesez, arabieraz eta hebreeraz idatzitako pankarta batean. Kazetariak ordu erdiz egon dira bilduta Israelgo Kazetarien Elkarte Nazionalaren egoitzaren atarian isiltasunean.

Gutxienez 26 pertsona hil dira Lampedusako kostaldean, ontzi bat hondoratuta
Desagertuen bila jarraitzen dute; izan ere, 95 bat migratzaile zihoazen goizaldean Tripolitik (Libia) abiatu diren bi ontzitan. Horietako batean ura sartzen hasi da, eta, ondorioz, pertsonak bestean ontziratu dira. 60 inguru erreskatatu dituzte.
Aitor Zabalgogeazkoa Gazatik itzuli berri da eta Zerrendako egoera "inoiz baino okerragoa" dela uste du
Bilbon komunikabideekin egindako topaketa batean, 2012ra arte Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko zuzendari nagusi izan denak eta gaur egun larrialdietako koordinatzailea den Aitor Zabalgogeazkoak Gazan eman dituen azken zortzi asteak deskribatu ditu. Gaur gauean, "Gaur Egun" albistegian elkarrizketa egingo diote, Gazako Zerrendan bizi den egoera azaldu dezan.
Europako buruzagiek su-etena eskatu diote Trumpi, ostiralean Putinekin Alaskan egingo duen bileraren abiapuntu gisa
Macronen arabera, AEBko presidenteak bideokonferentziaz baieztatu die NATO ez dela Ukrainaren segurtasun bermeetan inplikatuta egongo. Gainera, Frantziako presidenteak azaldu du Trumpek bermatu diela Zelenskik bakarrik negoziatuko dituela Ukrainak Errusiari lagako omen dizkion lurraldeak.