Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Madrilen bilduko dira aireportuen aldebiko kudeaketa negoziatzeko
Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela onartuko Estatuak ostiralean egindako kontra-proposamena, Jaurlaritzak egindako "eskakizun guztiak bertan behera" utzi baititu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, ordea, baikor azaldu da, akordioa lortuko delakoan.
Hegazkin bat, Bilboko aireportuan lurreratzen. Artxiboko argazkia: EFE
Bilera dute gaur, astelehenarekin, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Madrilen, Aireportuetako Azpiegituren Azpibatzordearen baitan. Batzarraren helburua da EAEko erakundeek aireportuen kudeaketa parteka dezaten —egun, Espainiako Estatuak kudeatzen ditu —. Bileraren ostean, sailburuak adierazpenak egingo ditu, Eusko Jaurlaritzak gaur ohar bidez jakinarazi duenez.
EAEko aireportuak, portuak bezala, interes orokorreko azpiegiturak dira, eta, hori dela eta, Espainiako Estatuak kudeatzen ditu. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak uste du badagoela modua, betiere Gernikako Estatutuak aitortutako eskumenak kontuan hartuta, aireportuok EAEk kudeatzeko, interes orokorreko sailkapenari eutsita.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak EITBri egindako adierazpenetan azaldu duenez, arlo horretan "erabakitzeko aukera" izatea eskatuko du Jaurlaritzak, eta "nolabait eragin gure aireportuetan hartuko diren erabakietan". Horren harira esan du Estatuak ostiralean Jaurlaritzari egindako kontra-proposamena ez dutela onartuko. "Beti esango dugu akordio txarrik ez dugula onartuko", erantsi du.
Azkenekoz, otsailaren 16an bildu zen Aireportuen Azpibatzordea. Bilera bukatutakoan Ubarretxenak jakinarazi zuen "aurrerapausoak" izan zirela, eta Jaurlaritzak aireportuen inbertsioak, tasak eta estrategia erabakitzeko ahalmena eskatu zituela.
Garmendia: "Akordioa lortuko da"
Aurretik, horri buruz galdetu diote Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari ere. Horren esanetan, "akordioa lortuko da, baina ez ditu bi aldeak erabat asebeteko".