Elkarrizketa, eitb.com-en
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ibarretxe anaiak: 'Bilbon filmatzen, konpartsa bat ematen genuen'

Javierrekin hitz egin dugu. Bere anaia Estebanek zuzendutako azken lana ekoitzi du, gidoia Esteban eta Josemi anaiena da eta musika Santik egin du. Komedia egileak baino gehiago dira Ibarretxetarrak.
Javier, Esteban eta Jose Miguel Ibarretxe.
Javier, Esteban eta Jose Miguel Ibarretxe.

Un mundo casi perfecto filmatzen amaitu duzue?

Bilboko jaietako lehendabiziko egunean amaitu genuen eta orain muntaia eta postprodukzio garaian gaude. Soinua jartzera sartuko gara eta Gabonetarako amaituta egotea nahi dugu. Gero banaketa estrategia hasiko da; oso gogorra da zinematografia-emanaldien mundua. Zelako hitza, antzinakoa ematen du, ez? Orain "webean argitaratu" edo "streamingean sartu" esango genuke.

Zelan joan da filmaketa?

Oso ondo, eta filma oso barregarria geratzen ari da. Pentsa nik 500 aldiz ikusi dudala eta oraindik ere barre algarak ateratzen dizkidala. Ez dakit filma ona ala txarra izango den, baina argi dago barre algarak sortuko dituela, eta gaur egun barre algarak garesti daude. Merkatura bazoaz esango duzu: "Jarri algaren libra eta erdi", eta merkatukoak esango dizu: "Uf, kreditua eskatu beharko duzu".

Alex Angulo izan da protagonista, zuen film askotan bezala.

Alex, lagun mina izateaz gain, komedia odolean darama. Tira, orotariko aktore ona da, komedia, drama, edozer gauza egiten du, baina berak komedia egiten gozatzen du. Ertzaintzaren inspektore baten papera egin du eta benetan barregarria dago. Antonio Dechent eta Javier Merino ere badaude; a, ze parea... Urte batzuk barru eurei buruzkoak entzungo ditugu On Kixote eta Sancho eta Walter Matthau eta Jack Lemmonekin batera, zinema eta literaturan egon diren bikote mitikoak. Irudikatzen badituzu, Javier Merino bere handitasunean, izugarria dagoela, eta Antonio Dechent, altua, argaltxoa eta luzea, On Kixote eta Sancho bezalakoak dira, baina alderantziz. Hain bikote singularra da, ezin dudala definitu, baina lepoa jokatuko nuke jendeak benetan barre egingo duela.

Norena da gidoia?

Gidoia, batez ere, Estebanena da, baina Jose Miguelena ere. Santik musika konposatu du eta Estebanek zuzendu du, Josemi etxeko ideologoa delako eta orain ideia pare batekin dabil lanean. Nire anaia Santi aipatu dudala, Tutto per Gina deituriko antzezlan batekin dago, eta espero dut Bilbora ekartzea. Anaien artean sinesgaitzak gara bata besteen lanekin, baina ikustera joan eta flipatu nuen. Leher eginda irten nintzen hainbeste barre egin ostean. Gainera, terapeutikoa da. Esan nion Gizarte Segurantzarekin hitz egin behar zutela tratamendu bezala kontuan hartzeko. "Depresioaren kontrako pilulak utzi eta Primital Bros ikusiko dituzu", esango du medikuak. Antza, Elena Ochoak Londresera eraman nahi ditu.

Zer moduz Alhondigan filmatzen?

Bitxia. Bertan filmatu dugun lehendabizikoak izan gara. Pelikularen bukaera izan da, oso eszena bitxia. Egia esan, filmaketa osoa Bilbon egin izana kristorena izan da eta lan-talde guztia bertakoa izatea lagungarria izan da maila ekonomikoan, jendea etxera joan delako lotara. Koadrilarekin joatea bezalakoa izan da, batzuetan konpartsa bat ematen genuen. Film hau ilusioa berreskuratzeko terapia bat izan da. Izan ere, zuzendariek ahal dutena filmatzen dute eta ez nahi dutena. Amerikarrek bai, dirua dute eta zuzendaria pozik ez badago, filmaketa amaitu ostean, setera itzuli eta eszena hori berriro filmatzen dute; horregatik geratzen zaie hain ondo. Hori egiteko aukera dute zinemagintza industria bat delako eta eurak emaitzei begira daude. Nik hemen borroka hori daukat. Aspaldian Bilbo enpresen gunea zen eta hori galdu genuen; orain, zerbitzuen hiria da. Bilakatu dezagun Bilbo ikus-entzunezkoa pil-pilean dagoen toki bat. Tresnak badaude, jendea badago, finantziazioa baino ez da behar, baina hemen burdina eta torlojuaren ohitura dute eta ez dute ikusten ikus-entzunezkoak ere lana sor dezakeela.

Dramarekin ausartuko zarete?

Bai, Los Cronocrímenes, ekoitzi dugun azkenekoa, zientzia-fikziozko thriller bat da. Hori baino lehen Muertos comunes egin genuen, baloratu ez den filma eta nik bereziki maite dudana, eta thriller dramatikoa da. Orain proiektu bi garatzen ari gara, bata zientzia-fikziozkoa eta bestea, psikopata baten thriller bat. Nire ustez, komedia zailagoa da, drama ez da hain arriskutsua. Baina barregura ematen duen drama egiten baduzu, orduan tragedia bat da eta tragedia da ere komedia egin nahi eta irribarre bat ere lortzen ez duzunean.

TV movie deiturikoak ere egin izan dituzue.

Aspaldian egin genuen bat eta orain beste bat ateratzeko borrokan ari gara; baina, batez ere, lipduben inguruko gala batekin ari gara lanean, Gabonetarako egingo dugu ETBrekin. Lipdubak taldeko play back modukoak dira, oso gauza dibertigarria. Nazioarteko zinemarekin ere lanean ari gara. Helburua nazioarteko filmaketak ekartzea da. Eusko Jaurlaritzaren Arrisku Kapitalaren bitartez laguntza ekonomikoa bilatzen ari gara, zinemagintzaren aldeko apustua egin dezaten, beti "ama Kulturari" laguntza eskatu behar diogula, baina benetako negozioa bihurtzea nahi badugu, Industria sailetik landu beharko da. Hemen, harrobia badago, ideiak badaude eta badago borrokatzeko gogoa duen jendea; diru laguntza da behar dena. Basamortuan oihuka ari den profeta naiz ni, baina San Juan Bautista bezala ateratzen banaiz, gamelu larruarekin jantzita Gran Vian, Zamudio amaitzeko aukera daukat.

Euskadiko beste zuzendari batzuekin harremanak dituzue?

Lagun asko ditugu: Alex de la Iglesia, Julio Medem, Nacho Vigalondoren taldekoak, Koldo Serra, crack itzela iruditzen zaidana... Orain Nacho bere lehendabiziko nazioarteko filme handia dauka aurrean, eta horrek pozten nau. Oso harro nago maisu handia den ikus-entzunezko toreatzaile bati alternatiba eman diodalako.

Sabotage! eta gero koprodukzioaren esperientzia errepikatu duzue?

Parte hartze txikia izan genuen The anarchist's wife filmean, (ekoizle eta zuzendari alemanak ditu) eta pena izan zen, baina katalanek eraman zuten. Gerra Zibilaren garaiko zabalgunea zuen hiri batean filmatu behar zen. Guk ez genuen finantziaziorik lortu eta katalanek eskuratu zuten. 6 milioi euroko filma zen eta bi milioi Bartzelonan geratu ziren. Hemen diru-laguntza eskatzen baduzu, ez dute ulertzen Eusko Jaurlaritzaren 120.00 euro horiekin bi milioi euro ekarriko genituela Bilbora. Gainera, hemen oraindik ere asko begiratzen dute norena zaren, norekin ikusi zaituzten, zer alderdikoa zaren... Hori gertatu zitzaigun Muertos comunes pelikularekin. Une horretan Ibarretxe lehendakaria deabrua zen Madrilen eta Ibarretxe anaiak heldu ziren Armada kritikatzen zuen pelikula batekin. Horrek tristura handia sortu zidan, nik uste nuen beste maila batean geundela.

Ibarretxe anaiek ondorengoak izango dituzte?

Nik ez dut denboran sinesten. Atzera begiratzen dudanean haserretu egiten naiz eta aurrera begiratzen dudanean beldurtu. Nahiago dut "oraintzea".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X