"Persiar golko osoan" minak jarriko dituela mehatxu egin du Iranek, AEBk inguru horretako uharteetan erasoa jotzen badu
Irango Guardia Iraultzaileak entzungor egin dio Trumpen mehatxuari. AEBk zentral elektrikoen kontra egiten badu, “modu berean” erantzungo duela adierazi du Guardiak.
Iranek Persiar golkoko sarbide eta komunikazio bide guztietan minak jarriko dituela mehatxu egin du, Ameriketako Estatu Batuek Irango ezein uharteren aurka erasoa jotzen badute. Izan ere, Trumpek Irango petrolio-gune nagusia den Kharg uhartea inbaditzea darabil buruan.
"Etsaiak Irango kostalde zein uharteen kontrako erasoak egiten saiatzen badira, Persiar golkoko eta kostaldeetako sarbide eta komunikazio bide guztietan minak jarriko ditugu", ohartarazi du Irango Defentsa Kontseiluak.
Iranek “modu berean” erantzungo du, AEBk zentral elektrikoen kontra egiten badu
Irango Guardia Iraultzaileak ukatu egin du eskualdeko zentral elektrikoen aurka egiteko asmorik duela, baina ohartarazi du "modu berean" erantzungo duela AEBk Islamiar Errepublikaren instalazioei eraso egiten badie.
“Iranek erantzun egingo du, erregimen okupatzailearen zentralak eta AEBren baseak argindarrez hornitzen dituzten instalazioak, azpiegitura ekonomikoak, industrial eta energetikoak kolpatuz”, adierazi du Guardia Iraultzaileak Tasnim albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera.
Asteburuan Donald Trumpek mehatxu egin zion Irani azpiegitura energetikoei eraso egingo ziela, 48 orduko epean Ormuzko itsasartea erabat ireki ezean. Ultimatuma astelehen gauean amaituko da.
Iranek entzungor egin die mehatxuei, eta ohartarazi du AEBk esandakoa betetzen badu erantzun egingo duela.
"Edozein mehatxuri maila berean erantzuteko prest gaude, eta horrela egingo dugu. Estatu Batuek ez dakite zenbaterainoko gaitasuna dugun", nabarmendu du Guardia Iraultzaileak. Halaber, gogorarazi du gatazka ez duela Iranek hasi.
Astelehen gauean amaituko da Ormuzko itsasartea irekitzeko AEBk Irani emandako epea. Iran eta Oman arteko itsasarte horretatik igarotzen da munduan ekoizten den petrolioaren % 20 baino gehiago, eta itxita dagoenetik petrolioaren prezioa izugarri igo da.