Hauteskundeak Iparraldean: Baionako bataila, abertzaleen erronkak eta ezkerraren zatiketa
Ipar Euskal Herriko 160 auzapez aukeratuko dituzte gaur eta, bigarren itzulia bada, hilaren 22an. Ezkerra zatituta aurkeztu da, EH Baik azken urteotako emaitza onak berretsi nahi ditu eta EAJk bere eragina handitu nahi du.
Baionako hautesleku bat. Argazkia: EITB Media
Hendaiatik Maulera eta Baionatik Garazira, zalantza ugari argitu behar dira gaurtik aurrera Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetan. Herriko etxeetako bozak, ohi bezala, bi itzuliko sistema baliatuta erabakiko dira: lehen itzulia martxoaren 15ean egingo dute, eta bigarrena, behar izanez gero, hilaren 22an. Udalerri gehienetan zerrenda bakarra aurkeztu den arren, kontuan hartu beharreko hainbat arretagune izango dira.
Lapurdiko kostaldean, lehia estua espero da Baionan zein Biarritzen. Oso urrutira joan gabe, Hego Lapurditik hasi eta barnealderaino, EH Baik aurreko hauteskundeetan, 2020an, lortu zituen emaitza bikainak berretsi nahi ditu. Ikusteko dago, halaber, zer neurritan lor dezakeen EAJk bere aukerak nagusitzea jomugan dituen bederatzi udalerritan.
Eskuinaren eta ezkerraren arteko lehiari dagokionez, ezkerra zatituta joango da beste behin eta eskuina indartuta atera daiteke. Eskuin-muturraren mehatxuari erreparatuz, ahulago agertu ohi da udal hauteskundeetan, baina Europako hauteskundeetan zein presidentea hautatzekoetan indar handia erakutsi zuen, baita Iparraldean ere, eta arretaguneetako bat izango da.
160 auzapez
Ipar Euskal Herriko udalerriak batzen dituen Euskal Hirigune Elkargoak 158 udal hartzen ditu bere baitan. Halere, beste bi udalerri ere sartu ohi dira Ipar Euskal Herrian: Eskiula eta Jeztaze (Zuberoan daude biak, eta erabat euskaldunak dira biak mintzairari dagokionez). Hortaz, 160 auzapez aukeratuko dituzte.
Bi itzuliko hauteskundeak izan arren, udal gehientsuenetan, % 90etan, lehen itzulian erabakita geldituko da nor izango den auzapeza eta nortzuk herriko kontseilariak. Izan ere, udal gehienetan (116 udalerritan) hautagaitza bakarra edo bi (30 udalerritan) izango dira, eta nahikoa izango dute gutxieneko mugetara heltzea. Litekeena da 15 bat herritan bigarren itzulia izatea.
Bestalde, legedi berria izango da indarrean hauteskunde hauetan. Orain arte 1.000 biztanletik gorako herrietan aurkeztu behar izaten ziren, derrigorrez, zerrenda parekideak. Hauteskunde hauetan, baina, herri txikiek ere bete beharko dute baldintza hori; alegia, zerrendetan emakumeen eta gizonen kopuru bera izan behar da.
Neurriak eragin handia izan du Ipar Euskal Herrian, 1.000 biztanle baino gutxiago baitituzte 115 udalerritan, Iparraldeko udalen % 70etan baino gehiagotan.
Baiona, Angelu eta Biarritz
Baionak, Angeluk eta Biarritzek osatzen dute Ipar Euskal Herriko eremurik jendetsuena. Hiru udalerri horietan, 122.000 lagun inguru bizi dira, eta Ipar Euskal Herrian, guztira, 310.000 lagun inguru. Hots, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko biztanleen % 40 hiru udalerri horietan bizi dira.
Baionan (53.000 biztanle) lehia estua aurreikusten da. Etchegaray zentristak lau zerrenda izango ditu aurrean, tartean Etcheto sozialista eta Iriart ezkerreko abertzalea. Eskuin-muturra ere aurkeztuko da bertan. 2014tik da Baionako auzapeza Etchegaray, eta sei urte gehiagoz luzatu nahi du agintaldia. Ez du argitu, ordea, Euskal Hirigune Elkargoaren presidente izateko aurkeztuko den alkatetzan jarraitzen badu.
Biarritzen (26.000 biztanle), berriz, Maider Arosteguy orain arteko alkateak bost hautagai izango ditu aurrean, tartean, Serge Blanco errugbi jokalari historikoa. Les Républicains (LR) alderdiko hautagaia da Arosteguy, eta, besteak beste, EAJren babesa izango du haren zerrendak, zenbait jeltzale bere baitan hartu baititu.
Azkenik, Angelun (42.000 biztanle) Claude Olive orain arteko alkate errepublikanoa da faborito nagusia. Aurrean izango ditu Mahaut Fanchini ekologista buru duen Anglet Ensemble ezkerreko zerrenda eta Eñaut Alfaro buru duen Hemen Angelu. Azken horrek EH Bairen babesa du, eta “ezkerrekoa, euskalduna, ekologista eta feminista” da.
Abertzaleen xedeak
EH Bai da ezkerreko independentistek Ipar Euskal Herrian duten erreferentzia nagusia. Inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2020ko udal hauteskundeetan, eta, besteak beste, Ziburu, Urruña, Uztaritze eta Itsasu udalerrietako alkatetzak eskuratu zituzten. Horrekin batera, zenbait udalerritako udal gobernuetan izan dira, bertan nagusitu ziren zerrendak babestu baitzituzten.
Urtebete geroago, EH Bai bigarren indarra izan zen departamenduko bozetan, eskuina batu zuen Force 64 plataformaren atzetik. 2024ko uztailean, azkenik, EH Baik lehenengoz bidali zuen ezkerreko independentista bat Parisko Asanblea Nazionalera, Fronte Popular Berriaren baitan. Horrela, Peio Dufauk 60ko hamarkadan diputatu izan zen Mixel Labegerie abertzalearen lekukoa hartu zuen.
Une goxoak bizi izan ditu EH Baik azken urteotan, eta ikusteko dago bolada horri eusteko gai den oraingoan.
EAJ, berriz, bederatzi udalerritan aurkeztuko da edo zerrenda zabalagoak babestuko ditu. Hautagai propioak aurkeztuko dituen udalerrietako bat Kanbo izango da, eta orain gutxi arte Ipar Buru Batzarraren presidentea izandako Peio Etxeleku alkategaia izango da bertan.
Donibane Garazin egoera nahasiagoa da. Laurent Inchauspe azken urteotako alkatea EAJra batu zen 2024an. EAJk pozik hartu zuen Euskal Herriko beste hiriburu batek alkate jeltzalea izatea. Alderdiaren iturriek azaldu dutenez, baina, Inchauspek ez du berritu alderdikide izateko apustua, eta EAJk ez du alkategai propiorik izango Nafarroa Behereko hiriburuan.
Bestalde, jeltzaleek alderdikideak sartu dituzte Maider Arosteguyren zerrendan, Biarritzen, eta Jean François Irigoyenen hautagaitzan, Donibane Lohizunen. Ondorioz, EAJk azken urteotan alkate izan diren errepublikanoen alde egingo du. Jeltzaleek antzera jokatuko dute Hendaian, eta 2014tik auzapeza den Kotte Ezenarro sozialista babestuko dute
Baionan, berriz, jeltzaleek ez dute babestu Etchegarayen zerrenda, eta ikusteko dago noren alde egiten duten bigarren itzulian.
Etxebizitza eta turismoa
Etxebizitzaren inguruko politikak eta turismoaren kudeaketa gai erabakigarriak izango dira udal hauteskunde hauetan. Bidasoaren hegoaldean bezala, Iparraldean etxebizitzen prezioak gora eta gora ari dira, eta arazo larria bilakatu da.
Lapurdin, bereziki kostaldean, baina ez hor bakarrik, sekulako presioa sumatzen da: bigarren etxebizitzak ugaritu dira, alokairu turistikoak biderkatu, kostaldera erretiro ondoko garaia ematen duten herritarren eragina gero eta nabarmenagoa da… Horrekin batera, gero eta gehiago dira turismoa gainezka egitetik gertu ikusten dutenak. Saturazioaz hitz egiten da, eta alderdiak horren inguruan mugitzen hasi dira.
Tokian tokiko gaiek ere garrantzi handia izan dute hauteskunde-kanpainan (Biarritzen, Aguilera inguruaren proiektua; Baionan, mugikortasun arazoak…), zenbait lekutan segurtasunaren inguruko eztabaidak indarra hartu du, eta euskararen orainaz zein geroaz hitz egin da. Osagai horiekin, eta alderdien aliantzak eta korrelazioak kontuan hartuta, ikusteko dago hauteskundeek nolako egoera uzten duten.
Elkargoa osatzeko giltzarri
Udaletako hauteskundeak giltzarri dira Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkaritza osatzeko. Orain bederatzi urte sortua, Ipar Euskal Herriko udalerriak batzen dituen erakunde propioa da, eta hauteskunde hauetan horren ordezkariak (232 eserleku) ere aukeratzen dira.
Herri txiki gehienek (143) ordezkari bana dute, baina 5.000 biztanletik gorako 14 herriek gutxienez bi eta gehienez 22 ordekari dituzte bertan. Kanbok eta Ziburuk, esaterako, bina ordezkari dituzte; Hendaiak 7 ditu; eta Baionak ditu ordezkari gehien, 22.
Elkargoa sortu zenetik Etchegaray Baionako alkatea izan da EHEko presidentea. Maila sinbolikoan bada ere, eta erakundeak eskumen mugatuak dituen arren, Ipar Euskal Herriko lehendakaria izan da, nolabait. Ikusiko da herriko etxeetako bozek berriz ere aurkezteko aukera ematen dioten.
Elkargoaren eskumenen inguruko eztabaida ere mahai gainean dago. Askok uste dute harago joan behar duela, eta erakunde berri baten alde egiten dute. Lurralde kolektibitate bat eskatzen dute, eskumen eta baliabide gehiago izateko. Beste batzuek, aldiz, nahikoak dituela uste dute, eta funtzionatzeko erari erreparatzen diote. Halaber, badago eskumen gehiegi dituela dioenik ere. Eztabaida hori ere mahai gainean izan da egunotan, eta aldarrikapen horrek bide bat edo beste hartuko du, emaitzen arabera.
Zure interesekoa izan daiteke
Eskuinaren garaia amaitzen ari dela eta Bartzelonan aro berria hasi dela aldarrikatu du Sanchezek
Espainiako presidenteak eta Lula da Silva Brasilgo presidenteak New Yorkeko alkatearen eta Tim Walz gobernadorearen babesarekin itxi dute 'Global Progressive Mobilisation' topaketa.
Trebiñu Arabaren parte izan dadila aldarrikatu dute Argantzunen, Trebiñu Egunaren ospakizunean
EAJren presidente Aitor Estebanek ziurtatu du bere esku dagoen guztia egiten jarraituko duela Trebiñuko herritarrei "ahotsa emateko", eta Araban sartzeko duten "nahia" bete dadin.
Korrikak dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen ote dituen aztertuko du Gasteizko Udalak
Euskararen aldeko lasterketan ETAko presoen argazkiak erakutsi zirela eta, finantzazio publikoa etetea eskatu du gaur, mozio bidez, Alderdi Popularrak. Mozioa atzera bota du Udalbatzak, baina Maria Nanclares zinegotzi sozialistak iragarri du kasua aztertuko dutela, udal ordenantzaren araberakoa ote den jakiteko.
Sanchezek eta Lulak, "gerrari ezetz" esanez, olatu erreakzionarioari aurre egitea eskatu dute
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak argi utzi dute bat datozela egungo une geopolitikoaren aurrean, "gerrari ezetz" esanez. Sanchezek adierazi du bi herrialdeen arteko harremana aldebikoa baino askoz haratago doala, eta azpimarratu du munduaren ikuspegi bera dutela.
Pradalesek ukatu egin du Euskadik "etengabeko tentsio-giroa" bizi duela, eta "moderazioa" eskatu dio PPri
Imanol Pradales lehendakariak ukatu egin du Euskadik "etengabeko tentsio-giroa" bizi duela, Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak horrela ziurtatu ondoren. Lehendakariak "introspekzioa, moderazioa eta neurria" izatea gomendatu dizkio Javier de Andresi. PPk "erradikaltasuna, mehatxuak eta larderia bultzatzea" egotzi dio EAJri.
Pradalesek "herri akordioak" ez babestea leporatu dio EH Bilduri, eta "bustitzeko" eskatu dio
Imanol Pradales lehendakariak EH Bilduri aurpegiratu dio legegintzaldiaren bi urte hauetan "herri mailako" akordio handi bakar bat ere babestu ez izana, eta "bustitzeko" eskatu dio. Otxandianok, bestalde, ohartarazi du Eusko Jaurlaritzan bazkide diren bi alderdien arteko "desadostasunak", euskara bezalako gaietan, "oztopo" direla aurrera egiteko.
Etxebizitza finkatu da euskal gizartearen arazo nagusi gisa: burbuilaren garaiko mailara iritsi da kezka
Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroak agerian utzi du gora egin duela prekaritatearekiko eta arazo ekonomikoekiko kezka. Delinkuentziaren inguruko kezka, berriz, apaldu egin da.
Armengolek Koldoren bitartez hitz egiten zuen Abalosekin, eta haur-maskarei buruz galdetu zion: "Konponduko dizut"
Ikertzaileen arabera, Koldo bitartekari gisa ari zen Abalosekiko hurbiltasunari esker, Balearretako Gobernuaren eta ikertutako gaizkile-sarearekin lotutako interesen arteko komunikazioa erraztuz. Besteak beste, PCR testekin, haur-maskarekin edo pandemian egindako inbertsioekin lotuta zeuden kudeaketa horiek.
PPk eta Voxek akordioa lortu dute Guardiola Extremadurako presidente izendatzeko
Asmoa da inbestidura saioa datorren asteartean, hilaren 21ean, eta asteazkenean, hilaren 22an, egitea, eta Maria Guardiola Extremadurako presidente izendatzea berriro apirilaren 24an. Akordioak 61 puntu eta 74 neurri ditu, eta bi aldeek jarrerak hurbildu dituzte, "egon daitezkeen ezberdintasun ideologikoetatik harago".
Aenak ziurtatu du aireportuen kudeaketa partekatua bateraezina dela indarrean dagoen lege-esparruarekin
Aenako presidente eta kontseilari delegatu Maurici Lucenak Akziodunen Batzarrean defendatu duenez, interes orokorreko Espainiako aireportuak 18/2014 Legean jasotako araubide juridiko espezifiko baten mende daude. Lege hori Konstituzioak babesten du; Estatuak azpiegitura horien gainean duen eskumen esklusiboa deklaratzen du, eta jabetza pribatua eta enpresa-askatasuna babesten ditu. Hala ere, positibotzat jo du autonomia-erkidegoekiko lankidetza eta koordinazioa, betiere Konstituzioaren mugak errespetatzen badira eta Aenaren kudeaketa-autonomia eta sare-egitura aldatzen ez badira.