"Europa norabide bila" erreportaje-sortak kontinentearen egoera aztertuko du, egungo agertoki geopolitiko nahasian
Aldaketak etengabe ari dira gertatzen taula geopolitikoan, eta Europa norabide bila dabil. Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arlo-buruak zuzendu duen erreportaje-sorta berriak Europak aurrean dituen erronkak aztertu ditu, egungo bidegurutze geopolitikoan. Gaurtik aurrera izango da ikusgai.
Egungo potentzien lehia handiaren testuinguruan, Europa bere bidea aurkitu nahian ari da. Aldaketak etengabe ari dira gertatzen taula geopolitikoan. AEBren, Errusiaren eta Txinaren arteko lehia mundu mailako hamaika agertokitara hedatzen ari da, eta ondorio lazgarriak dakartza. Baliabideen gaineko borroka, halaber, gero eta gordinagoa ari da izaten. Eta, aldi berean, barne desadostasunek eta interes nazionalen arteko talkek zaildu egiten dute estrategia bakar eta sendo bat eraikitzea.
Testuinguru honetan, Europaren Egunarekin bat eginez, EITBk Europa norabide bila dokumental sorta argitaratuko du, gaurtik aurrera. Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arlo-buruak zuzendu du erreportaje-sorta, eta helburua da Europaren egoera azaltzea bidegurutze une honetan: “Europa norabide bila dabil, eta guk norabide hori zein den azalduko dugu”.
Energia-mendekotasuna: Ekoizten duena baino gehiago inportatzen du Europak
Sortako erreportajeek gai bana hartuko dute hizpide, horren gaineko xehetasunak azaltzeko. Energia-mendekotasunaren afera da horietako bat. Europar Batasunaren energia-mendekotasuna agerikoa da oraindik ere. Ekoizten duena baino energia gehiago inportatzen du Europak. Kontsumitzen duen energiaren % 57 kanpotik dator, eta % 43 baino ez da bertan ekoizten.
Petrolioa da inportatzen den energia-iturri nagusia: Europaren energia-inportazio guztiaren ia bi heren. AEB eta Norvegia dira europarron hornitzaile nagusiak; atzerago Persiar golkoko herrialdeak datoz.
Gas naturalari dagokionez ere, Europak kontsumitzen duenaren zatirik handiena kanpotik dator. Gas natural likidotua Estatu Batuetatik iristen da, batik bat. Eta gasbideen bitartez heltzen den gasa, berriz, Norvegiatik dator batez ere. Aljeria eta Errusia ere hornitzaile garrantzitsuak dira. Ikatzari erreparatuz, Australiatik inportatzen da batez ere.
Europan bertan ekoizten den energiari dagokionez, berriztagarriek pisu handia hartu dute. Eguzki-energiak, eolikoak edota hidroelektrikoak, berbarako, ekoizpen osoaren % 48 hartzen dute gaur. Lehen aldiz, Europan bertan ekoitzitako erregai fosilak —ikatza eta gasa— gainditu dituzte. Hala ere, ikatzak oraindik EBko energia-ekoizpenaren % 15 osatzen du, eta nuklearrak % 28 hartzen du.
Hortaz, mendekotasun ikaragarria du oraindik ere, eta horrek zeharo baldintzatzen du Europar Batasunaren portaera geopolitikoa.
Europa mailako arazo horren adibide esanguratsua Frantzian aurki daiteke. Han, energia nuklearraren inguruko eztabaida pil-pilean dago berriz ere, eta jarrera kontrajarriak eragin ditu. Horixe da ‘Europa norabide bila’ erreportaje-sortak aztertu duen gaietako bat, Xabier Ormazabal Parisko berriemailearen eskutik.
Segurtasuna eta Defentsa: AEBren itzala
Defentsari eta Segurtasunari dagokionez ere, mendekotasuna oso nabarmena da. II Mundu Gerraren osteko testuinguruan du jatorri. Alemania eta Italia galtzaile atera ziren, eta AEBk militarki okupatu zituen. Estatubatuarren base militar nagusia Europar Batasunean Alemanian dago: Ramstein deitzen da.
Horrekin batera, Sobietar Batasuna erori zenetik, AEBko soldaduen presentzia 17 estatutara zabaldu zen. Gaur, 100.000 soldadu estatubatuar inguru daude Europan, baita armak, hegazkinak eta ibilgailu militarrak ere. Eta 100 buru nuklear ere badaude, kontinente osoan zehar. Ekialderantz begira.
AEBren eragin horrek erabat markatzen du Europaren estrategia defentsari dagokionez. Azken urteetan, baina, errealitate berri batek baldintzatu du Europaren posizioa: Ukrainaren inbasioa.
AEBk eta NATOk gastu militarra handitzeko eskatu diote Europar Batasunari. Era berean, Europak autonomia handiagoa nahi du, eta askok uste dute gastu militarra areagotzea dela horretarako bide bakarra. Azkenik, zenbait buruzagik eta korporaziok uste dute industria militarrean inbertitu behar dela ekonomia suspertzeko.
Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak norabide kezkagarria ezarri du: ongizate-estatuaren murrizketa zorrotza iragarri du, defizita gutxitu eta berrarmatzea finantzatzeko. Orokortuko al da norabide hori?
Merkataritza aliantzak: ezinezko oreka
Merkataritza arloko aliantzena gai bereziki korapilatsua da Europan, zuzenean eragiten baitu ekonomian, segurtasunean eta nazioarteko eragin gaitasunean.
Kanpo merkataritzaren arloan ere Europar Batasunaren mendekotasuna handia da, bai produktuak esportatzeko, bai lehengaiak, energia eta teknologia eskuratzeko. Potentzien arteko lehia gero eta nabarmenagoa den testuinguruan, Europak bere harreman ekonomikoak orekatu nahi ditu, autonomia estrategikoa galdu gabe eta beste potentzien interesen mende geratu gabe.
Lehia geopolitiko biziko testuinguru honetan, Europar Batasunak merkataritza-aliantzen estrategia indartu du azken urteotan. Bruselak akordioak sustatu ditu Mercosur, Australia eta Indiarekin, merkatuak dibertsifikatzeko eta kanpo-menpekotasunak murrizteko helburuz.
Merkataritza-harremanak barne tentsioen iturri handi bihurtu dira. Batetik, eragin ikaragarria izan dezaketelako nekazaritza, industria eta bestelako sektore estrategikoetan. Bestetik, kideen artean Europak izan behar duen merkataritza-irekieraren inguruan dauden desadostasunak agerikoak direlako.
Estatu kide guztiek ez dituzte lehentasun ekonomiko berdinak, ezta merkatu jakin batzuenganako mendekotasun bera ere. Eta arrakalak nabarmenak dira: Estatu batzuek AEBrekiko loturak sendotzearen alde egiten dute; beste batzuek, berriz, Txinarekin zein garabidean dauden beste eragile batzuekin harreman irekiagoak izan nahi dituzte.
Zatiketa politikoaren arazoa
Testuinguru honetan, zatiketa politikoa Europar Batasunaren oztopo nagusietako bat da, era bateratuan eragin dezan potentzien arteko lehia horretan. Barne desadostasunek eta estatuen interes nazionalen arteko talkek zaildu egiten dute estrategia komun bat eraikitzea, batez ere kanpo politikan, segurtasunean eta nazioarteko krisien kudeaketan.
Estatu kideek erakundeak partekatzen dituzte, baita balio batzuk ere. Alabaina, bakoitzak bere interes ekonomikoak, energetikoak zeim geopolitikoak lehenesten jarraitzen du. Eta horrek mugatu egiten du mundu mailako erronken aurrean erantzun bateratua emateko gaitasuna.
“Ez dago tresnarik, ez dago ahots bakarra egoeraren aurrean erantzun bat emateko”, azaldu du Reparazek. Mundu mailako potentzia ekonomiko moduan aitortua bada ere, ez du potentzia gisa jarduten.
Zipren berriki egin den Europako buruzagien goi-bilerak berriro ere agerian utzi du Europar Batasunaren baitan dagoen zatiketa politikoa. Arazoa, gainera, oso agerikoa egin da Palestinako genozidioaren eta Irango bonbardaketen aurrean: Estatuak ez dira posizio bateratua adosteko gai izan.
Europar Batasunaren erabaki-mekanismoei buruzko eztabaidak bizirik jarraitzen du. Batzuek, aho batez erabakitzen jarraitu behar dutela defendatzen dute; beste batzuk, aldiz, gehiengoz erabakitzearen aldekoak dira.
Edonola ere, nazioarteko taula astintzen duten gertakarien aurrean ezinetik begiratzen duen eragile gisa agertzen da Europa. Eta hor agertzen da zalantza: Gai izango al da barne zatiketak gainditu eta modu koordinatu eta eraginkorrean aritzeko?
Erronka berriak pilatzen ari diren honetan, Europak oraindik ez du argitu zer rol jokatu nahi duen mundu mailako lehia berrian. Norabide bila ari da. Eta horixe da, hain zuzen ere, EITBk landutako erreportaje-sortak azaleratu nahi duena.
Zure interesekoa izan daiteke
Zergatik eman du dimisioa Keir Starmerrek? Hauek dira kolokan utzi zuten polemikak
Agintariaren dimisioaren ondorioz, Erresuma Batuak zazpigarren lehen ministroa izango du hamar urtean.
Keir Starmerrek Erresuma Batuko lehen ministro kargua utziko duela iragarri du
Ordezkoa bilatzeko prozesua uztailaren 9an hasiko da, eta egun horretatik aurrera hautagaitzak aurkeztu ahal izango dira alderdia zuzentzeko eta lehen ministro kargua lortzeko. Starmerrek adierazi du bere asmoa trantsizio ordenatu bat erraztea dela, eta erreleboa modu egonkorrean gertatzea.
Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak irabazi ditu Kolonbiako hauteskundeak, %1eko aldearekin
Hautagai ultraeskuindarrak 250.000 boto atera dizkio Ivan Cepeda ezkertiarrari bigarren itzuliko aurre-zenbaketan, eta oposizioak 33.000 mahai inpugnatu dituela iragarri du. Gustavo Petro presidenteak adierazi du oraindik ezin duela presidente berria izendatu.
Trumpen mehatxu berrien ostean, Iranek iragarri du eten egin dituela AEBrekiko negoziazioak, baina Qatarrek dio aurrera jarraitzen dutela
JD Vance AEBko presidenteordea ari da bilera horietan AEB ordezkatzen eta Trumpek ezer esan aurretik, elkarrizketetan "aurrerapauso handiak" eman dituztela adierazi du.
Iranek Libanon "arazoak" sortzen baditu, AEBk erasoei berrekingo diela ohartarazi du Trumpek
Irango Gobernuaren ordezkaritza bat eta AEBkoaren bat Suitzako bainuetxe batean elkartu dira, Teherango programa nuklearrari eta joan den astean adostutako bakerako memorandumari buruz hitz egiteko.
AEBren eta Iranen arteko bake-negoziazioak abian dira, Libanon, Ormuzko itsasartean eta garapen nuklearrean arreta jarrita
Negoziazioak ostiralean hastea espero zen, baina Iranek bertan behera utzi zituen egun horretan, Israelek Libanoko hegoaldean egindako erasoen ondorioz. Teheranek behin-behineko akordioa osorik betetzeko eskatu du, gerrari amaiera emateko.
Starmerrek Erresuma Batuko lehen ministro kargua utziko duela iragar lezake astelehen honetan
Maiatzeko udal hauteskundeetan laboristek nabarmen egin zuten behera, eskuin muturraren mesedetan. Lehen ministroak bere gain hartu zuen porrot horren erantzukizuna, eta bere irudia kolokan dago ordutik.
Inoizko hauteskunde polarizatuenen bigarren itzulia Kolonbian
Hauteskunde aurreko aurreikuspenen arabera, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak botoen % 50 inguru lor ditzake eta Ivan Cepeda ofizialistak, berriz, botoen % 44. Ikusteko dago iragarpenek asmatzen duten ala ez.
Iranek Ormuzko itsasartea itxi du, eta Trumpek ziurtatu du ez dutela bidesaririk ezarriko
Ekialde Hurbileko gerrari amaiera emateko ituna urratzea egotzi dio AEBri, baita Israelek Libanoko hegoaldean behin eta berriz su-etena urratu izanaren erantzukizuna ere. Abbas Araghtxi Irango Atzerri Gaietarako ministroa Suitzara joan da gaur, AEBri bake memoranduma bete dezala eskatzeko.
Israelek eta Hezbollah miliziak su-etena adostu dute, Israelgo hainbat hedabideren arabera
Hala ere, oraingoz, egoerak ez du baretzeko itxurarik Libanon. Azken orduotan, gutxienez 18 pertsona hil eta 30 baino gehiago zauritu ditu Israelgo Armadak Libano hegoaldean egindako bonbardaketen ondorioz.