Gizon batek emakume bat hil du Esplugues de Llobregateko kale batean
Erasoaren ondoren, gizonak ihes egin du, baina handik gutxira aurkitu dute Mossoek, eta atxilotu egin dute. Indarkeria matxista gisa ari dira ikertzen hilketa.
Gizon batek emakume bat hil du kalean, arma zuri bat erabilita, Esplugues de Llobregaten (Bartzelona). Mossoek gizona atxilotu dute, indarkeria matxista delitu horrekin lotuta.
Kataluniako Poliziak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gertaera 11:00ak aldera izan da. Une horretan, 112 larrialdietarako telefonora deitu dute, gizon batek emakume bat larri zauritu eta ihes egin duela ohartarazteko.
Ikerketako iturrien arabera, gizonak labankadaz hil du emakumea.
Mossoak eta larrialdietako langileak hilketa gertatu den lekura bertaratu dira, baina ezin izan dute emakumearen bizitza salbatu.
Erasoaren ondoren, gizonak ihes egin du. Handik gutxira, kalean aurkitu dute agenteek, eta atxilotu egin dute.
Mossoen Ikerketa Kriminaleko Dibisioak (DIC) bere gain hartu du ikerketa, eta sekretupean dute.