Kolonbiako ultraeskuinak irabazi du lehen itzulia, eta ezkerrak zalantzan jarri du zenbaketa sistema informatikoa
Abelardo de la Espirella ultraeskuindarrak ezkerra aurreratu du igande honetan Kolonbiako hauteskundeen lehen itzulian. Ekainaren 21ean izango da bigarren itzulia eta aurrez aurre izango du Ivan Cepeda ezkerreko hautagaia.
Abelardo de la Espriella Defensores de la Patria (Aberriaren Defendatzaileak) mugimenduko abokatu ultraeskuindarrak aurre hartu dio ezkerrari Kolonbiako presidentetzako lehen itzulian. Ekainaren 21ean jokatuko da bigarren itzulia, eta Esrpiellak aurrez aurre izango du Ivan Cepeda, Pacto Historico (Paktu Historikoa) alderdikoa, zeinak lehen itzuliko emaitzen zilegitasuna zalantzan jarri duen.
Hauteskundeak antolatu dituen Erregistratura Nazionalak jakinarazi duenez, mahaien % 99,99 zenbatuta, De la Espriellak, Tigrea ezizenez ezaguna, 10.361.413 boto lortu ditu (% 43,74), eta Cepedak, berriz, 9.688.245 (% 40,9) boto eskuratu ditu; 673.168 botoko aldea beraz, eskuinaren mesedetan.
Hala ere, bietako inork ez dituenez lortu lehen itzulian garaile izateko behar diren botoen erdiak gehi bat, bigarren txandan lehiatuko dira, ekainaren 21ean bi hautagai nagusiak, De la Espriella eta Cepeda.
Paloma Valencia Zentro Demokratikoren hautagaia hirugarren geratu da, 1,6 milioi botorekin.
Laugarren postuan Dignidad & Compromisoko Sergio Fajardo zentrista (Duintasuna eta Konpromisoa) geratu da, milioi bat botorekin (% 4,26).
Claudia Lopez Bogotako alkate ohia bosgarren izan da, 225.517 botorekin (% 0,95).
Lehen itzulian % 57,88ko parte-hartzea izan da, 1991ko Konstituzioa indarrean sartu zenetik izan den parte-hartzea handiena; Kolonbia herrialde nahiko abstentzionista da, bozkatzea ez da derrigorrezkoa eta eta parte-hartzea % 50 ingurukoa izan ohi da.
Gustavo Petro: "Presidente gisa, ez ditut aurrekontaketaren emaitzak onartzen"
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak ez ditu onartu lehen emaitza horiek; izan ere, hilabeteak daramatza hauteskunde-sistemaren gardentasuna zalantzan jartzen. Argitu du emaitza horiek informatiboak direla eta ez dutela balio juridikorik, eta hauteskunde-erroldan akatsak dituen software bat dutela oinarri.
Azaldu duenez, "bi errolda daude une honetan, ofiziala eta softwareak dakarrena (...) eta horretan 800.000 pertsona gehiago daude"; gaineratu duenez, inpugnatutako mahai batzuetan "ehunka mila boto gehitu" dira, nahiz eta ez duen hori frogatzekorik aurkeztu.
Hori dela eta, adierazi du legezko balioa izango duten emaitza bakarrak Errepublikako epaileek zehaztuko dituztela zenbaketan; bertan, aktak berrikusiko dira eta hauteskundeen emaitza ofizialki finkatuko da.
Cepedak ere zalantzak ditu: "Hauteskunde erroldaren inguruan berrikusi beharreko desfase bat dago, eta ez da nolanahikoa: 885.000 pertsona dira", esan du Cepedak, Bogotan, bere jarraitzaileen aurrean, kopuru horren jatorriari buruzko xehetasunik eman gabe.
Mugimenduak, bigarren itzulira begira
Igandeko bozketen ostean, Valencia senatariak berehala iragarri du De la Espriellaren bigarren itzulia babestuko duela.
Hala ere, Juan Daniel Oviedok, Valenciaren presidenteorde-formulako kideak adierazi duenez, eskuinaren boto batzuk "desagertu" egin dira, "zikina, matxista, homofobikoa" zela iritzita.
Valenciak ez bezala, Oviedok (homosexuala da) ekainaren 3an jakinaraziko du zer jarrera duen bigarren itzuliari begira, "erabaki serioa" delakoan.
Fajardo hautagaiak, bere aldetik, adierazi du lehen itzulian lortutako milioi bat botoak "garrantzitsuak" direla De la Espriellaren eta Cepedaren arteko lehia zehazteko.
Roy Barreras senatari ohiak 14.108 boto baino ez ditu jaso (% 0,05), eta azken-aurreko tokian geratu da, 11 hautagairen artean.