Bielorrusia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lukashenkok Bielorrusiarako Gobernu berria iragarri du, protesten artean

Europar Batasunak ez ditu aintzatesten hilaren 9ko hauteskundeetako emaitzak; bitartean, agintariak zaintza indartu egin du mugan, batez ere NATOren tropen mugimenduei adi egoteko.
Milaka manifestari, Minsk Bielorrusiako hiriburuan
Milaka manifestari, Minsk Bielorrusiako hiriburuan. Argazkia: EFE.

Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidenteak Gobernu berria iragarri du asteazken honetan, haren berrautaketaren aurkako protesta gogorren artean. Roman Golovchenko izango da lehen ministroa. Bitartean, Europar Batasunak ez ditu aintzatesten hilaren 9ko hauteskundeetako emaitzak, eta Bielorrusiako agintariak zaintza indartu egin du mugan, batez ere NATOren tropen mugimenduei adi egoteko

"Ordezkarien Ganberak onartuta, presidenteak Golovchenko izendatu du", zehaztu du BelTA albiste-agentziak; horrek baieztatu duenez, agintariak beharrezko dekretuak sinatu ditu.

Presidenteak eskaria egin die Europako liderrei, bai eta Ameriketako Estatu Batuei ere, Bielorrusiaz arduratzeari uzteko, eta auren arazoez arduratzeko. Halaber, jarraibide zehatzak eman ditu, asteazken honetan bertan, "segurtasuna bermatu eta ordena publikoari eusteko".

Hilaren 9an izandako hauteskundeetan, Lukashenko berrautatu zuten bielorrusiarrek, seigarren aldiz Presidentetzan egoteko. Emaitza ofizialaren arabera, botoen % 80 eskuratu zituen, eta Svletana Tijanovskaya aurkariak, aldiz, % 10; oposizioak, baina, iruzurra salatu du, eta, nazioarte-mailan, hainbatek ez dute emaitza aintzatesten.

Ordutik, bielorrusiarrek manifestazio oso jendetsuak egin dituzte, agintariaren aurka; Lukashenko 1994tik dago presidente. Protesta-oldearen ondorioz, gutxienez hiru lagun hil dira, ehunka zauritu, eta milaka herritar atxilotu dituzte.

Lukashenkok uko egin dio hauteskundeak errepikatzeari, baina ez du baztertu Konstituzioa erreformatzea, bere botereak banatzeko. Ildo horretan, berretsi du, berriro ere, "edozein aldaketak" legea eta Konstituzioa izan behar dituela abiapuntu.  

Halaber, ziurtatu du ez dagoela atzerriko troparik herrialdean: "Atzerriko tropei dagokienez, Bielorrusian ez dago beste Estatu bateko inor, egun", azpimarratu du. Salatu ditu, hortaz, azken egunotan ibili diren informazio batzuk; horien arabera, Errusiako soldaduak daude Bielorrusian.

Europar Batasunak ez ditu aintzatesten hauteskundeetako emaitzak

Testuinguru honetan, Europar Batasuneko Estatuburuek eta Gobernuburuek erabaki dute ez dituztela aintzatetsiko Bielorrusiako hauteskundeetako emaitzak; halaber, eskatu dute esku-sartzerik gabeko konponbidea egotea.

"Hauteskundeak ez ziren bidezkoak izan, ezta askeak ere, eta ez zituzten nazioarteko estandarrak bete. Ez ditugu aintzatesten Bielorrusiako agintariek aurkeztutako emaitzak", adierazi du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, prentsaurrekoan. EBko liderrek goi-bilera egin dute, bideokonferentziaz, eta Michelek horren ostean hitz egin du.

Gainera, Michelek zehatu du Europar Batasunak "zigorrak" ezarriko dizkiela "hauteskunde-iruzurrean eta herrialdean dagoen indarkerian erantzukizuna duten pertsonei. Zigor hautakorrak izango dira, ez dira Bielorrusiako herritarren aurkako zigorrak izango", argitu du.

Mugako zaintza indartzea agindu du Lukashenkok

Halaber, Lukashenkok agindu die herrialdeko segurtasun-indarrei mugako zaintza indartzea; "bereziki", adi egon daitezela NATOren tropen mugimenduei. Erabakiaren helburua da, presidentearen esanetan, "Bielorrusian ez sartzea mertzenariorik, armarik, muniziorik edo istiluak finantzatzeko baliabiderik".

NATOren tropek Bielorrusiaren ondoan dauden Polonian eta Lituanian egindako mugimenduak nahi ditu zaindu, batez ere, Lukashenkok; izan ere, bi herrialde horietako Gobernuek babestu egin dute oposizio bielorrusiarra, beste hauteskunde batzuk deitzeko eskarietan.

 

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X