Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.
Erreskate taldeak, Teheranen (Iran). Argazkia: Europa Press
“Eskala handiko erasoen beste olde bat, Teheran osoan”. Horixe, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek iragarri duen mehatxua erregimenaren azpiegituren aurka. Iragarpena heldu da jakinarazi ondoren Irango Segurtasun Nazionaleko Goi Kontseiluko idazkari Ali Larijani hil dela.
Larijani (Irak, 1958) Irango erregimeneko figura politiko esanguratsuenetako bat zen, eta arabiar prentsak “gizonik garrantzitsuenetako bat zela” nabarmendu du. Mojtaba Khamenei buruzagi goren berria baino ez omen zuen aurretik.
Israelgo iturrien arabera, eraso horietan Basij milizia paramilitarreko (Iraultza Guardia Kidegoaren menpekoa) komandantea ere hil zen: Gholamreza Soleimani.
Zehazki, Israelgo indarrek honako hirien kontra egin dute eraso: Teheran, Shiraz (herrialdearen erdialde-hegoaldean) eta Tabriz (ipar-mendebaldean. Teheranen izandako kalteei dagokienez, Israelgo Armadak astearte honetan jakinarazi du kaltetutako instalazioen artean Inteligentzia Ministerioa eta Basij miliziaren egoitza zeudela, besteak beste.
Oraingoz, Iranek ez du baieztatu Larijaniren heriotza.