UKRAINAKO GERRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zelenski eta Trump Floridan bildu dira, bake-planean "zehazteke" dauden gaiak argitzeko asmoz

Ukrainako presidentea itxaropentsu agertu da batzarraren atarian; izan ere, horren esanetan, "gauza asko erabaki daitezke Urteberri eguna heldu baino lehen". Donald Trumpek iragarri du Putinekin telefonoz hitz egin duela: "Oso elkarrizketa ona eta emankorra izan berri dut harekin". 

18:00 - 20:00

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Donald Trump AEBko presidentea Floridan bildu dira, Ukrainako bake-planaren zirriborroa hizpide.

"Zehazteke dauden gaiak argitzeko lan egin behar dugu. Jakina, gaur egun marra gorriak daude Ukrainarentzat eta Ukrainako herriarentzat", adierazi du Zelenskik bileraren atarian.

Kazetariek ea Putinek bakea lortzea serio hartzen duen galdetu diotenean, hau erantzun du Trumpek: "Bai, baietz uste dut, biek (Putinek eta Zelenskik) hala egiten dutela uste dut".

Hala ere, gaurko bilerak akordioa ekarriko duen galdetuta, Trumpek ez du erantzun itxi bat eman nahi izan. "Baliteke. Uste dut akordio baterako oinarriak baditugula", esan du AEBko presidenteak, eta ez du gatazka konpontzeko eperik ezarri nahi izan, beste batzuetan kontrakoa egin badu ere.

Gainera, Putinekin eta Europako buruzagiekin berriro hitz egingo duela esan du AEBko buruak.

Zelenskik ere hitz egin du atariko horretan. "Ixteke dauden gaiak minimizatzeko lan egin behar dugu. Hori bai, gaur egun marra gorriak daude Ukrainarentzat eta Ukrainako herriarentzat", adierazi du Zelenskik bileraren aurretik. Ukrainako agintariaren arabera, "konpromiso proposamenak daude" eta "gai horiek guztiak oso delikatuak dira", lurraldetasunaren auzia edo Zaporizhiako zentral nuklearra barne.

Testuingurua

20 puntuko bake-plana adostu dute Ukrainak, AEBk eta Europako bazkideek, eta, besteak beste, honako konpromisoak jasotzen ditu: ez erasotzeko ituna, segurtasun bermeak Kieventzat eta epe ertainean Ukraina EBn sartzeko konpromisoa. 

Bileraren atarian, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz aritu dela esan du Trumpek Truth Social sarean. Horren ahotan, "oso elkarrizketa ona eta emankorra izan berri dut Putin Errusiako presidentearekin". 

Errusia oldarraldi betean dagoela bildu dira bi buruzagiak. Zelenskik Moskuren azken erasoaldia gaitzetsi zuen atzo, Putinek bake-elkarrizketei eman dien erantzuna hori delakoan.

Gaur, baina, baikorrago azaldu da. X sare sozialean duen profilean zabaldutako mezu batean adierazi duenez, "diplomazia jardun beteko egunak" izaten ari dira honakoak, eta, horren esanetan, "gauza asko erabaki daitezke Urteberri eguna heldu baino lehen". 

"Eginahalak egiten ari gara, baina erabakiak hartzea gure bazkideen menpe egongo da: Ukrainari lagundu nahi diotenen menpe eta errusiarrek euren erasoaren ondorioak senti ditzaten Errusiari presio egiten diotenen esku", azaldu du.

Hori horrela, salatu du Errusiak "2.100 drone, 800 bonba eta 94 misil" bota dituela asteon Ukrainaren kontra. "Gure herriaren kontrako erasoa da, bizitzaren kontrakoa eta bizimodu arruntari eusteko behar diren azpiegituren kontrakoa, batez ere gure energia azpiegituraren kontrakoa", kritikatu du. 

Errusiaren kontrako neurriak

Horren harian, adierazi du garrantzitsua dela Errusiari zigor gehiago jartzea eta "presio politikoa" egitea. 

Ukrainak "aire defentsarako misilak" behar dituela erantsi du. Zelenskik bake-planaren zirriborroan jasotako "urratsak" betetzeko deia egin du, horiek baitira "gerrari amaiera emango diotenak eta segurtasuna bermatuko dutenak". "Hori da, hain justu, gure bazkideekin eztabaidatuko duguna. Eskerrik asko laguntza ematen ari diren guztiei", gaineratu du. 

Trumpekin bildu bezperan, Europako buruzagien eta Kanadaren babesa jaso zuen Zelenskik. Telefonoz aritu zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentearekin, besteak beste. 

"Gure helburu komuna lortzen lagunduko diguten ahalegin guztiak txalotzen ditugu, Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna babestuko duen bake justu eta iraunkorra lortze aldera. Eta gure herrialdearen segurtasun eta defentsa gaitasunak indartu daitezela, gure kontinentearen segurtasunaren zati garrantzitsu gisa", adierazi zion Von der Leyenek.

Costak esan zion Bruselaren babesa ez dela ahulduko, eta "bakea eta berreraikuntza" defendatu zituen, "Ukraina indartsu eta oparoa EBren segurtasun berme funtsezkoa" izango dela argudiatuta.

Bien bitartean, Kanadak iragarri zuen 2.500 milioi dolar kanadar (1.827 milioi dolar estatubatuar edo 1.552 milioi euro) emango dizkiola Ukrainari, Kievek 8.400 milioi dolar eskura ditzan Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) mailegutan. Mark Carney Kanadako lehen ministroak egin zuen iragarpena, Zelenskirekin Halifaxen (Kanada) bildu ostean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X