Bikotekideak 13 labankada eman zizkion Maialen Mazoni, "hiltzeko asmoarekin", fiskalaren arabera
Fiskaltzak hiltzaileak 45 urteko espetxe zigorra bete dezala eskatu du, Zigor Kodeak baimentzen duen handiena. Zehazki, 25 urte azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketagatik (emakumea labankadaz hil zuen), 16 urte bi abortu delituengatik eta 4 urte adingabea (onik atera zen 2 urteko alaba) abandonatzeagatik.
Arabako Justizia Jauregia. Argazkia: EITB
Fiskaltzak deliberatu du Jaime Rocak 13 labankada eman zizkiola Maialen Mazoni, "hiltzeko asmoarekin", ez zuelako onartu haren emaztea zenak harremana hautsi nahi izatea. Hori horrela, bikiez haurdun zela hil zuen Maialen, bi urteko alabaren aurrean.
2023ko maiatzaren 27an —hurrengo egunean jakin zen Maialen hil zuela— Gasteizko apartahotelean zer gertatu zen argitze aldera, herri epaimahai batekin, epaiketa hasi dute gaur Arabako Lurralde Auzitegian. Bikotearen bi urteko alaba aurrean zegoela hil zuen Jaime Rocak Maialen, eta amaren hilotzaren aldamenean egon zen haurtxoa 18 orduz.
Maialenek genero indarkeria espediente bat zuen zabalik Polizia Nazionalean, eta hiltzaileari urruntze agindua ezarri zion indarkeria matxistagatik Torremolinosko (Malaga) epaitegi batek. Gainera, "muturreko arriskua" duten biktimen zerrendan azaltzen zen Maialen VioGen sisteman, nahiz eta Ertzaintzak biktimaren arrisku maila arindu zuen gerora.
Harira itzulita, 45 urteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak hiltzailearentzat, Zigor Kodeak baimentzen duen zigorrik handiena. Zehazki, 25 urte azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketagatik (emakumea labankadaz hil zuen), 16 urte bi abortu delituengatik eta 4 urte adingabea (onik atera zen 2 urteko alaba) abandonatzeagatik.
Horrez gain, alabarekin egoteko baimena kentzea galdegin du, baita 10 urtean harengana hurbiltzea eta harekin hitz egitea galarazi ere egin diote. Halaber, bi kalte ordain eskatu ditu: lehena, 500.000 eurokoa, umearentzat; eta bigarrena, 250.000 eurokoa, Maialenen aitarentzat.
Akusazio partikularrek —biktimaren familiak eta Arabako Adingabeen Kontseiluak osatzen dute— bat egin dute Fiskaltzak eskatutako zigorrarekin, bai eta herri akusazioak ere bai —Clara Campoamor elkartea—.
Auzipetuaren defentsak, aitzitik, absoluzioa eskatu du, argudiatuta buruko nahasmendu iragankorra zeukala eta alkoholaren eraginpean eraso ziola. Izan ere, azaldu duenez, hilketa gertatu zen arratsaldean edaten ibili zen hiltzailea, eta Maialenekin eztabaida izan ostean "errealitatetik at" geratu zen, eta "pentsatu gabe, kontrolik gabe eta zer egiten ari zen jakin gabe jokatu zuen".
Fiskaltzaren kontakizuna, bestalde, bat dator gainerako akusazioek esandakoarekin. Hain zuzen ere, kontatu du Borrianatik (Valentzia) Gasteizera joan zela Maialen, familiaren babes bila, eta aitaren bikotekidearen semearekin harreman bat hasi zuela. Horregatik, Jaime Roca uzteko erabakia hartu zuen.
Hiltzaileak, baina, "behin eta berriro" eskatu zion Gasteizko hiriburuko apartahotel batean berarekin egun batzuk igarotzea, alabaren zaintzarekin lotutako gaiei buruz jarduteko.
Orduan jakin zuen Jaimek Maialenek harreman berri bat zeukala, eta "hiltzea erabaki zuen". Horretarako, Maialen logalearekin eta alkohola edanda zegoen momentu bat "aprobetxatu" zuen.
Gainera, Fiskaltzak esan du bi urteko alaba bakarrik utzi zuela, urik eta jatekorik gabe, eta, horrenbestez, haren osasuna arriskuan jarrita. Ondorioz, emozionalki jota dago haurra, sozializatzeko arazoak ditu, hitz egiteko zailtasunak eta antsietatea, besteak beste.
Defentsaren aburuz, ordea, fiskaltzaren kontakizuna ez da zehatza eta "desitxuratuta" dago. Zentzu horretan, gogorarazi du Maialen eta Jaime desintoxikazio zentro batean ikusi zirela lehendabizikoz. Ukatu egin du, halaber, Jaimek tratu txarrak eman zizkiola, eta ziurtatu du Maialenek "izaera gogorra" eta "jarrera menderatzailea" zeukala Jaimerekin.
"Hilketa jazo zenean, Jaime mozkortuta zegoen, bere burua lehertu egin zen eta errealitatetik at geratu zen", adierazi du.
Biktimaren abokatuak erantzun dio aldez aurretik planifikatu zuela hilketa.
Epaiketaren lehenengo saioa
Guztira, 67 lekukok deklaratuko dute Arabako Lurralde Auzitegian. Azken saioan, Jaime Roca auzipetuak (Maialenen bikotekide ohia) deklaratuko du.
Koordinazio falta eta erabaki eztabaidagarriak
Maialen Mazonen bikotekide ohia (33 urte zituen hilketa izan zenean) ordu batzuk geroago atxilotu zuen Guardia Zibilak, AP-68ko ordainleku batean, Alagonen (Zaragoza), taxi batean Valentziara ihesi zihoala.
Espainiako Polizia Nazionalak espediente bat zuen irekita bikote horrekin lotuta, genero indarkeriagatik, eta Torremolinosko (Malaga) epaitegi batek agindua emana zuen gizona emakumearengandik urruntzeko.
Hilketak erreakzio soka luzea eragin zuen gizarte eta justizia alorrean. Maialen "muturreko arriskuaren biktima" gisa agertzen zen genero indarkeria kasuen jarraipena egiteko Estatuko sisteman (VioGen) baina Gasteizera itzuli zenean, Ertzaintzak "arrisku baxu" maila ezarri zuen, ohiko elkarrizketa baten ondoren.
"Bi akats izan ziren; izan ere, Ertzaintzaren arriskuak antzemateko sistemak berak huts egin zuen kasu honetan", deitoratu du Cecilia Piris Clara Campoamor elkarteko abokatuak.
Krimen horrek zalantzan jarri zuen genero-indarkeriaren biktimak babesteko sistema. Une hartan, ez zegoen datu horiek gurutzatzerik Barne Ministerioaren eta Ertzaintzaren artean. "Zoritxarrez, ez baten kostuan, baizik eta hiru bizitzaren kostuan, hutsune oso larri bat agerian jartzeko balio izan zuen", azpimarratu du Pirisek.
Zure interesekoa izan daiteke
Martxoak 3ko sarraskia gogoan, Zeledonek hasiera eman die Ama Zuriaren jaiei
Baskoniako ordezkariek suziria piztu eta Zeledon jaitsita, festa lehertu da Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plaza gainezka zegoela.
Gizon bat hil da Lizarran, balkoi batetik erorita, Poliziarengandik ihesi zihoala, genero-indarkeria kasu baten ostean
Ikerketaren arabera, hildakoa laugarren solairutik erori da balkoi batetik bestera igarotzen saiatzen ari zela, agenteak Santiago plazako etxebizitza batera iritsi direnean. Bertan, emakume batek eraso baten berri eman du. Auzia sekretupean dagoenez, ez dute emakumearen egoeraz informatu.
Uharteko parrokoak "Rabat bonbardatzea" eta migratzaileei suarekin erantzutea proposatu du
Javier Aizpun apaizak hainbat mezu argitaratu ditu X sare sozialean Ceutako migrazio krisiaren inguruan, eta Marokoren eta migratzaileen aurkako muturreko neurri gogorrak proposatu ditu.
Zuzenean: Zeledonen igoera
Jarraitu zuzenean Zeledonen igoera Joseba Olagarai eta Josu Pedruzoren kontakizunarekin.
Zuzenean: Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera
Jarraitu zuzenean Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera, Ilaski Serranoren eta Josu Pedruzoren komentarioekin.
Poliziak duela 16 urte Fiteroko monasteriotik lapurtutako egurrezko erliebe bat berreskuratu du
Fiteroko Santa Klara Monasterioko aldare nagusian zegoen, eta handik hartu zuten duela 16 urte. Zizelkatutako egurrezko erliebea herriko apaizari eman zaio.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Andre Maria Zuriaren jaiak 18:00etan hasiko dira, Zeledonen jaitsierarekin. Baskoniak botako du txupinazoa aurten. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etatik aurrera.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Gasteizko jaiak gaur hasiko dira, 18:00etan. Zeledon jaitsiko da eta Baskoniak txupinazoa botako du. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etik aurrera.
San Mamesko metro geltokia berriz ireki dute, sarrerako eskaileretan sutea piztu ostean
Suhiltzaileak metroaren sarreran izan dira lanean. Dirudienez, eskailera mekanikoetan batu den hautsagatik sortu da sutea eta ketza sortu da.
Artxandako tuneletako Deustuko tartea ireki dute
Bizkaiko Foru Aldundiak estaldura, drainatze-sistemak, ebakuazio-galeriak, argiztapena eta gorabeherak detektatzeko sistema automatikoak hobetu ditu. Udazkenean, Salbeko zatiaren txanda izango da.