'MV Hondius' gurutzaontzian hantavirus agerraldiak izan duen bilakaera: lehen kasuetatik, kontaktuen jarraipenera
Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi du geldialdietan gurutzaontzitik atera ziren bidaiarien eta haien kontaktuen jarraipena egingo duela. Dagoeneko jarri dira harremanetan geldialdi horiek egin ziren herrialdeetako agintariekin.
'MV Hondius' gurutzaontzia. Argazkia: EFE
Gaur bete da hilabete MV Hondius gurutzaontziko bidaiari bat hantabirus gaitzaren lehen sintomak izaten hasi zenetik. Ia lau aste geroago, maiatzaren 2an, jaso zuen Munduko Osasun Erakundeak (MOE) agerraldiaren jakinarazpena: denbora tarte horretan, hiru pertsona hil ziren, eta beste lau gaitzarekin kutsatuta zeudela baieztatu zen.
Halaber, gaur jakin da agerraldiaren berri izan aurretik ontzitik atera zen beste bidaiari batek ere positibo eman duela, Zuricheko ospitale batean (Suitza) egin dizkioten probetan.
Hantabirusak eragindako heriotzak
Beraz, orain arte baieztatutako datuen arabera, denera zortzi dira hantabirusak MV Hondius ontzian kutsatutako pertsonak, eta horietatik, hiru hil egin ziren. Gizonezko bat izan zen zendu zen aurrena. Sintoma arinak izaten hasi zen (sukarra eta buruko mina), baina okerrera egin eta barkuan bertan hil zen apirilaren 11n.
Haren emaztea da bigarren hildakoa. Santa Elena irlan jaitsi zen gurutzaontzitik, eta ordurako, sintoma arinak zituen. Johannesburgorako hegaldia hartu zuen, eta hiri horretan hil zen apirilaren 26an, ospitale batean. Antza, senar-emazteak Herbehereetakoak ziren.
Hirugarren heriotza, berriz, maiatzaren 2an izan zen. Barkuan egondako emakume bat zen, eta hura ere, ospitale batean hil zen. Ez dute zehaztu zein herrialdetan.
Kutsatutako gainerako pertsonak
Agerraldi honetan kutsatutako gainerako bost pertsonen egoerari dagokionez, larrien dagoena gizonezko britainiar bat da, ontziko medikua. Apirilaren 24an sukarrarekin eta arnasteko arazoekin hasi zen, eta 48 ordutan okerrera egin zuen bere egoerak.
Ascension irlan ontziak egin zuen geldialdian ebakuatu egin zuten, eta handik, Hegoafrikako ospitale batera eraman zuten. MOEren arabera, hobera egin du azken orduotan.
Gaixotutako beste hiru bidaiari Herbehereetakoak dira, eta, dagoeneko, herrialde horretara bidean dira. Han jasoko dute osasun-arreta.
Zortzigarren kasua, Suitzan
Azkenik, Suitzako Gobernuak gaur baieztatu duenez, hantabirus kasu bat atzeman dute herrialdean, eta gaixoa Zurichen ospitaleratuta dago. Agintariek zehaztu dute MV Hondius-en egona dela gizonezkoa, eta duela gutxi itzuli dela.
Iturriok gaineratu dute ez dagoela arriskurik herritarrentzat une honetan, eta egoera kontrolpean dagoela. Ohiko osasun-protokoloak aplikatu dituzte lagun gehiago kutsatzea saihesteko.
Kontaktuen jarraipena
Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi du geldialdietan gurutzaontzitik atera ziren bidaiarien eta haien kontaktuen jarraipena egingo duela. Dagoeneko jarri dira harremanetan geldialdi horiek egin ziren herrialdeetako agintariekin.
"Hainbat herrialderekin elkarlanean ari gara, gurutzaontzitik Santa Elenan jaitsi ziren bidaiariei jarraipena egiteko", esan du Maria Van Kerkhove MOEko Epidemia eta Pandemia Kudeaketarako zuzendariak.