Su-etena urratuta, Israelek Libano bonbardatu eta gutxienez hiru pertsona hil ditu
Israelgo eta Libanoko ordezkariek bake elkarrizketen hirugarren txanda egingo dute Washingtonen (AEB) maiatzaren 14an eta 15ean, AEBko Estatu Departamentuko funtzionario batek ostegun honetan jakitera eman duenez.
Israelek Libanoko hainbat puntu bonbardatu ditu. Argazkia: EFE
Israelgo Armadak Libano hegoaldean egindako bonbardaketa berrietan gutxienez hiru pertsona hil dira ostegun honetan. Eraso hauek apirilaren erdialdetik indarrean dagoen su-etena urratu dute, eta azken asteetan bi aldeek elkarri egindako erasoek kolokan jarri dute bake akordioa.
NNA Libanoko berri-agentziak jakinarazi duenez, Nabatiye inguruan kamioneta baten aurka egindako erasoan bi pertsona hil dira. Hirugarren biktima Safa inguruan hil da, kamioi baten aurkako bonbardaketan.
Israelgo Armadak baieztatu duenez, Beiruteko Dahiya auzoan egindako eraso batean Ahmed Qalib Balut hil dute, talde xiitaren eliteko unitateko komandantea.
Bestalde, Italiako Defentsa Ministerioak salatu du kohete batek Nazio Batuen Erakundearen (NBE) misioaren egoitza bati eraso diola Libano hegoaldean. Italiako kontingentearen basea da hori, eta, iturriek azaldu dutenez, kalte arinak eragin ditu ibilgailu militar batean, baina ez da zauriturik izan.
Bake elkarrizketen hirugarren txanda, Washingtonen
Gatazka berpiztu bada ere, AEBko Estatu Departamentuko funtzionario batek iragarri du Israelgo eta Libanoko ordezkariek bake elkarrizketen hirugarren txandari ekingo diotela Washingtonen maiatzaren 14an eta 15ean.
Eskualdeko tentsioak gora egin zuen martxoaren 2an, Hezbolak Israelen aurka egindako erasoen ondoren. Eraso horiek Irango lider gorenaren, Ali Khamenei aiatolaren, heriotzari emandako erantzuna izan ziren. Harrezkero, Israelek Libanoren inbasioari ekin zion, eta ordutik 2.700 hildako eta 8.400 zauritu baino gehiago eragin ditu.