Elkarrizketa, eitb.com-en
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Marivi Bilbao: 'Jendea ez doa zinema-aretoetara hotz delako'

Bilboko bere etxean oporretan dago Marivi Bilbao. "La que se avecina" saioaren grabazioari berriro ekin baino lehen, gurekin solasean egon da, bere bizitzari buruz, zineari buruz, politikari buruz...
Marivi Bilbao bere etxean.
Marivi Bilbao bere etxean.

Zelan daramazu jarraitzaileen gaia?

Bada, ederki asko. Kontuan izan bezeroak direla. Jende horrek kale egiten badizu pikutara joan zaitezke, argi eta garbi esateko.

Zein da esan dizuten gauzarik bitxiena?

Oso gauza politak esaten dituzte denek. Saioa oso ondo idatzita dagoenez, jendeak barre asko egiten du, baina gehien ulertzen dutenak, dena harrapatzen dutenak, hamalau eta hamabost urtekoak dira. Horiek dena harrapatzen dute eta ikaragarriak dira, beti esaten dituzte gauza politak, edukazio handia dute. "Mesedez, hemen sinatuko didazu?". Zapatan ez, eramaten duten beste zera horietan. Eta eurek ateratzen dituzte sinadura ez ezabatzeko eramaten dituzten boligrafo berezi batzuk. Oso jatorrak dira.

Zelakoa zen Marivi Bilbao gaztetan?

Polita. (Kar-kar). Gero, denborarekin, desitxuratu egiten zara. Eta ausarta. Aktorea izateko asko busti behar zara, castingetara joan eta gauzak asmatu behar dituzulako zerbait kontatzeko, antzezten badakizula ikus dezaten. Ausarta izan behar duzu. Busti behar zara.

Zelan hartu zuten zure gurasoek aktore izan nahi izatea?

Ez zuten ezta ikusi ere egin nahi. Nire ama gaztetan hil zen, baina nire aitak ez zuen ni horrelako ezer egitea nahi eta denborarekin etxetik alde egin behar izan nuen. Oso gaizki pasatzen duzu. Eta zuk badakizu gainera, neska zarela nabaritu dizut eta (kar-kar). Gaztea zara eta beste garai batean bizi zara, baina hala ere, mutilek baino zailagoak izango dituzu gauzak, horiek oraindik ere gogoak emandakoa egiteko baimena dute eta. Nire garaian zer esanik ez, 80 urte beteta ditut, beraz, pentsa gaztea nintzenean zer pasa behar izan nuen. Oso gogorra zen.

Zer izango zinen aktorea izango ez bazina?

Ez dakit. Aktorea izan nahi nuenez, horretan baino ez nuen arreta jarri. Ezin da jakin. Gauza bera da datorren urtean zer egingo duzun galdetzen dizutenean. Zer dakit nik, agian ez naiz hemen egongo. Hala ere, nik artista zoragarriak ikusten ditudanean, adibidez, zirkuan, edo pailazo onak ikusten ditudanean, hori zoramena iruditzen zait. Orduan inbidia moduko bat daukat, zelako gauza ederra! Niri batzuetan malkoak ateratzen zaizkit. Interpretazio ona ikusten ari naizenean, edozein motakoa dela, gorputz osoa irteten zait lekutik. Baina bakoitzak egin nahi izan duena egiten du, tematu den horretan. Eta asko kostata gainera, larrua horretan uzten baituzu.

Antzerkia faltan botatzen duzu?

Dagoneko ez. Antzezlan asko egin ditut, baina dagoeneko ez dut gehiagorik egin nahi. Iaz ere deitu zidaten, baina niretzako oso gogorra da. Ohetik altxatu eta teloia altxatu behar dela pentsatzen hasten zara. Oso baldintzatuta bizi zara, egun osoan zure burua zaintzen eman behar duzu eta. Gehien gustatzen zaidana zinema egitea da. Niretzako zinema arterik onena da. Pentsa zelako artelan zoragarriak dauden munduan, bada niri, guztien artean gehien gustatzen zaidana zinema da, zinemak denetarik izan dezakeelako: musika, literatura...

Eta zelan hasi zinen zinemagintzan?

Nik 28 urte inguru nituen garaian, Euskadira zinemara egitera etortzen hasi ziren, Euskadi oso polita delako. Madriletik ekartzen zituzten protagonistak, baina bertako aktoreak ere kontratatzen gintuzten. Orduan zinema egiten hasi eta esan nuen: "Joe, niri kameraren kontu hau izugarri gustatzen zait". Eta asko maitemindu nintzen zinemarekin. Egitea gehien gustatzen zaidana da. Gauza txikiak egiten hasi nintzen, baina ondo atera ziren. Niri kritikoek askotan nabarmendu naute eta ez paper handiekin, txikitxoekin baizik. Bihotzez egiten nuenez... Ondo ateratzen zitzaidan, suerte hori izan nuen. Zinema asko egin izan dut eta oraindik ere egiten dut.

Film labur asko egiten dituzu. Formatu hori gustatzen zaizu edo zuzendari gazteekin lan egitea da gustatzen zaizuna?

Film laburren erregina naiz, zu. Film Laburren Erregina izendatu ninduten Palentzian, duela lau urte inguru. Nahiago dut zuzendari gazteekin lan egitea zaharrekin baino. Zaharrak oso onak dira eta meritu handia dute, baina idazten dutenarekin asko maitemintzen dira eta ez dute hortik irten nahi. Askotan aktoreek, sentitzen diren moduaren arabera, papera hobetzeko gaitasuna dute, gauza bera esaten; baina zaharrak ez dira ausartzen, orokorrean. Espainian dauden zuzendari on guztiekiko errespetu handiz esaten dut, baina nahiago dut gazteekin. Antzezten zaude eta esaten dizute: "Bai, hortik Marivi, hortik" edo "kendu pixka bat" edo "pixka bat gehiago jarri", eta zaharrek ez dute horrelakorik esaten, esaten dute: "Hau era honetan dela esan dut eta horrela egin behar duzu". Zorrotzagoak dira.

Ederki konpontzen zara Borja Cobeagarekin.

Noski, horrekin ederki asko. Duela gutxi egin dut berarekin beste film bat eta Gabonetan estreinatuko da: No controles. Oso paper txikia da, baina nahiko ona.

Zelan joan zaizu filmaketan?

Oso ondo. Elurra egon behar zuen eta, noski, elurrik ez zegoenez, benetako elurra baino politagoa den elur bat jartzen zuten. Ederra. Denbora asko ematen du, izan ere, adibidez, nik auto batean joan behar nuen eta itzuli; eta berriro joaterakoan, zorua deseginda zegoen eta aldatu behar izaten zuten. Nik esan nuen: "Zelako pena umerik ez egotea". Umeak liluratuta geratuko ziren elur berri horrekin. Ederra zen, ederra.

Antzerkira eta zinemara ikusle gisa joaten zara?

Askotan. Orain konpainia oso onak egon dira Bilbon, horietako batzuk nire lagunenak, eta ikusi ahal izan ditut oporretan nagoelako. Zoragarri. Baina orain ezin dut zinemara asko joan, neska, aire egokituak gaixotzeko moduan jartzen dituzte eta. Nik film batean irten behar izan nuen izoztuta geratzen ari ginelako. Jendeari hori gertatzen zaio; ez doaz zinemara hotz direlako. Film bat ikustera joan eta alde egin behar izan nuen, eta ona zen filma. Hiri bati buruzkoa zen, bonba batzuk erori eta dena desegin zela. Eta gainera benetan gertatu zen. Beltza den gizon nagusi batek egiten du lan, bere izena ez dut gogoratzen. Ederra izan zen, baina ez dakit zelan amaitu zen alde egin behar izan nuelako, dardaraka nengoen! Irten eta kafea esne beroarekin hartu behar izan genuen. Nik esaten nuen: "Baina beno, jende honek akabatu nahi gaitu? Zer nahi dute? Jendea zinemara ez joatea?" Oso jende gutxi zegoen eta, noski, gero jendearekin hitz egin nuen eta zera esaten dute: "Ezin da zinemara joan, hotzez hiltzen zara".

Zelan gogoratzen duzu Oscar sarien banaketa?

Oso ondo, baina lan asko egin nuen, hara filma promozionatzeko joaten zarelako eta lanean zaude. Baina oso ondo pasa nuen. Gainera, aurretik ez nintzen sekula joan eta ikaragarria iruditu zitzaidan. Berriro jaioko banintz, han jaiotzea gustatuko litzaidake, han zinema usaina baitago. Izugarria da. Gertatzen dena da, handiak ez dituzula ikusten, sariren bat eman eta oholtzara igotzen direnean baino ez. Hemengoa, Bilbokoa, zen batekin hizketan egon nintzen. Mutila aktore handien autoak gidatzen dituzten horietako bat zen eta zera kontatu zigun: "Guk Urlia edo Sandia sartu baino lehen, lau edo bost aldiz miatzen dugu autoa". Oso isolatuta daude, ezin dute irten. Beldur dira, bahiketak eta horrelakoak gerta daitezkeelako. Mundu honetan dena diru kontua denez, neska, izugarria da. Bada, orduan ezin dituzu handiak ikusi. Niri pena handia eman zidan, gogo handia nuen eta.

Zergatik galdetzen dizute beti tabakoari buruz?

Nire ustez orain da, modan jarri delako ezin dela erre. Lehen ez zuten ezer esaten, txikitatik erretzen dudala nik. Ezin dela erre esaten duten lege hauek sortu direnetik izan da eta erretzeagatik hiltzen dela jende guztia esaten hasi direnetik. Begira zelako txorakeria! Nik ez dut uste jendea erretzeagatik hiltzen denik, ni baino zaharragoa den jendea ezagutzen dut nik, eta asko esatea da hori; bada, erretzen dute eta ez zaie ezer gertatzen. Egokitu zaizun egunean hilko zara. Ez dut esan nahi jendeak erre behar duenik, hor konpon! Bakoitzak egin dezala gogoan duena. Inoiz ez didate ezer esan, erretzea debekatzen duen lege hori atera zenetik izan da dena. Eta uste dut orain okerragoa izango dela, uste baitut ezin izango dela erre ez eskola batetik gertu, ezta umeen parke batetik gertu. Orduan, zigarroa piztu eta urpera botatzen ez bazara...

Politikan interesik baduzu?

Bai, noski. Politika dena da, orain hitz egiten ari garena ere politika da. Pentsa ezazu, gainean daramagun guztiarekin, elkarri gauzak esan eta borrokatzen ari diren honetan. Adibidez, Zapaterok egin duen gobernu aldaketa honetan, zuk ikusi duzu zenbateko matxismoa dagoen horrelakoa izan behar ez duen jendearen artean? Ikusi duzu zelan hitz egin duten zenbait emakume politikoei buruz? Oso beldurgarria. Eta beste egunean? Ez dakit 58 edo 59 emakume diren hil dituztenak, zu. Imajinatu dezakezu zer den hori? Niri iruditzen zait geuk mutilak hilko bagenitu eurek hiltzen gaituzten moduan, legea bost minututan aldatuko zutela. Etxetik 500 metrora ezin direla egon esaten dute, baina bestea dagoeneko ikaraz hilda dago. Izugarria da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X