Ukrainarekin abiatutako negoziazioak "ez aurrera ez atzera" daudela esan du Putinek
Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du Ukrainako Gobernuarekin abiatutako negoziazioak "ez aurrera ez atzera" daudela, eta ohartarazi du Armadak eutsi egingo diola erasoaldiari herrialde horretan, Donbass eskualdea kontrolatu arte.
"Ez dago zalantzarik: Armadak bete egingo ditu helburuak", azpimarratu du agintariak, Aliaksandr Lukaxenka Bielorrusiako presidentearekin batera Errusian egindako ekitaldi batean.
"Helburu nagusia da Donbasseko herritarrei laguntzea", esan du, Ukrainako inbasioa justifikatzeko erabili ohi dituen hitzak errepikatuta.
Bestalde, agintariak nabarmendu duenez, "ezinezkoa" da Errusia zigorrekin bakartzea, eta aliatuekin lanean jarraituko dutela gaineratu du.
"Egun ez dago modurik inor zorrotz bakartzeko, eta are gutxiago hain handia den herrialde bat", adierazi du.
Bestalde, Mikhailo Podolyak Ukrainako Gobernuaren negoziatzaileen ordezkariak azpimarratu du Errusiarekin elkarrizketak ez direla eten, baina erantsi du negoziazioak "oso zailak" izaten ari direla.
"Negoziazioak oso zailak izaten ari dira, eta gaurkoa bezalako egunetan gainean daramagun emozioarekin askoz zailagoa da", esan du. Hala ere, bi aldeen ordezkariak lantaldetan biltzen segitzen dutela ziurtatu du.
Horrez gain, salatu du Kremlinek negoziazioak baldintzatu nahi dituela bideratutako adierazpen publikoak eginda.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango