Gutxienez 66 lagun hil eta 70 zauritu dira, Kolonbian, hegazkin militar batek izandako istripuan
C-130 Hercules aireontzia Puerto Leguizamo-Puerto Asis bidea egiten ari zen, eta Armadako langileak zeuden barruan istripua izan duenean. Guztira, 128 pertsona zeuden hegazkinean.
Astelehen honetan, Kolonbiako Armadaren hegazkin batek istripua izan du, eta gutxienez 66 pertsona hil eta 70 zauritu dira. Guztira, hegazkinean 128 pertsona zeuden.
Hugo Alejandro Lopez Barrero Kolonbiako Indar Armatuen komandante nagusiak eman du hildakoen balantzearen berri, kazetarien aurrean egindako agerraldian. Azaldu duenez, Aire Armadako 11 kide, Armada Nazionaleko 115 gizon eta bi polizia zeuden.
Halaber, jakinarazi du 57 gizon osasun zentroetara eraman dituztela.
Bestalde, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak 83 militar bizirik atera dituztela adierazi du.
C-130 Hercules aireontzia Puerto Leguizamo-Puerto Asis ibilbidea egiten ari zen, herrialdearen hegoaldean, 09:50ean (bertako ordua), istripua izan duenean.
Istripua hegazkina aireratu eta gutxira gertatu da, eta aireportutik kilometro eta erdira erori da.