Euskaltzaleon Martxak euskaltzale guztiak batu nahi ditu ekainaren 13an Iruñean
Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu jardunaldiak, "euskaraz bizitzeko baldintzak eskatzeko eta euskaltzale izatearen harrotasuna balioan jartzeko".
Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur Iruñean ekainaren 13an Nafarroako hiriburuan egingo den Euskaltzaleon Martxa aurkezteko, eta bertara batzeko dei egin die Euskal Herri osoko euskaltzaleei. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusiak irakurri du adierazpena Gazteluko plazan egindako prentsaurrekoan, "euskaraz bizi nahi dut" aldarri nagusiaren bueltan batuko direla nabarmenduz.
Hiru zutabetan banatuko da ekainaren 13ko Euskaltzaleen Martxa, gaur egun "euskaraz bizitzeko baldintzak eratzeko ezinbestekoak diren hiru oinarri" ordezkatzeko. Martxaren hiru zutabeak 17:00etan abiatuko dira —Antoniutti parketik, Runako parketik eta Askatasun enparantzatik— eta 18:00etan Gazteluko plazan egingo dute bat.
Eskisabelen hitzetan, lehen zutabeak "euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoa” den erabateko ofizialtasuna aldarrikatuko du Euskal Herri osoan, “baldintza murriztailerik gabe”.
Bigarren zutabeak hizkuntza politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko du “euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea" bermatzeko.
Hirugarren zutabea euskaltzaletasunaren adierazgarri izango da, eta, herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik, balioetsi ere egingo du. Eskisabelen hitzetan, "euskarak aurrera egingo badu, herritarron ekarpen eta ekinari esker izango da”.
Aldarrikapena eta festa
Euskarak bizi duen larritasunaz gain, hizkuntzaren harrotasuna ere aldarrikatuko da. Horrela, zutabe guztiak txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, Ion Celestino musikari iruindarrak egun horretarako sortutako doinu batean. Zutabe muturretako pankartak, berriz, Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar artistek egingo dute, Iruñeko Peñek erabiltzen duten pankarta moldean.
Ekitaldia bukatu aurretik, Eskisabelek zendu berri den Carlos Garaikoetxea Urriza lehendakaria gogora ekarri du, "Euskal Herriko historia garaikidean arrasto nabarmena utzi duen politikaria eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ez ezik, euskaltzale handia" izan baitzen. "Halaxe gogoratuko dugu", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zaurituak izan baitziren
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian