Ezbeharra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Froilan 14 urtetik gorakoentzako arma bat erabiltzen ari zen

Barne Ministerioaren araudiaren arabera, 14 urtekoa da erregearen biloba erabiltzen ari zena bezalako ehiza armak erabiltzeko gutxieneko adina. Isuna 300 euro baino gehiagokoa izan liteke.
Felipe Juan Froilan, Madrileko Quiron klinikan dago, Argazkia: EFE

Espainian armen erabilera arautzen duen legediaren arabera, Felipe Juan Froilan, Elena infantaren semea, erabiltzen ari zen eskopeta erabiltzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da. Errege-erreginen biloba zaharrena tiroketa-ariketak egiten ari zen aitaren sendiak Sorian duen etxe batean eta eskopeta batekin oinean tiroa hartu du. Felipe Juan Froilanek 13 urte ditu eta ez ditu 14 uztailaren 17ra arte beteko.

Errege Etxeak adierazi duenez, Felipe Juan Froilan Marichalar Borbonek istripua izan zuen astelehen arratsaldean. Azaldu dutenaren arabera, aitarekin tiro-ariketak egiten ari zen eta eskopetaz oinean tiroa hartu zuen, nahi gabe.

Komunikatuan, Felipe Juan Froilan 36 kalibreko eskopeta bat erabiltzen ari zela adierazi dute. Gaztela eta Leoneko Ehiztarien Federazioak adierazi duenez, arma hori ehiza xeherako erabili ohi da, 3.2 kategoriakoa da eta E motako lizentzia behar da erabiltzeko.

Barne Ministerioak horrelako eskopetak erabili nahi dituzten adingabeentzako baimen bereziak ematen ditu, baina betiere 14 urtetik aurrerakoentzako baimenak dira. Gainera, armak erabiltzeko lizentzia duen eta aurretik haiekin joateko konpromisoa hartu duten heldu batekin joan behar dute.

Horrez gain, Barne Ministerioaren araudiak armen legez kanpoko erabilera zigortzeko isun ekonomikoak jasotzen ditu. Isunak 300 euro baino gehiagokoak dira eta armak kentzeko zigorra ere jarri dezakete.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago kargatu
Publizitatea
X