Atharratzetik Bilbora, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu
Euskararen aldeko ekimenak hizkuntzaren errealitate guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro inguru egingo ditu Korrikak eta 460 herritatik igaroko da. ETB On plataformak etenik gabe jarraituko du ibilbidea, eguneko 24 orduetan.
Zuberoako herri txiki batetik Euskal Herriko ingurune metropolitar nagusira. Ekialdetik mendebaldera. Atharratzetik Bilbora. Gaurtik hasi eta hilaren 29ra arte, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. AEK-k antolatutako ekimenak 2.175 kilometro egingo ditu euskararen alde eta milaka lagun bilduko ditu. Helburua da hiztunak aktibatzea eta ahalduntzea, ez dakitenei ikasteko grina piztea, eta, oro har, hiztun komunitatea handitu eta trinkotzea. Behar duen arnasa eta astindua ematea.
Euskararen aldeko ekimenik jendetsu eta ezagunenak 45 urte bete ditu aurten, eta 24. ediziora heldu da. Aurten, 2.175 kilometro baino gehiagoko ibilbide horretan zehar, 3.436 lekuko hartze izango dira, inoiz baino gehiago, eta 460 herritatik igaroko da.
'Euskara gara' da aurtengo leloa, eta antolatzaileek ediziorik jendetsuena izatea espero dute. Lasterketa guztia EITBn jarraitu ahal izango da. Telebistako eta irratietako programazio guztia bustiko du euskararen aldeko lasterketaren olatuak. Halaber, tarte nabarmena izango du ORAIN albiste zerbitzuan eta EITBren YouTube kanalean. ETB On plataforman 24 orduko etenik gabe emitituko da.
Horrekin batera, mundu osoko 50 hiritara zabalduko da Korrika Munduan ekimena: Helsinkitik Buenos Aireseraino, eta Boisetik Sidneyeraino.
Euskararen paisaia guztiak eta erronkak
Aurtengo abiapuntu eta helmuga euskarak aurrean dituen erronka anitzen adierazgarri dira. Atharratzek 600 biztanle inguru ditu, eta, portzentualki, euskal hiztunen kopuru altua du; hiztun gehienek, gainera, etxean jaso dute euskara. Alabaina, urteak dira euskara apaltzen ari dela Zuberoan. Familia transmisioa aspaldi moteldu zen, eta belaunaldirik euskaldunenak zaharrenak dira. Gainera, euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian.
Helmugan, bestelakoak dira erronkak. Lehen Korrika Bilbon amaitu zenean, 1980ko abenduan, euskal hiztunen kopurua % 7koa zen Bizkaiko hiriburuan. Orain, % 30ren gainetik dago: 100.000 bilbotar baino gehiago.
Atharratzen ez bezala, euskara hizkuntza gaztea da Bilbon. Belaunaldi gazteenak dira, alde handiz, euskaldunenak. Alabaina, Bilboko euskal hiztun gehienek familiatik kanpo jaso dute euskara, bigarren hizkuntza moduan. Eta gauza jakina da erraztasunak eta ohiturak nabarmen eragiten dutela erabileran. Inertziek agintzen dute, eta euskararen erabilerako gune erosoen falta nabaria da.
Atharratzen zein Bilbon, erronka ugari. Eta Xiberutik mendebalderako bide horretan, euskarak bestelako errealitate eta paisaiak ezagutuko ditu. Euskara arnasten den herri eta eskualdeak, eta oso apal dagoen errealitateak. Euskara nagusi den inguruneak, tarteko posizioan daudenak eta dena irabazteko dutenak. Guztietan, baina, Korrikaren bultzada zinez eskertuko dute.
Hasiera eguna
Badira 41 urte Korrika ez dela igarotzen Basabürua eskualdetik, Atharratze hiriburu duena. Aurten, 1985ean bezala, han izango da abiapuntua, eta ekitaldi ugari antolatu dira, bai Atharratzen bertan bai Maulen. Goizeko 10.00etan Korrika Ttipia abiatuko da, eta hortik aurrera hainbat ekimen izango dira: antzerkiak, musika emanaldiak, kale-animazioa.
Hasiera ekitaldia arratsaldeko 15.00etan izango da, eta ordu erdi beranduago abiatuko da Korrika. Antolatzaileek hainbat gomendio eman dituzte Atharratzera gerturatuko direnentzat; izan ere, herri txikia da Atharratze eta jendetza espero da. Arratsaldeko 17.00ak baino lehentxoago helduko da Korrika lehen hiriburura, Maulera, eta ekitaldi ugari antolatu dira bertan.
Lasterketak, baina, ez du denbora askorik beharko bigarren hiriburua zapaldu arte: ostegun eta ostiral bitarteko goizaldean helduko da Donibane Garazira, 03.00ak aldera.
Ibilbidea
Hortik aurrera, Zuberoako irteera horretatik aurrera, Korrikak ez du etenik izango. Lehen asteburua Nafarroa Garaian emango du, Pirinioetatik (ostiralean) Erriberara (larunbatean), harik eta igandean Iruñera iritsi arte. Eguerdia baino lehenago Txantreara helduko da, eta arratsaldeko 16.00ak arte hiri buruzagian zehar ibiliko da, auzoz auzo. Iruñean ere ekitaldi ugari antolatu dira Korrikari ongietorria emateko. Eta hortik aurrera, Lizarraldera.
Astelehenean zehar Vianatik Tolosaldearaino egingo du bidea, Arabako Lautadatik ere igaroz. Eta asteartean, Andoainetik Lapurdiraino egingo du, Bortziriak eta Baztan zeharkatu ondoren. Baionara gaueko 22.00ak baino lehenago helduko da.
Asteazkenean, kostaldeko bidea egingo du, Lapurditik hasi eta Bizkaiko mugaraino. Donostiara goizeko 9.00etarako helduko da, eguna Lekeition amaitzeko. Osteguna ere kostaldetik emango du, Lea-Artibaiko arnasguneetatik Enkarterriraino.
Azken txanpa, baina, barnealdetik etorriko da. Ostiralean, Aiaraldetik Arratiara eta Gorbeialdetik Gasteizera egingo du. Arabako hiriburura iluntzean iritsiko da (21.00etarako Mendizorrotzan izango da), eta gauerdira arte ez da irtengo Arabako hiriburutik. Larunbatean, egun jendetsua espero dute antolatzaileek Gipuzkoa barnealdeko bailaretan. Eta igandean, azkenik, Ibaizabalen bidea egingo du Korrikak, Durangaldetik Bilboraino.
Amaiera eguna ia osorik emango du Bizkaiko hiriburuan. Goizeko 7.00etan Enekuritik sartuko da eta bukatu arte ez da hiriaren mugetatik aterako. Amaiera ekitaldia Bilboko Udaletxean izango da, 12.15ean.
Abestia eta ‘Errigora’
Aurtengo edizioaren kanta Pello Reparazek egin du, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera. ‘Xiberutikan Mendebaldera’ abestian, mugimenduan dagoen komunitate bat islatzen saiatu da musikari nafarra.
Bestalde, Mirokutana ekoiztetxea eta AEK/Korrika dokumental bat grabatzen ari dira, eta Korrikan parte hartuko dutenei bideo-testigantzak bidaltzeko gonbita luzatu diete.
Aurreko edizioetan bezala, Korrikak bere aplikazioa izango du. Bertan, Korrika nondik nora dabilen kontsultatzeko aukera egongo da, eta zuzeneko irudiak ere ikusi ahal izango dira.
AEK erakundeak, azkenik, Errigora omendu nahi izan du aurten, “euskaratik, euskararentzat eta euskaraz” egiten duten lanagatik. Antolatzaileek adierazi dutenez, “txikitasuna erdigunean” jarri nahi dute, "gutako tanta bakoitzak blaitzen duelako". Eta hori bera egin nahi dute egunotan Korrikaren bidez. Euskal Herria tantaz tanta blaitu. Euskararen paisaia guztiak kilometroz kilometro josi, euskararen hariaz
Zure interesekoa izan daiteke
Elkanok munduari buelta eman eta jaioterrira itzuli zen unea antzeztu dute Getarian
Aurten, lehen aldiz, Mikel Larrañagak egin du Elkanoren papera, eta Saioa Etxeberria izan da tripulante modura irten den lehen emakumea. Lau urterik behin ospatzen du Getariak Elkanoren iritsiera, munduari bira eman ostean.
Alejandrak 2.000 euro galdu ditu Bilboko etxebizitza baten alokairuaren iruzurrean
Kaltetuak salatu duenez, 2.000 euroko iruzurra egin diote hainbat pertsonari aldi berean eskainitako etxebizitza bat alokatzeagatik. Iruzurrez galdutako dirua eta beste bizitoki bat alokatzeko erabili beharrekoa gehituta, galerak 4.000 eurokoak direla azaldu du.
Iraulitako kamioi batek 31 kilometroko auto-ilarak eragin ditu Baiona inguruan
22:00etatik aurrera, A-63 errepidea erabat itxita egongo da 3 orduz, gutxi gorabehera, ibilgailua erretiratzeko.
Gutxienez 12 salaketa aurkeztu dituzte Bilbon etxebizitza turistiko bat alokatuta iruzurra egin zuen gizonaren aurka
EITBk biktimetako biren testigantzak jaso ditu. Iruzurgileak Airbnb bidez alokatu zuen pisua, hiru egunez. Ordu gutxi batzuetan, benetako jabeak ezer jakin gabe, dozena bat pertsonari alokatu zien. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gizona harrapatu eta biktimek galdutako dirua berreskura dezaten.
Mila pertsona inguru etxetik atera dituzte Baionako erdigunean gas-isuri baten ondorioz
Baionako hiriguneko mila bizilagun etxetik irtenarazi dituzte bart, gas-ihes bat dela eta; ondorioz, segurtasun dispositibo handia aktibatu behar izan dute. Suhiltzaileek 100 metroko perimetroa itxi dute, eta goizaldeko ordu bata arte ezin izan dute etxera itzuli.
Espainiak eskatutakoari entzungor eginez, Schengen berrezartzeari ezetz esan dio Italiak
Ceutan piztutako krisiaren harira, Schengen akordioa eten eta mugetan kontrolak egiteari ekin zion abuztuaren 1ean Meloniren gobernuak. Espainiako Gobernuak igandera arteko epea eman dio Italiakoari neurria bertan behera uzteko, baina Meloniren gobernuak lehengo lepotik du burua: "Abuztuaren 15etik aurrera aztertuko dugu gaia".
Eguzki eklipseak tren gehiago eta mugikortasun zerbitzu indartua ekarriko ditu abuztuaren 12an
Abuztuaren 12an izango da ikusgai, iluntzean. Milaka pertsona erakartzea espero den fenomeno horren aurrean, administrazioek segurtasun dispositibo zabala prestatu dute, mugikortasun segurua eta antolatua bermatzeko helburuarekin.
'Atyla' itsasontzi historikoan sartuko gara, 'Game of Thrones'en unibertsoko targaryendarren ontzian
Ontzia 1980a eta 1984a bitartean egin zuten Lekeition (Bizkaia), artisau moduan, pinu, haritz eta iroko egurra erabiliz. Itsasontzia Donostiako portuko kaian bisitatu ahalko da asteburu honetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
EITBk zuzenean eskainiko du abuztuko eguzki eklipse historikoa, hainbat seinale eta bi globo estratosferiko baliatuz
Saio berezia 19:30etik aurrera izango da ikusgai ETBn, ETB ONen eta ORAINen. Horrez gain, EITBk Eklipse Gaua antolatu du Donostiako Saguesen: eklipsea zuzenean ikusteko pantailak, musika eta behaketa modu seguruan egiteko betaurrekoak izango dira bertan.
Luciaren amesgaiztoa Bilbon: pisu "perfektua" alokatu, eta hiru egunen buruan, maula baten biktima dela konturatu
Bi seme-alaba dituen venezuelar batek 2.000 euro ordaindu ditu Deustun alokairuko etxebizitza batengatik, baina etxea apartamentu turistiko bat da berez. Iruzurgileak gutxienez 10 pertsonari alokatu die, tartean Luciari berari. Biktima horrekin mintzatu da EITB.