Zuzenean

Gaza erasopean

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Genozidio hitza erabiltzea ekidin du Guterresek

Israelek Gaza Hiria bereganatzeko erasoaldi handia abiatu du, airez eta lurrez. 

undisclosed (Israel), 16/09/2025.- Smoke rises after an Israeli airstrike on the outskirts of Gaza City, as seen from an undisclosed location on the Israeli side of the border, 16 September 2025. Israeli Prime Minister Benjamin Netanyahu confirmed during a court appearance that the Israeli military has begun a major operation in Gaza City. More than 64,800 people have been killed in the Gaza Strip since October 2023, according to the Palestinian Ministry of Health. EFE/EPA/ATEF SAFADI
18:00 - 20:00
Gaza Hiria

Azken ordua Gazatik

Israelek Gazako hiriaren aurkako erasoaldiaren "hasierako faseak" hasi ditu astearte honetan, hiriburuaren aurkako bonbardaketak gogortuz.
Palestinako Gobernuak nazioartearen "premiazko esku-hartzea" eskatu du Gazako zibilak babesteko.
Bahituen senideak protestan atera dira Jerusalemen: 48 bahitu inguru daude Gazako Zerrendan, horietatik 30 hilik leudeke. 

Gazan gertatzen ari dena "ikaragarria" dela esan bai, baina ez du "genozidio" hitza erabili Guterresek

Txostena aurkeztu eta ordu gutxira, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkariak agerraldia izan du eta Gazan gertatzen ari dena "ikaragarria" dela esan bai, baina ez du "genozidio" hitza erabili nahi izan. Ondorio juridikoak dituen terminoa dela eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzi behar duen gauza dela esan du. Ondorioz, argitu du, Nazio Batuek ez dute bere egiten txostenak dioena.

Gazako "sarraskia amaitzea" eskatu du NBEk

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubidee Bulegoak eskatu du Israel Gazan egiten ari den "sarraskia" berehala gelditzea. "Sarraski gaur gelditu egin behar da. Artilleria astuna erabiltzen ari dira, eta tankeak hiriaren hego-mendebalderantz egiten ari dira, dagoeneko goseteak jotako eremuetan barrena", adierazi du Ravina Shamdasani bulegoko bozeramaileak. 

Israelgo Armada: "Gerra helburu guztiak lortu arte, ez dugu etengo ofentsiba"

Effie Defrin Israelgo Armadaren eledunak azaldu du "hainbat hilabete" beharko dituztela, Gaza hiri osoa bereganatzeko. "Gure kalkukuen arabera, hainbat hilabete beharko ditugu hiriaren kontrola hartzeko, eta hiria erabat suntsitzeko", esan du, prentsaurreko telematiko batean. Bere hitzetan, "gerra helburu guztiak" lortu arte, ez dute etengo ofentsiba. 

 

Trumpek dio ez dakiela "gauza askorik" Gazako ofentsibaren inguruan  

Etxe Zurian kazetariei egindako adierazpenetan, Donald Trump AEBko presidenteak esan du Israelek gaur Gazan abiatutako lurreko operazio militarraren inguruan ez dakiela "gauza askorik".  "Ikusi egin beharko nuke. Ez dakit gauza askorik", azaldu du.

"Gazaren aurkako genozidio sistematikoan, beste urrats bat"

"Israelgo armadak Gaza hiria lurrez hartzeko operazioa beste urrats bat da Gazaren aurkako genozidio sistematikoan eta garbiketa etnikoan". Hala esan du Hamas erakundeak, eguerdian zabaldutako ohar batean. Ohartarazi duenez, gaur abiatutako operazioak Gazako Zerrendako giza-hondamendia areagotu baino ez du egingo. 

 

 Israelgo Gobernuak baieztatu du Yemengo Hudaydah portuari eraso egin diola

Israelgo Gobernuak baieztatu du Hadaydahko portuari eraso egin diola Yemenen, Itsaso Gorrian, "hutiek azken orduotan Israelgo lurretan egindako erasoei erantzunez". Benjamin Netanyahuren Exekutiboak ohar bidez zabaldu duenez, "Israelgo Armamak eraso egin dio hutien erregimen terroristak Hudaydahko portuan duen azpiegitura militarrari". Israelen arabera, azpiegitura militar hori erabiltzen dute hutiek, "Irandik armak ekartzeko eta Iraelen kontrako erasoak egiteko".

 

 

"Hiri osoan ez dago toki segururik, ezta osasun-langileentzat ere"

Esperanza Santos, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Gazan duen koordinatzaileak honela azaldu du hango egoera: "Beldurgarria da Gazako egoera. Israelgo Armadak ofentsiba abiatuko zuela iragarri zuenetik, okerrera egin du. Azken aste honetan, eta batez ere, asteazkenetik, bonbardaketak eta erasoak hiri osora zabaldu dira"

 

Israelek berretsi du "Gaza suntsitu" egingo dutela

Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak astearte honetan berretsi duenez, "Gaza suntsitu" egingo dute. "Gaza hiriaren kontrola hartu nahi dugu, gaur egun Hamasen gobernuaren ikur nagusia delako. Gaur, Gaza erortzen bada, beraiek ere eroriko dira", adierazi du Defentsa ministroak. 

 

Palestinarrek "ordainduko" dutela eta "Gaza suntsituko" dutela ziurtatu du Katzek, Hamaseko goi-agintariak eginez lurraldea "hondatu eta amaitu" izanaren erantzule. 

 

Katzek esan du Hamasek armak eta bahituak borondatez entregatzeari uko egin diolako etorri dela operazioa. Bere esanetan, erasoaldi berriak "modu zuzenean garaitzen du" talde palestinarra, eta, aldi berean, "mendean hartuta dituenak askatzeko indarra" egiten du. 

Israelgo Armadak bideo batean irudikatu du Gaza Hiriaren inguratzea

Gideonen Gurdiak II operazioaren barruan kokatzen du Israelgo Armadak asteartean Gaza Hiria setiatzeko erasoaldia Armadak X sare  sozialean argitaratu duenez. 

Gutxienez 28 gorpu berreskuratu dituzte hondakinen artean astearte honetan Gaza Hirian

Gutxienez 28 gorpu berreskuratu dituzte hondakinen artean astearte honetan Gaza Hirian, Israelek Palestinako hiriburuan gauean egindako bonbardaketa gogorren ondorioz hildako palestinarrenak, Gazako Defentsa Zibileko zerbitzuak jakitera eman duenez.

Hogei gorpu aurkitu dituzte Al Daraj auzoan, hiriburuaren ekialdean, eta beste zortzi Sheikh Radwanen, ipar-ekialdean.

"40 pertsona baino gehiago hondakinen artean harrapatuta daude oraindik", ohartarazi du erakundeak ohar batean.

Aldi berean, Al Daraj auzoan, hondakinen azpian zortzi orduz baino gehiagoz harrapatuta egon den 10 urteko neskato bat erreskatatzea lortu dute.

Espainiak ez du 2026ko Eurovision lehiaketan parte hartuko Israel bertan bada

Espainia ez da 2026ko Eurovision jaialdian izango, baldin eta antolakuntzaz arduratzen den EBU erakundeak (European Broadcasting Union) erakundeak Israel kanporatzen ez badu. 

 

Hala iragarri du RTVE Espainiako irrati-telebista publiko Administrazio Kontseiluak, gaur goizean egin duen bileraren ostean. 15 kidek osatzen dute: bost PSOEk aukeratutakoak dira, lau PPk, bi Sumarrek eta bana Juntsek, ERCk, EAJk eta Podemosek. 

 

Dagoeneko bost dira Israelekin batera Eurovisionen parte hartzeari uko egin dioten herrialdeak: Herbehereeak, Eslovenia, Islandia, Irlanda eta Espainia. 

Hainbat herrialdek ohartarazi dute Flotillari eraso egiten dionak kontuak eman beharko dituela

Hamasei herrialdek adierazi dute kezkatuta daudela Gazara laguntza humanitarioarekin doan "Sumud" ontzidiaren segurtasunarekin, ontzidiak erasoa jasan ostean, eta ohartarazi dute nazioarteko uretan egindako edozein erasok "kontuak ematea" ekarriko duela. Hori dela eta, "Flotillaren aurkako ekintza ilegal edo bortitz oro baztetzea" eskatu dute, eta nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko.

Espainiak, Turkiak, Bangladeshek, Brasilek, Kolonbiak, Esloveniak, Indonesiak, Irlandak, Libiak, Malaysiak, Maldivek, Mexikok, Omanek, Pakistanek, Qatarrek eta Hegoafrikak adierazi dute kezka hori, izan ere herrialde horietako ekintzaileak doaz erasoak jasan dituzten espedizioan. 

flotilla global sumud bartzelona gaza

Israelek Gazan egindako eraso "ankerra" salatu du Erresuma Batuko Atzerri ministroak

Yvette Cooper Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministroren iritziz, Israelek Gaza hiriaren aurka abiatutako eraso berria "arduragabea eta ankera" da. "Odol gehiago isuriko du, zibil errugabe gehiago hilko ditu eta geratzen diren bahituak arriskuan jarriko ditu", gaineratu du ministroak X sareko kontuan.

Su-eten "berehalakoa" lortzeko beharra azpimarratu du, bahitu guztiak askatzeko, giza laguntza mugarik gabe Gazan sartzeko eta bake iraunkorra lortzeko.

Israelek "faltsutzat" jo du NBEko Batzordearen txostena

Israelgo Gobernuak "faltsutzat" jo du NBEren Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independente batek astearte honetan argitaratutako txostena, zeinetan baieztatzen den "Israelek genozidioa" egin duela palestinarren aurka Gazan.

Israelgo Atzerri Ministerioak bidalitako ohar baten arabera, txostena egin dutenek "Hamasen ordezkari gisa jarduten dute" eta "jarrera antisemitengatik ezagunak dira".

Batzordea arlo horretan mundu mailan aditurik errespetatuenetako batek zuzen du, Navi Pillay, Ruandako genozidioaren ondorioz sortutako Nazioarteko Zigor Auzitegiko buru izan zena.

"Israelek erabat baztertzen du txosten distortsionatu eta faltsu hori, eta Ikerketa Batzorde hori berehala desegiteko eskatzen du", gaineratu du Israelgo Atzerri Ministerioak.

Bahituen senideak protestan atera dira Jerusalemen

Hamasek Gazan bahitutako israeldarren senideek protesta egin dute politikari israeldarrak eta estatubatuarrak parte hartzen ari diren Jerusalem Posten konferentziaren aurrean. Israelgo armadako bozeramaile baten arabera, 48 bahitu inguru daude Gazako Zerrendan, horietatik 30 hilik leudeke. 

Jerusalem (Israel), 16/09/2025.- Families of Israeli hostages held by Hamas in Gaza protest outside the Jerusalem Post conference, where Israeli and American politicians are participating, calling to stop the war and release the hostages, in central Jerusalem, Israel, 16 September 2025. According to an Israeli army spokesperson, around 48 hostages remain in captivity in the Gaza Strip, including the bodies of at least 30 confirmed dead. (Protestas, Jerusalén) EFE/EPA/ABIR SULTAN

Palestinako Gobernuak nazioartearen "premiazko esku-hartzea" eskatu du Gazako zibilak babesteko

Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak "nazioarteko premiazko eta salbuespenezko esku-hartzea" eskatu du "Gaza hirian zibilak babesteko", Israelgo Armadak hiria hartzeko lurreko operazioaren lehen faseei ekin ondoren, hiria "hobi komun" bihurtuko baitu.

"Gerra gelditzeko nazioarteko diplomaziaren porrota susmagarria eta bidegabea da", dio Atzerri Ministerioak ohar batean, eta "kezka handiz" ikusten du Benjamin Netanyahuren Gobernuko kideen "harrokeria", Gaza hirian inbasioa abiaraztean.

Bonbek ez dute etenik, ezta goseak ere

430 inguru dira dagoeneko Israelek egindako erasoaldi militarraren eta laguntza humanitarioa emateko murrizketen ondorioz goseak eta desnutrizioak hildako palestinarrak. Gazako Osasun Ministerioaren azken informazioaren arabera, azken 24 orduetan hiru pertsona hil dira arrazoi horiengatik, horietako bat haurra, eta guztira 428 pertsona hil dira gosearen eta desnutrizioaren ondorioz, horien artean 146 haur.

Israelek baieztatu du lurreko tropak daudela Gaza hirian, "Hamasen gotorleku nagusian"

Israelgo Armadak astearte honetan baieztatu duenez, lurreko tropak daude jada Gaza hirian. Armadaren hitzetan, Hamaseko 2.000 eta 3.000 miliziano artean leudeke taldearen "gotorleku nagusi" den hirian.

Atzerriko hedabideekin egindako saio informatibo batean, Israelgo ofizial militar batek adierazi duenez, tropek asteak daramatzate Gaza hiriaren kanpoaldean lanean, baina bart Armadak bere operazioak sakondu ditu hirian.

GAZA

Mikel Ayestaran: “Bahituen familiek Gaza inbaditzeko agindua deitoratzen dute, gatibuak hilko dituztelakoan”

EITB

EITBren Ekialde Hurbileko korrespontsalaren arabera, Israelgo tankeak aurrera doaz Gaza hirian, balizko akordio bati ateak itxi ondoren. Israelgo Armadak ez du amore emango bere helburua lortu arte; hau da, Hamas garaitu eta bahituak askatu arte.

Mikel Ayestaran: “Bahituen familiek deitoratzen dute Gaza inbaditzeko agindua, gatibuak hilko dituztelakoan”
18:00 - 20:00

NBEko Batzorde baten arabera, "Israelek genozidioa egin du palestinarren aurka Gazan",

Nazio Batuen nazioarteko batzorde independente horrek baieztatu duenez, "kanpaina genozida bat dago antolatuta, Gazako biztanleria palestinarra suntsitzeko asmo espezifikoarekin", eta "instantzia gorenetako politikariak" jotzen ditu azken erantzuletzat: Isaac Herzog Israelgo presidentea, Benjamin Netanyahu lehen ministroa eta  2022ko abendutik 2024ko azarora Defentsa ministro izandako Yoav Gallant. 

Irakurri HEMEN albistea

Gutxienez 41 pertsona hil dira Gazan, gaueko erasoetan

Tankeen mugimenduarekin batera, Israelek hiriburuaren aurkako bonbardaketak areagotu ditu, misilak, droneak eta artilleriako sua ere erabiliz, baita helikopteroetatik tiro eginez ere.

Gauean zehar, gutxienez 41 pertsona hil ditu Israelek Zerrendan. Gaza erdialdean ere gogortu dira erasoak, eta lau palestinar hil dituzte. Hiriburuan 37 dira eraildakoak. 

Benjamin Netanyahu: "Operazio indartsu bat hasi dugu Gaza hirian" 

"Operazio boteretsu bat hasi dugu Gaza hirian", iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ustelkeriagatik bere aurka abiatzekoak diren epaiketa hastear dela. 

Israel Katz: "Gaza sutan dago"

Israel Katz Defentsa ministroak iragarri du "Gaza sutan" dagoela eta Israelgo Armadak Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortu dituela gauean, X sare sozialean astearten honetan argitaratutako mezu batean. 

"Ez dugu etsiko eta ez dugu atzera egingo misioa bete arte", azpimarratu du.

Israelek lurreko operazioa abiatu du Gaza hiria hartzeko

Israelgo Armadak erasoak gogortu ditu Gaza hirian, eta, hainbat hedabide israeldarren arabera, lurreko operazioa ere abiatu du hiriburua hartzeko asmoz. 

Tokiko iturrien arabera, gauean Israelgo tankeek aurrera egin dute Gaza hiriaren kanpoaldean, gero eta leku handiagoa hartuz. Hala ere, oraindik Israelgo Armadak ez du baieztatu ezta gezurtatu ere hiriburuaren aurkako lurreko operazioa abiatu duenik.