'Agur Jaunak' doinuarekin agurtu dute Carlos Garaikoetxea lehendakaria Ajuria Enean
Ajuria Eneko hil-kapera itxi ondotik, hilkutxa Iruñeko hilerrira eraman dute, bere jaioterrira, eta bertan familia artean eman diote azken agurra demokrazia garaiko lehen lehendakariari.
AZKEN AGURRA
Carlos Garaikoetxearen hil-kapera itxi dute Ajuria Enean
'Agur Jaunak'en doinuekin agurtu dute Ajuria Eneako atarian Frankismo osteko lehen Lehendakaria izan zena, Imanol Pradales Lehendakaria eta senideak alboan zirela. Gorpua Iruñeko hilerrira eraman dute eta han ehortziko dute arratsaldean intimitatean.
Aitor eta Nagore Ardanza, Jose Antonio Ardanza lehendakari zenduaren seme-alabak, Garaikoetxearen familia agurtzera joan dira Ajuria Enera
Aitor Esteban: "Bere gobernuak gure autogobernuaren eta erakundeen oinarriak jarri zituen, oso denbora zailetan"
Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak Carlos Garaikoetxea lehendakariak garrantzi berezia izan duela azpimarratu du, bere gobernuak autogobernuaren eta erakundeen "oinarriak" jarri zituelako.
Jose Angel Iribar ere Carlos Garaikoetxearen hil-kaperan izan da
Alderdi politiko nagusietako ordezkari nagusiak, banan-banan, Carlos Garaikoetxearen familiari doluminak ematera sartu dira
ZUZENEAN | Carlos Garaikoetxeari agurra Ajuria Enean
Ajuria Eneko hil-kapera, zabalik
Carlos Garaikoetxearen hil-kapera 10:15etan ireki dute Ajuria Enean
Itxi dute Carlos Garaikoetxearen hil-kapera, Iruñean
Herritarren joan-etorria etengabea izan da gaur Iruñeko San Alberto beilatokian, Carlos Garaikotxea lehendakari zendu berriari azken agurra emateko. Dozenaka lagunek, senitartekok eta ordezkari politikok aho batez goratu dute haren ekarpena, eta bat etorri dira Euskal Herriaren historian ezinbestekoa izan dela esatean.
CARLOS GARAIKOETXEAREN HERIOTZA
Dozenaka lagun, senide eta ordezkari politiko hurbildu dira Garaikoetxearen hil-kaperara, azken agurra ematera
Ajuria Enean jarriko dute hil-kapera, 1980tik 1985era Carlos Garaikoetxea lehendakariaren egoitza ofiziala izan zen jauregian, 10:00etatik aurrera. Arratsaldean, Iruñeko San Frantzisko parrokian egingo da hileta-elizkizuna.
Hil-kapera, Ajuria Enean
Gaur Iruñeko San Alberto beilatokian egon ondoren, bihar Ajuria Enean jarriko dute Carlos Garaikoetxearen hil kapera, 10:00etatik 14:00etara. Aurretik, Imanol Pradales lehendakariak harrera egingo dio hilkutxari eta familiar jauregiaren atarian bertan.
Arratsaldean, hilkutxa Iruñeko Hilerrira eramango dute, eta han, etxekoek bakarrik agurtuko dute. Azkenik, hileta elizkizuna 19:30ean egingo da Iruñeko San Frantzisko parrokian.
Euskadiko Orkestrak Carlos Garaikoetxea omenduko du, gaur Baluarten eskainiko duen kontzertuan
Euskadiko Orkestrak minutu bateko isilunea egingo du gaur iluntzean Iruñeko Baluarten (19:30ean) eskainiko duen kontzertuan, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren omenez. Ohar batean gogoratu dutenez, Garaikoetxeak Euskadiko Orkestraren eraketan parte hartu zuen. "Euskadiko Orkestra izan zen 1982an Euskadi berri baten eraikuntzan sortu zen oinarrizko kultur proiektuetako bat", esan dute.
Eusko Legebiltzarrak Carlos Garaikoetxea gogoratuko du osteguneko osoko bilkuran
Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egingo du, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren omenez, datorren osteguneko osoko bilkuran.
Lehendakari ez ezik, legebiltzarkide ere izan zen 2001. urtera arte.
Maria Chivitek bihar Carlos Garaikoetxearen alde Iruñean egingo den hileta elizkizunean parte hartuko du
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi duenez, Maria Chivite presidenteak bihar (19:30) Iruñeko San Frantzisko parrokian egingo den hileta elizkizunean parte hartuko du.
Gaur ez da Iruñeko beilatokira joango, agenda arrazoiak tarteko, baina bihar hiletan parte hartuko du.
Imanol Pradales, lehendakaria: "Euskadik bere autogobernuaren arkitekto nagusia galdu du"
Imanol Pradales, lehendakaria: "Agur eta ohore, Carlos Garaikoetxea lehendakaria!"
Hitz hauekin amaitu du Imanol Pradales lehendakariak adierazpen instituzionala:
"Eskerrik asko zure herriari, Euskal Herriari, zure onena emateagatik.
Eskerrik asko sinesten zenuena defenditzeagatik.
Eskerrik asko bidea erakusteagatik.
Izan zinelako gara.
Agur eta ohore, Carlos Garaikoetxea lehendakaria!"
Imanol Pradales: "Euskadik lehendakari handi bat baino askoz gehiago galdu zuen atzo. Erreferente bat galdu zuen"
"Euskadik gure autogobernuaren arkitekto nagusia galdu zuen atzo", azpimarratu du Imanol Pradales lehendakariak.
Carlos Garaikoetxearen familiari eta gertukoei doluminak emanez hasi du adierazpen instituzionala Imanol Pradales lehendakariak
Minutu bateko isilunearekin hasi da Imanol Pradales lehendakariaren adierazpen instituzionala
Jarraitu, zuzenean, Pradales lehendakariaren adierazpen instituzionala, 11:30etatik aurrera
Imanol Pradalesek lehendakariak adierazpen instituzionala egingo du 11:30ean, Carlos Garaikoetxea lehendakaria hil eta biharamunean.
Carlos Garaikoetxearen hil-kapera ireki dute Iruñeko San Alberto beilatokian
10:30ean zabaldu dute Garaikoetxea lehendakariaren hil-kapera, Iruñeko San Alberto beilatokian eta 21:00ak arte egongo da zabalik.
Nafarroako Parlamentuak doluminak adierazi dizkio Garaikoetxearen familiari
Carlos Garaikoetxea lehendakariaren familiari doluminak adierazi dizkio Nafarroako Parlamentuak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan aurretik Nafarroako parlamentari izan zen urtebetez, 1979tik 1980ra.
Carlos Garaikoetxearen hil-kapera 10:00etan irekiko dute Iruñeko San Alberto beilatokian
Garaikoetxea lehendakariaren hil-kapera, Iruñean jarriko dute, San Alberto beilatokian, 10:00etatik 21:00etara. Irekiera 09:00etatik 10:00etara atzeratzea erabaki du familiak, San Alberto beilatokiko arduradunek Euskadi Irratiari jakinarazi dionez.
Espainiako presidenteak Carlos Garaikoetxea izan du gogoan
EBBk esan du Garaikoetxeak gidatu zuen Jaurlaritzak "erakundeen eta euskal autogobernuaren oinarriak jarri" jarri zituela
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) bere atsekabea adierazi du, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren heriotza eta, eta jeltzale guztien izenean, doluminak helarazi dizkie familiari.
Arratsaldean zabaldutako oharrean, EBBk nabarmendu du Garaikoetxeak gidatu zuen Eusko Jaurlaritzak ezarri zituela "gure erakundeen eta euskal autogobernuaren oinarriak, gaur egun, ongizatearen sinonimo direnak".
Garaikoetxea "garai zailetan ezina ekinez gainditu" zuen liderra izan zela nabarmendu du Pradalesek
Imanol Pradales lehendakariak Carlos Garaikoetxearen papera nabarmendu du, giza eskubideen eta justizia sozialaren defendatzaile eta "garai zailetan ezina ekinez gainditu zuen lider" gisa.
"Nafarra. Euskalduna eta abertzalea. Demokrata”. Pradalesek gogorarazi du Garaikotexea "euskal autogobernuaren eta ongizatearen arkitektoa" izan zela. Hala adierazi du lehendakariak mezu batean, eta pragmatikoa, ameslaria, zentzuduna, ausarta, karismatikoa eta talde-gizona dela azpimarratu du.
'Garaikoetxea, eraiki gabeko herrialdea' dokumentala, ETB2n
Gaur iluntzean, Teleberri albistegiaren ondoren, 'Garaikoetxea, eraiki gabeko herrialde' dokumentala emitituko dute ETB2 katean. Bertan, Carlos Garaikoetxea lehendakariak berak eta bere gobernukide nabarmenek egindako kontakizunaren bidez gogoratuko dute nola jarri ziren martxan erakundeak, nola garatu zen Gernikako Estatutua eta nola iritsi ziren lehen eskumenak. Garaikoetxearen argituratu gabeko elkarrizketa da. Ikusi, lotura honetan.
Garaikoetxeak emandako "aholku eskuzabalak" gogoratu ditu Lopezek
Patxi Lopez lehendakariak eta PSOEren bozeramaileak Kongresuan adierazi du "errespetu instituzionalaren sinonimo" zela Carlos Garaikoetxea. Haren "aholkuak" jaso zituela azaldu du, eta beti "baliagarri" izan zaizkiola. "Aholku egokiak eta eskuzabalak", zehaztu du.
Eba Blancok Garaikoetxearen ekarpen politikoa goratu du
Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak bere doluminak agertu dizkio Carlos Garaikoetxearen familiari eta hurbilekoei, eta harek egindako ekarpena goratu du. "Doluminak Lehendakariaren familiari eta hurbilekoei, bere heriotza dela eta. Eusko Alkartasunarentzat suposatzen duen galera izugarriaren aurrean, alderdiari eta Euskal Herriari eman dion guztiagatik gure esker onak baino ezin dizkiogu erakutsi Garaikoetxeari, betiko lehendakaria", idatzi du sare sozialetan.
Hiru dolu-egun
Eusko Jaurlaritzak hiru dolu-egun ezarri ditu Carlos Garaikoetxea lehendakariaren heriotzagatik, gaurtik hasita. Bihar, Iruñeko San Alberto tanatorioan jarriko dute hil-kapera, eta asteazkenean, Ajuria Enean.
Bestalde, Imanol Pradales lehendakariak bihar egingo du adierazpen instituzionala. EITBk jakin ahal izan duenez, Pradalesek bertan behera utzi du aste honetan Italiara egitekoa zuen bidaia ofiziala.
Garaikoetxeak Nafarroarekin zuen konpromiso politikoa nabarmendu du Chivitek
Maria Chivite Nafarroako Foru Erkidegoko presidenteak bere atsekabea agertu du, Carlos Garaikoetxearen heriotzagatik, eta hark Nafarroarekin izan duen "konpromiso politikoa" azpimarratu du. Halaber, esan du "Euskadi demokratikorako trantsizioan" izan zuen papera ezinbestekoa izan zela.
Euskal politikagintzak eta gizarteak Carlos Garaikoetxeari esker ona adierazi diote
ERREAKZIOAK
Euskal politikariek eta gizarteak Carlos Garaikoetxeari esker ona adierazi diote
Frankismoaren ondorengo lehen lehendakaria euskal gizarteak maite eta miretsi zuen pertsona izan zen. Sareak esker on eta omenaldi mezuz bete dira albistea zabaldu bezain pronto.
Biografia: Garaikoetxea, euskal autogobernuaren oinarriak ezarri zituen lehendakaria
BIOGRAFIA
Garaikoetxea, euskal autogobernuaren oinarriak ezarri zituen lehendakaria
Trantsizioan ezinbesteko papera izan zuen politikaria, bere ardura nagusietako bat izan zen euskal erakundeen egitura marraztu eta eraikitzea. EAJrekin izandako desadostasunek eraman zuten Eusko Alkartasuna sortzera.
Carlos Garaikoetxea hil da, frankismoaren ondorengo lehen lehendakaria
HERIOTZA
Carlos Garaikoetxea hil da, frankismoaren ondorengo lehen lehendakaria
Politikari nafarra, Eusko Alkartasunaren sortzailea, 87 urterekin zendu da bihotzeko baten ondorioz. Iruñean hil da gaur, maiatzaren 4an.