myanmar
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Suu Kyi epaile aurrean agertu da gaur, Estatu kolpeaz geroztik lehen aldiz

Aung San Suu Kyi buru duen NLD alderdia legez kanporatzeko aukera baztertzea galdegin dio EBk Myanmarko batzar militarrari, azaroko hauteskundeetako garaipena garbia eta legitimoa delako.
Aung San Suu Kyi, urtarrileko ekitaldi batean.
Aung San Suu Kyi, urtarrileko ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Aung San Suu Kyi Myanmarko presidente kargugabetua aurrez aurre agertu da gaur Naipyidoko auzitegi berezi baten aurrean, estatu-kolpea izan zenetik lehen aldiz, bere abokatuek hedabideei baieztatu dietenez. Suu Kyi etxean atxilo dago otsailaren 1eko Estatu kolpeaz geroztik, eta ordutik jendaurrean agertzen den lehen aldia izan da. 

Bost delitugatik bere aurka zabalik dituen auzietan kokatu behar da gaur goizeko bista. Besteak beste gailu elektronikoak legez kanpo inportatzea edo covid-19aren inguruan ezarritako arauak urratzea egozten diote. Halere, akusaziorik larriena Sekretu Ofizialen Legea ustez urratzeari dagokiona da; Auzitegi Gorenak epaituko du auzi jakin hori eta 14 urtera arteko espetxe zigorra ekar diezaioke.

Suu Kyik azaroko hauteskundeetan buru izan zen Demokraziarako Liga Nazionala alderdiaren zilegitasuna defendatu du, eta esan du armadak "iruzurra" egozten diola, militarrek boterea hartzea justifikatzeko.

Europar Batasunak ere Suu Kyiren eta bere alderdiaren zilegitasuna defendatzen du, eta Myanmarko junta militarrari eskatu dio atzera egin dezala NLD (Demokraziarako Liga Nazionala) alderdia legez kanpo uzteko asmoan. Nabila Massrali EBko Atzerri gaietarako bozeramaileak ohartarazi duenez, batzordeak ekimen horrekin bat egiten badu, "Myanmarko herriaren borondateagatik eta prozesu legalagatik egindako mespretxu lotsagabea erakutsiko du beste behin".

"Europar Batasunak berretsi egiten du azaroko hauteskundeek Myanmarko herriaren borondatea zintzo ordezkatu zutela, nazioko eta nazioarteko begirale independente guztiek baieztatu zuten bezala; ez batzorde militarrak, ez haiek legez kanpo izendatutako Hauteskunde Batzordeko kideen erabaki arbitrarioek ezin dute ezkutatu", oharraren arabera. "Herriaren borondatea errespetatzeak bakarrik itzuli dezake Myanmar bere bide demokratikora, eta egonkortasuna eta garapen iraunkorra ekarri", ondorioztatu du EBk.

Suu Kyik esan du NLD "herritik sortu" zela eta, beraz, existituko dela "herria den bitartean".

Saioaren aurretik ordu erdi batez aurrez aurre bildu ahal izan da Suu Kyi bere abokatuekin, orain arte bideokonferentziaz baino ezin izan baitu haiekin hitz egin.

Suu Kyi ondo dagoen irudipena izan dute abokatuek eta hark "birmaniar guztien osasunaren alde" otoitz egiten duela adierazi dute.

Militarren agintearen aurkako gaitzespena adierazteko protestei eusten diote herritarrek, atxilotu guztiak, Suu Kyi barne, askatzeko eta militarrek ebatsitako demokrazia berrezartzeko eskatzen dute.

Gutxienez 818 pertsona hil dira manifestazioen aurka segurtasun indarrek egindako errepresio bortitzaren ondorioz, eta, Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen datuen arabera, ia 5.400 pertsona atxilotu dituzte estatu kolpetik.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X