ZIBERSEGURTASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Europako zenbait supermerkatu kateren kontra egindako zibererasoek milioika euroko galerak eragin dituzte

Piratak izozkailu sistemen urrutiko kontrolean sartu ziren gailuen tenperatura igotzeko, eta, ondorioz, produktu asko alferrik galdu dira.

elikagaiak supermerkatua. alimentos supermercado

Supermerkatu baten irudia. Argazkia: EITB

Frantzia, Belgika eta Herbehereetako hainbat supermerkatuk zibererasoak egin dizkietela jakinarazi zuten atzo, astelehenez. Zibererasoek produktu freskoei egin diete kalte, eta galerak milioika eurokoak dira.

Belgikaren eta Herbehereen kasuan, "zibersegurtasun intzidenteak" Delhaize eta Albert Heijn taldeei eragin zien. Ez dituzte establezimenduak itxi, baina etxez etxeko entrega zerbitzuak bertan behera utzi dituzte.

Eragina handiagoa izan da Frantziako Estatuan. Piratak izozkailuen urrutiko kontrol sisteman sartu ziren eta izotza azkar urtzeko programa bat abiarazi zuten, 50 gradutan jarri zituzten, eta, ondorioz, produktuak galdu egin dira.

Thierry Cotillard Les Mousquetaires taldearen presidenteak, kaltetuetako batek, "nazio mailan dozenaka milioi euroko kaltea" egin dutela adierazi du, eta "hondamendia" dela deitoratu.

Erasoaren egilea nor den adierazi gabe, Cotillardek esan du helburu ekonomikoa izan dezakeela, eta piratek kaltetutako enpresei erreskatea eskatzea, baina "testuinguru politikoa ezegonkortzeko helburua" ere izan dezaketela ohartarazi du.

"Supermerkatuek hornitzen ez badute, herria gose izango litzateke, eta goseak den herri bat iraultzara doa. Hondamendia litzateke", esan du zuzendariak, eta, era berean, adierazi du hornikuntza- eta logistika-sistema pirateatzea arriskutsua dela, supermerkatuak produkturik gabe utziko lituzke eta.
Frantziako Gobernuak oso serio hartu du erasoa, eta ikerketa abiaraztea agindu du, Danfoss Danimarkako enpresaren, kaltetutako hozte-sistemen arduradunaren, segurtasun-akatsetan oinarrituta.

Cooperative U eta Intermarché supermerkatuez gain, erasoak Netto, Leclerc, Monoprix eta, hedabide batzuen arabera, Carrefourren supermerkatu batzuei ere eragin zien.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X