Flotillako bi aktibisten atxiloaldia bi egunez luzatu dute
Thiago Avila brasildarra eta Saif Abukeshek palestinar-espainiarra dira Global Sumud Flotillan parte hartzeagatik Israelgo indarrek atxilotuta dituztenak. Tratu txarrak jaso diuztela salatu dute euren abokatuek. Ekintzaileak "segurtasunez eta duintasunez" tratatzeko eskatu du Anitta Hipper Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetako bozeramaileak.
Saif Abukeshek ekintzaile palestinar-espainiarraren eta Thiago Avila ekintzaile brasildarraren atxiloketa bi egunez luzatu du Axkelongo Magistratuen Auzitegiak, Adalah Global Sumud Flotillako bi kideak ordezkatzen dituen zentroak jakitera eman duenez.
Osasunez ondo egon arren, shock egoeran dago Saif Abukeshek ekintzailea ostegunean Israelek atxilo hartu zuenetik. Haren emazte Sallyk esan duenez, gose greba hasi du protesta gisa.
Adalahren arabera, preso dituztenetik tratu txarrak jaso dituzte, baita legez kanpoko galdeketak ere.
Ohar baten bidez zabaldu duenez, Avilari "kolpeak" eman dizkiote eta lurretik arrastaka eraman dute. Gainera, inkomunikatuta izan dute atxilotu zutenetik, eta, ondorioz, min handia du, zauriak ditu eta konortea galdu du tarteka.
Bestalde, abokatuen arabera, Israelgo inteligentzia eta segurtasun zerbitzuek egindako galdeketak ez dira legezkoak, "talde terrorista bateko kide" direlakoan galdekatu baitituzte.
Abukesheken kasuan, "eskuak lotuta eta begiak estalita" izan dute, eta jarrera ezerosoetan jarri dute sarri atxilo hartu zutenetik. Horrek hematomak eragin dizkio aurpegian eta eskuetan.
Atxilotuak "segurtasunez eta duintasunez" tratatzeko eskatu du Bruselak
Israelen atxilotuta dauden bi ekintzaileak "segurtasunez eta duintasunez" tratatzeko eskatu du Anitta Hipper Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetako bozeramaileak.
Saif Abukeshek ekintzaile palestinar-espainiarraren eta Thiago Avila brasildarraren atxiloketari buruz galdetuta, "ontzidiak aholkatzen ez baditugu ere, arriskutsua izan daitekeelako eta laguntza humanitarioa kanal egokien bidez banatu behar delako, pertsona atxilotu oro segurtasunez eta duintasunez tratatu behar da, eta nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz", esan du Hipperrek.
Europar Batasuneko bozeramaileak gaineratu du Kaja Kallas Europako diplomaziaren burua "harremanetan" dagoela Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroarekin, eta gogorarazi du "kontsulatuaren babesa bermatuta" dagoela berretsi du.
GAZAKO ZERRENDA
Albares Kongresuan izan liteke ostegunean, Global Sumud Flotillaren egoeraren berri emateko
Kongresuko Osoko Bilkuran ministroaren agerraldia eskatu zuten Sumarrek, ERCk, EH Bilduk, Podemosek, BNGk eta Compromisek duela egun batzuk, Global Sumud Flotillan parte hartzen duten ontzi eta pertsonak babesteko eta laguntzeko hartuko dituen ekintzak zein erabakiak azal ditzan.