EPAIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

18 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote Depardieuri sexu-erasoagatik

Aktore frantziarraren aurkako lehen epaiketa izan da, eta 2021ean sexu-erasoa egiteagatik errudun jo dute. Biktimen abokatuaren ustez, epaia "emakumeen garaipena eta Depardieuren inpunitatearen amaiera da". Aktorearen defentsak errekurtsoa iragarri du.
Gerard Depardieu, epaiketara iritsi zenean
Gerard Depardieu, epaiketara iritsi zenean. Argazkia: Europa Press

Gerard Depardieu aktore frantziarra errudun jo dute 2021ean egindako sexu-eraso batengatik, aktorearen aurkako horrelako lehen epaiketan. 18 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, baina halako deliturik berriz egin ezean, ez du zigorra espetxean bete beharko. Hori zen, hain justu, Fiskaltzak eskatutako zigorra.

Le Monde egunkariak jakinarazi duenez, kartzela-zigorraz gain, eskubide zibiko, zibil eta familiakoak (botoa emateko eskubidea, edota hautagai izatekoa, besteak beste) ukatuko dizkiote bi urtez, eta haren izen-abizenak sexu-erasotzaileen erregistroan sartuko dituzte.  

Biktimetako baten arabera, epaia "aurrerapausoa da". Harago joan da Carine Durrieu-Diebolt emakumeen abokatua, uste baitu "emakumeen garaipena eta Depardieuren inpunitatearen amaiera" dela. Gogora ekarri duenez, gaur abiatuko da Canneseko zinema jaialdia eta aukera ezin hobea izango da "erasoen biktimei babesa adierazteko" eta "jarrera jakin batzuk amaitu behar direla gogorarazteko".

Depardieu ez da joan epaiaren irakurketara, eta horrekin oso kritiko azaldu da biktimen abokatua. "Epaiketan, gaixo zegoela esan ziguten, bada Azore uharteetan dago, filmatze batean. Gezurra esan digu", arrazoitu du. 

Bestalde, Jeremie Assous defentsa abokatuak iragarri du epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela. Salatu duenez, auzi hauetan "ez dago defentsarako eskubiderik, sexu-eraso delitua egozten dizuten unetik automatikoki errudun jotzen zaituzte".

76 urteko Depardieuk bi hilabetez luzatu den prozesu baten protagonista izan da, Les volets verts filmaren zuzendari laguntzaile bati eta dekoratzaile bati egindako sexu-erasoak direla eta.

Fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen, betetzetik salbuetsita. Defentsak, bere aldetik, aske uzteko eskatu zuen, eta interpretea, zinema frantsesaren aktore ezagunenetako bat, azpimarratu du "korronte puritano batek zigortu" nahi duela.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X