Hauek dira gaurko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak funtsezko eremuetan, hala nola Osasunean, Hezkuntza eta Larrialdietan, bete beharreko gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte. Honako hauek bermatuko dira.
Osakidetzako ospitaleetan jaiegunetako langileekin arituko dira. Artxiboko argazkia: EFE
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek gaurko deitutako greba orokorraren harira, Hego Euskal Herriko erakundeek gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Hona, arloz arlo, bermatuko diren zerbitzuak:
Osasuna
Eusko Jaurlaritzak EAEko osasun zerbitzu publiko zein pribatuko gutxieneko jarduna zehaztu du.
- Ospitaleak: jaiegunetako ohiko langileekin arituko dira larrialdietan, sukaldean, janari-banaketan, garbiketan eta ospitaleratutako gaixoek behar duten arretan. Dialisi prozesuak eta tratamendu onkologiko lehenetsiak eta atzeraezinak ere mantenduko dira.
- Lehen mailako arreta: larunbatetako beharginekin jardungo dute.
- Zerbitzua % 100ekoa izango da larrialdietan, Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) eta osasun garraioan (larrialdietan, hemodialisian, tratamendu onkologikoetan, eguneko ospitaleko garraioan zein premiazkoan).
- ESIetako dei-guneak: % 50eko zerbitzua.
Nafarroan, honakoak dira Foru Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak:
- Erietxeak: % 100eko zerbitzua egongo da larrialdietan, ZIUan, erditze-gunean, hemodialisian, tratamendu onkologikoetan, antzeko unitateetan eta sukaldean. Premiazko ebakuntza guztiak egingo dira, baita 20 asteko ekografiak eta amniozentesi probak ere. Ohiko arretan, langileen % 60 bermatuko dira.
- Lehen mailako arreta: txanda bakoitzean familia mediku, pediatra eta erizain bana egotea bermatuko da, ohiko zerbitzuan arloko bost langile edo gutxiago dauden kasuetan. Etengabeko Arreta Guneetan ere gutxieneko zerbitzu berdinak egongo dira.
Hezkuntza
EAEko ikastetxe eta hezkuntza zentro guztiek zabalik egon beharko dute.
- Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan:
Sarrera kontrola: Zuzendaritzako kide bat eta mendekoen plantillako pertsona bat, txanda bakoitzeko. Haurreskolak Partzuergoa eta udal titulartasuneko haurtzaindegietan, koordinatzaile bat eta hura ordezkatuko duena.
Babes funtzioa egiteko: Hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasle bat; 100 ikasleko, beste irakasle bat gehituko da. Hezkuntza laguntzako espezialista bat edo antzeko pertsona, hezkuntza berezi premiadun ikasleak dituen ikasgela bakoitzeko.
- % 50eko zerbitzua, Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan edo hezkuntza bereziko gela egonkorretan.
- EHU, Musikene eta Hizkuntza Eskola Ofizialak: Zentro bakoitzeko atezain bat eta irakasle bat planifikatutako azterketak egiteko.
Nafarroan, honela banatu dituzte gutxieneko zerbitzuak:
- Unibertsitatez kanpoko hezkuntza:
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Zuzendaritzako pertsona bat eta irakasle bat, ohiko jardunean hiru irakasle dauden kasuetan. Hezkuntza laguntzako espezialista bakarra dagoen ikastetxeetan, hark egin beharko ditu gutxieneko zerbitzuak eta, gehiago egonez gero, espezialisten erdiek egon beharko dute.
- Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan, ikastetxeko zuzendaritzako arduraduna eta ikasketa-burua, sei unitate bakoitzeko lau irakasle, eskola-garraioaz arduratzen diren hezkuntza-laguntzako espezialistak, hezkuntza-laguntzako espezialisten % 67, eta garbiketa-lanak egiten dituen pertsona bat.
- Departamentuari atxikitako haur-eskolak. Zuzendaritzako arduradunak, haurren hezitzaile bat (ohiko zerbitzuan bi dauden kasuetan), sukaldari bat eta garbitzaile bat.
Garraio sektorea
- EAEko autobus, metro, tren, tranbia, funikular eta ibai garraioan (puntako orduak eta ospitaleetarako zerbitzua ematen dutenak lehenetsita): %30
- Ordainpeko autobide eta tuneletan: % 30, puntako orduetan, eta %15, gainerakoan.
- Euskadiko gasolina-zerbitzuguneetan: % 20
- Iruñerriko Villavesa zerbitzuan: % 60, puntako orduetan, eta % 40 gainerakoetan.
- Tuterako hiri autobusetan: % 50 .
Eguneko zentroak eta adinekoentzako zentroak
- Adinekoentzako, mendekotasun edo desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroetan eta eguneko egoitzetan: Arreta zuzena ematen duten langileen % 50; jatorduetan, % 60. Gainera, mendekotasun handia duten erabiltzaileak gehiengo diren zentroetan gutxieneko zerbitzuak % 70ekoak izango dira. Gaueko txandan % 100ekoak izango dira gutxieneko zerbitzuak kasu guztietan.
Osasun langileak, sukaldekoak eta garbitzaileak, hurrenez hurren, % 50 eta % 20an.
- Lizarrako Santo Domingo egoitzan, Iruñeko El Vergel eta CAIDIS San Jose zentroetan eta Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitza lagunduan (Nafarroa): jaiegunetako langileak.
Administrazioa eta Justizia
- Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzua hiru hiriburuetan: Dokumentuak erregistratzeko pertsona bat txanda bakoitzean.
- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea (EJIE): Jaiegunetako langile kopurua.
- EAEko epaitegietan honakoak bermatuko dira: guardia-zerbitzua eta dokumentuak jasotzea eta erregistratzea. Gainera, legeak ezarritako epe muga gaur den jarduera guztiak egingo dira, baldin eta epe hori ez betetzeak eskubideak galtzea edo kaltetzea ekar badezake.
- Nafarroako Auzitegi Medikuntzako eta Auzitegi Zientzietako Nafarroako Institutuan: autopsietako laguntzaile bat.
- Delituen biktimentzako laguntza: Psikologiako edo Gizarte Laneko profesional bat.
Larrialdiak
- SOS DEIAK: Zerbitzuaren % 100
- EAEko beste larrialdi zerbitzu batzuk (larrialdiei aurre egiteko eta meteorologiako zerbitzuak, suhiltzaileak, errepideak mantentzea, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa...): Jaiegunetako beharginak.
- SOS Nafarroa: Zerbitzuaren zuzendaria, segurtasunaren arloko teknikari bat eta Larrialdiak eta Komunikazio Sistemak Planifikatzeko eta Koordinatzeko Ataleko eta SOS Nafarroa Ataleko buru titularrak. Gainera, goizeko txandan, koordinazioko 7 operadore laguntzaile; 8, arratsaldekoan, eta 4, gaueko txandan, eta kasu guztietan Aretoko buru bat ere bai.
- Nafarroako suhiltzaileak: Lurralde osorako ofizialorde bat, ofizialorde edo sarjentu zentral bat eta eskualdeko beste bat egongo dira. Gainera, parke bakoitzean gutxienez kopuru hauek egongo dira: 11, Cordovillakoan; 7, Iruñeko Trinitarioen parkean; 5, Tuterakoan eta 4, Altsasu, Auritz, Lizarra, Lodosa, Nabaskoze, Oronoz, Zangoza, Tafalla eta Azkoiengo parkeetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.