Hantabirusa agertutako gurutzaontzia Kanarietan atrakatzeko baimena eman du Espainiako Gonbernuak, eta larri dagoen medikua han artatuko dute
147 lagun daude ontzian, eta hiru hildako daude. Cabo Verden dago, eta hiruzpalau egun barru artxipelagora iristea espero dute. Bertan, larri dagoen medikua artatuko dute.
Hiru lagun hil dira gurutzaontzian, hantabirusak jota. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak, azkenean, MV Hondius gurutzaontzia Kanaria Uharteetan lehorreratzeko baimena ematea erabaki du, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eskaera egin ondoren eta Nazioarteko Zuzenbidea betetzeko asmoz. Erabakiak Osasun Ministerioaren hasierako jarrerari buelta eman dio; izan ere, artxipelagora iristen uzteko kontra agertu zen.
Itsasontzia Cabo Verden dago, 147 bidaiarirekin, epidemiologo talde batek osasun egoera aztertzen duen bitartean. Azken datuen arabera, zazpi pertsona daude birusak jota: hiru hil egin dira eta bat kritiko dago. Adituen helburua da zehaztea bidaiariren bat Kanarietara bidean jarraitu aurretik ebakuatu behar duten ala ez.
Era berean, Espainiako Gobernuak onartu egin du Herbehereetako Gobernuaren eskaera formala, Kanarietan gurutzaontziko medikua artatzeko, larri baitago. Ontzia artxipelagora iritsitakoan ebakuatuko dute, aurreikusitako osasun-operatiboaren barruan.
Oraindik ez dago data zehatzik ezarrita, ez eta iristeko portua ere, Kanaria Handian edo Tenerifen egin dezakete. Hiruzpalau egun barru helduko dela uste dute. Behin lehorrean, bidaiariei osasun-kontrolak egingo zaizkie, jatorrizko herrialdeetara eraman aurretik.
Osasun Ministerioak ziurtatu du osasun-arriskua "oso txikia" dela, eta sistema prest dagoela egoerari bermeekin aurre egiteko, zirkuitu eta garraio espezifikoen bidez, tokiko biztanleekiko kontaktua saihestuko baitute.
Itsas bidaia Argentinatik abiatu zen, eta bertan gutxienez 41 hantabirus kasu izan direla jakinarazi dute. Lehen hipotesien arabera, litekeena da kutsaturiko bidaiariak ontziratu baino lehen infektatu izana.
Bestalde, Miren Basaras mikrobiologoak eta EHUko irakasleak ohartarazi du hantabirusaren aldaera amerikarra Europakoa baino arriskutsuagoa dela, baina azpimarratu du karraskariak zein haien gorozkiak ukituz kutsatzen dela gaitza.
Hantabirusaren agerraldia