Erresuma Batua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Charles III.a, Erresuma Batuko errege berria: "Erabateko tristura unea da"

Errege aldarrikatuko dute 73 urterekin, Elizabeth II.aren heriotzaren ostean. "Gogotik ari gara negar egiten, estimatua zen erregina eta oso maitatua zen ama zendu baita", esan du monarkak.
Karlos, Erresuma Batuko errege berria
Karlos, Erresuma Batuko errege berria. Reuterseko bideo batetik hartutako argazkia.

Charles III.a da Erresuma Batuko errege berria, Elizabeth II.a erreginaren heriotzaren ostean. Bizitza osoa eman du amaren gerizpean, eta orain, 73 urte dituela, Charles Galesko printzea britainiar errege aldarrikatuko dute. Elizabeth II.a 96 urterekin zendu da, eta 70 urtez izan da erregina.

Ohar batean, Charles III.ak Elizabeth II.a amaren heriotza deitoratu du: "Erabateko tristura unea da, niretzat eta Erresuma Batuko eta Commonwealtheko herritar guztientzat. Gogotik ari gara negar egiten, estimatua zen erregina eta oso maitatua zen ama zendu baita", esan du monarkak.

"Doluko eta aldaketako epe honetan", esan du erregeak, berak eta familiak "herritarrek Elizabeth II.arekiko beti izan duten errespetua eta adeitasuna" jasoko dituzte. William printzea, Karlosen semea, ondorengoa da orain, erregina hil ostean.

Charles III.a errege berria Londresen jaio zen 1948ko azaroan, Charles Philip Arthur George izenarekin. Hiru urte besterik ez zituen ama tronuratu zutela, eta segituan bilakatu zen Kornuallesko duke, britainiar koroak titulu hori ematen baitie tronuaren oinordekoei.

Ingalaterran eta Eskozian hazia, 33 urterekin, Diana Spencer aristokratarekin ezkondu zen. Hurrengo urtean, 1982an, bikoteak lehen semea izan zuten, William printzea, eta bi urteren buruan, 1984ko irailean, haren anaia jaio zen, Harry printzea.

Charles eta Diana hamaika urtez izan ziren ezkonduta. Gerora, banantzea iragarri zuten, eta 1996ko abuztuan, dibortzioa gauzatu zen. 1997ko abuztuan, Dianak, Parisen zegoela, auto istripua izan zuen, eta hil egin zen.

Dianarengandik bananduta, Karlosek baieztatu zuen sentimenduzko harremana zuela Camilla Parkerrekin. Hain zuzen ere, 1994an BBCri eskainitako elkarrizketa batean, ezkontzako desleialtasuna gauzatua zuela baieztatu zuen. Charlesen anaia-arrebek, Anne printzesak eta Andrew printzeak, ezkontza arazoak zituzten, eta, gertakizun horien guztien ondorioz, monarkiaren onarpen mailak behera egin zuen.

Protagonismo gero eta handiagoa

Azken urteotan, amaren gerizpean urteak eta urteak eman ostean, Charles printzeak protagonismo handiagoa bereganatu du ekitaldi ofizialetan, erreginaren adinak aurrera egin ahala, eta kontuan izanik Elizabeth II.ak osasun arazoak zituela. Charlesen azken ekitaldietako bat Erresuma Batuko Parlamentuaren irekiera izan zen, 2022ko maiatzean. Elizabeth II.ak mugikortasun arazoak argudiatu zituen ez joateko; Buckinghameko Jauregiaren arabera, azken orduan erabaki zuten erregina ez bertaratzea.

Hori bai, Erresuma Batuko herritarrek gero eta kidetasun txikiagoa izan dute monarkiarekiko. YouGov konpainiak egindako azken inkestaren arabera (erreginaren Jubileua zela eta), koroak duen babesa, azken hamarkadan, % 13 jaitsi da.

Inkestaren arabera, 2021ean, herritarren % 75ek zuten kidetasuna koroarekiko, eta 2022an, aldiz, % 62k. Gainera, inkestatuen % 20k baino gehiagok uste dute Erresuma Batuko Estatuburua demokratikoki hautatu beharko luketela.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X