Trumpek Netanyahuren aurka egin du Libanoren kontrako erasoengatik: "Zoratuta zaude"
AEBko presidentearen arabera, Irango gerrari amaiera ematea eta Ormuzko itsasartea irekitzea ahalbidetzeko akordiorako aukera egon daiteke datorren astean. Aitzitik, Teheranek iragarri du Washingtonekiko elkarrizketak eten egin dituela.
Benjamin Netanyahu eta Donald Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurka egin du astelehen honetan: "zoratuta" dagoela esan dio, Israelek Libanoren aurkako erasoaldia areagotu ondoren telefonoz izan duten elkarrizketan. Hori kaleratu du Axios hedabide estatubatuarrak, Gobernuko funtzionarioak aipatuz.
Informazio horren arabera, Netanyahuk Trumpi ohartarazi dio ez duela jarrera aldatu eta Hezbollahk Israelen aurkako erasoak eteten ez baditu "helburu terroristen aurka" egiten jarraituko duela Beiruten. "Zoratuta zaude", erantzun dio presidente estatubatuarrak lehen ministro israeldarrari.
Netanyahuk Libanoren aurkako erasoaldia areagotu egingo duela agindu du; hortaz, gaur egun indarrean dagoen su-etena urratuko du eta Israelek eta Libanok astearte honetan Washingtonen egin asmo dituzten bake elkarrizketak arriskuan jarriko ditu. Hezbollahk ez du parte hartuko negoziazio horietan.
Gainera, Iranek iragarri du eten egin dituela Trumpen administrazioarekin abiatutako bake elkarrizketak, Israelek Libanon egindako erasoei erantzunez.
Netanyahurekin eta Hezbollahrekin hitz egin ondotik, bi aldeek erasoak etengo dituztela iragarri du Trumpek.
Libanoko Gobernuak baieztatu egin du Hezbollahk erasoak etetea onartu duela, baina Netanyahuk ohartarazi du Israelek Beiruten aurka egingo duela talde xiitak eraso egiten badio.
Irango gerra amaitzeko akordioa lortu daiteke datorren astean
AEBko presidentearen arabera, Irango gerrari amaiera ematea eta Ormuzko itsasartea irekitzea ahalbidetuko duen akordioa lortzeko aukera egon daiteke datorren astean. Aitzitik, Teheranek iragarri du eten egin dituela Washingtonekiko elkarrizketak.
"Itxura ona du", adierazi du Trumpek, ABC News telebista katean egin dioten elkarrizketa batean, eta akordioa datorren astean lortu daitekeela iradoki du.