Terrorismoaren kontrako operazioa abiarazi dute Ukrainan
Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak iragarri duenez, Ukrainak terrorismoaren kontrako operazio bat abiarazi du Slaviansk hirian (Ukraina hego-ekialdean), larunbatean errusiazale armadun batzuek hiriko polizia-etxea hartu eta Errusiako bandera udaletxean jarri ondoren.
Gobernuak abiatutako "terrorismoaren kontrako" operazioan, Ukrainako Segurtasun Zerbitzuetako agente bat hil da eta beste bost zauritu dira, Kieveko Barne ministroaren esanetan.
"Operazioa Ukrainako Segurtasun Zerbitzuek zuzentzen dute", idatzi du Barne ministroak Facebooken, eta gaineratu du herrialdeko indar armatu guztietako unitateek parte hartu dutela bertan.
Atzo Ukrainako Defentsa eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak errusieraz hitz egiten den eremuetako krisiaren inguruan eztabaidatzeko deitu zuen urgentziazko bileraren ondoren egin ditu iragarpen horiek Avakovek.
Egoera bereziki larria da Donetsk eskualdean. Slavianks hiria, ia 120.000 mila biztanlekoa, eskualde horretan dago.
Errusiak, bestalde, Ukrainaren operazioa "agindu kriminal bat" dela esan du.
Armak uzteko astelehenera arteko epea
Oleksandr Turtxynov Ukrainako behin-behineko presidenteak asteleneheko 09:00ak arteko epea (08:00, Espainian) eman die errusiazaleei armak utzi eta amore emateko. Turtxynovek esan du ez dutela beste Krimea bat onartuko; alegia, ez dutela utziko Ukraina ekialdea Errusiara batzea, eta armekin erantzuteko prest daudela.
Premiazko bilera
Ukrainako egoera aztertzeko premiazko bilera deitu du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. New Yorken igandeko arratsaldeko zortziak (Euskal Herrian, goizaldeko ordu biak) direnean hasiko dute bilera.
Gerra Zibila
Errusiak adierazi du mendebaldearen esku dagoela Ukrainan gerra zibila ekiditea.
Errusiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak komunikatu batean proposatu du NBEk eta Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak "urgentziaz" azter dezatela eskualde horietako krisia.
Errusia, "arerio"
Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Politiken egunkarian idatzitako artikulu batean esan duenez, Errusiak "arerioa balitz bezala hitz egiten eta jokatzen du".
Rasmussenek "Ukrainako muga ondoan Errusiako milaka tropa gerrarako prest" egotea kritikatu du, eta gaineratu du Mosku "Gerra Hotza bukatu zenetik ikusten ez genuen moduko propaganda-guda" egiten ari dela.
Errusiak Ukrainan erakutsitako jokabideak Mosku "isolatu egin du munduan" eta "bere sinesgarritasuna kolokan jarri du", azpimarratu du.
"Probokazioak eten"
Eskualdeko hiriburuan, Donetsk hirian, errusiazaleek Gobernuaren egoitza hartu zuten orain astebete, eta atzo Barne Ministerioko Eskualde Departamentuko egoitza hartu zuten.
Andrei Desxitsa Ukrainako Kanpo Arazoetarako ministroak "Moskuk probokazioak bertan behera uzteko" eskatu zion Sergei Lavrov Errusiako homologoari.
Kieven arabera, "probokazio horien helburua" da Ukraina, Errusia, Europar Batasuna eta Amerikako Estatu Batuetako diplomaziaren buruek Genevan egin nahi duten "bilera zapuztea".
John Kerry AEBko Estatu idazkariak atzo Moskuri ohartarazi zion "ondorioak" izango direla Errusiak tentsioa baretu ezean.
NBE, irtenbide baketsuaren bila
"Ukrainak bizi duen egoeraren aurrean", elkarrizketarako deia egin du Ban Ki-Moonek, eta gaineratu du gatazka ez dela bi aldeetako inoren mesedetan.
Horrez gain, tentsioa baretzeko eta "desberdintasun guztiez eztabaidatzeko", "urgentziazko elkarrizketa eraikitzailea" egiteko eskatu du. NBE irtenbide baketsu bat lortzeko lan egiteko prest dagoela azpimarratu du.
Mariupol ere hartuta
Errusiaren aldeko zenbait manifestarik Mariupol hiriko udaletxea hartu dute, Donetsk eskualdean, Ukrainako hegoaldean, zenbait hedabide digitalen arabera.
"Donetskeko Errepublika" sortzearen aldeko ekitaldi politiko baten ostean hartu omen dute udaletxea.
LB.ua hedabide digitalak jasotzen duenez, maskarak jantzita zeramatzaten manifestari batzuk eraikin barrura sartu dira, leiho batzuk apurtu ostean, eta bandera ukrainarrak kendu eta Donetskeko banderak jarri dituzte.
Errusiazaleek udaletxetik altzariak atera dituzte eta barrikadak egin dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
500 kolono israeldar inguru sartu dira Al Aksa meskitara juduen Urteberriko ospakizunetan
1967tik indarrean dagoen statu quoaren arabera (Israelek Ekialdeko Jerusalem okupatu zuenean), esparru hori musulmanen gurtzarako baino ez da, eta juduak bisitari gisa baino ezin dira sartu.
Zentro-ezkerreko oposizioaren edo egungo eskuineko gobernuaren artean erabakiko dute gaur Suediarrek
Zentro-ezkerrekoak faborito dira inkestetan, alde txikiarekin. Azkenean, eskuinak irabaziko balu, ultraeskuina sar daiteke gobernuan.
Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako liderrek independentziaren aldeko memorandum bat sinatuko dute
Trumpek Irlandaren bateratzea laster gertatuko dela esan eta biharamunean iritsi da iragarpena. AEBko presidentearen adierazpenak oso kritikatuak izan dira Erresuma Batuan.
Ukrainak eta Errusiak elkarri eraso diote: bi pertsona hil eta dozenaka zauritu dira
Ukrainako indarrek Errusia ipar-mendebaldean eragin dituzte bi heriotzak, Nizhnekamsk udalerrian. Moskuk droneak erabiliz eraso dio Kievi, eta gutxienez bost lagun zauritu ditu. AEBren arabera, baina, bi herrialdeek nahi dute gatazka konpondu.
Trumpek esan du "gustatuko" litzaiokeela Irlanda batzea: "Lehenago edo geroago gertatuko da"
Irlandan dago egunotan AEBko presidentea, eta bertan egin ditu adierazpen polemiko horiek. Erreakzioak erreskadan etorri dira.
BRICSeko herrialdeek Ekialde Hurbilean neurriz jokatzea eta alde bakarreko zigorrak baztertzea erabaki dute
Indian bilduta, herrialde horiek 140 puntuko adierazpen zabal bat adostea lortu dute, eta, besteak beste, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, "merkataritzaren eta energiaren fluxua babesteko".
Saudi Arabiak Ekialde-Mendebaldeko oliobidea itxi du, hainbat eraso jasan ostean
Azpiegitura hori da merkatu globalak hornitzeko bide nagusia Ormuzko itsasarteko egungo tentsio egoeran; egunean zazpi milioi upel petrolio gordin garraia ditzake.
Ramon Aizarnak 300 metrora bizi izan zituen 2001ean I-11ko atentatuak: "Ikusitako guztiaren inpaktua bizitza osorako izango da"
Ramon Aizarna gipuzkoarrak, AEBn bizi den euskaldunak, World Trade Centerrera begira zegoen loft batetik ikusi zituen I-11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak. Une hartan bertan gertatzen ari zena zuzenean kontatu zuen ETBrentzat. 25 urte geroago, berriro hitz egin dugu berarekin, historia aldatu zuen egun tragiko hura berarekin gogoratzeko.
Emma Bonino hil da, Kontsumo, Arrantza eta Laguntza Humanitarioko Europako komisario ohia, 78 urte zituela
Eragin handiko politikari italiarra izan zen. Eskubide zibilen alde borrokatu zen bere ibilbide osoan (Italian abortua legeztatzearen alde, besteak beste), eta europazale sutsua izan zen.
Albiste izango dira: I-11ko atentatuen 25. urteurrena, PISA txostenaren analisia eta Kataluniako Diada
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.