AEBk eta Iranek elkarri eraso egin dioten arren, su-etenak indarrean jarraitzen duela ziurtatu du Trumpek
AEBko presidentearen arabera, bere Administrazioak Iranekin "negoziatzen" jarraitzen du Ekialde Hurbileko gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko. Iranek, bere aldetik, "garaipena laster" ospatuko duela iragarri du, eta, aldi berean, Ormuzko itsasartearen "jabetza" aldarrikatu du.
Ameriketako Estatu Batuetako itsas armadako ontzi bat. Artxiboko argazkia: Centcom
Azken orduetan Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eta Iranen arteko tentsioak nabarmen gora egin du Ormuzko itsasartean, aldeek elkarri eraso egin ostean. Iranek su-etena urratzea leporatu die Estatu Batuei, Donald Trump AEBko presidenteak su-etenak indarrean jarraitzen duela ziurtatu duen bitartean. Hain justu, gaur duela hilabete hasi zen su-etena.
AEBko eta Irango indar armatuek elkarri leporatzen diote lehen erasoa egin izana, eta giro horretan zaila dirudi bake elkarrizketek aurrera egitea.
Trumpen arabera, AEBko Armadako hiru ontzik Ormuzko itsasartea gurutzatzea lortu dute Irango indarrek eraso egiten zieten bitartean, eta ez da inor zauritu. Presidente estatubatuarrak harro esan du Irango indarrak "umiliatu" dituztela.
Halaber, Trumpek esan du bere Administrazioak Iranekin "negoziatzen" jarraitzen duela Ekialde Hurbileko gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko. "Irandarrekin negoziatzen ari gara", adierazi du agintari estatubatuarrak hedabideen aurrean.
Irango Armadak ostiral goizaldean salatu duenez, Ameriketako Estatu Batuek su-etena urratu dute Ormuzko itsasartean bi ontziri eraso eginda. Horren aurrean, ontzi estatubatuarren aurka misilak jaurti dituztela onartu du.
Mohamed Reza Aref Irango presidenteordeak, bere aldetik, "garaipena laster" ospatuko dutela iragarri du, eta, aldi berean, Ormuzko itsasartearen "jabetza" aldarrikatu du.