Sastraka artean, mugimendurik gabeko zinema
Behin hurbil batean ba (omen) ziren lau lagun, mendira joan zirenak.
Laurak ziren ospe, izen, sona, fama handikoak, nahiz eta batek beste kuadrillako kideekin partekatzen zuen izena Don inorrez izan. Bata margolaria zen, eta inork baino zorrotzago marraztu arren, inperfekzioa zuen kuttun. Besteari idazlea izatea egokitu zitzaion bizitzan eta ametsetan. Agian Cortazar, Aldekoa, Proust, Faulkner baitzituen gustuko. Munduan milioika hiztunek elkar komunikatzeko duten hizkuntza horietako bat ez den batera ekartzen zituen autore batzuk, eta mintzo arraro horrekin borrokan eta amodio kontuetan dabiltzan heroi horiek omentzen dituzten bi sari lortu ere.
Hirugarrena musikaria zen. Ofizioz. Debozioz. Joera du besteen konpainia maltzurrean bide ertzean ibiltzekoa. Sarri, esku hutsik.
Laugarrenak Robert Bresson zinema zuzendariak idatziriko haikuak diruditen zinema gogoetak dakizki buruz, eta, Nafarroako Iruñeko Baionako ibilbideko aretoetan pelikulak proiektatzen ari ez denean, pelikulak egiten ditu. Hiru burutu ditu. Bik munduko zinemaldi makina bat korritu dute. Hirugarrenak oso leku ezohikoan izan zuen estreinaldia, Loiolako Basilikan.
Jose Ignacio, Pello, Imanol eta Imanol zen bakoitzaren graziya, eta esan dezagun laurak zirela nafarrak. Edo kasik nafarrak.
Luzeak bezain intentsuak, oparoak eta zoro-zoro, barra-barra gauza ezinezkoak asmatzeko unerik aproposenak dira mendi buelta horiek. Beraz, behin batean lauroi otu, bururatu, okurritu zitzaien zerbait egin behar zutela elkarrekin. Elkarrekin, bai. Mankomunean. Laurok batera, All Together. Zusammen; beren ofizio, debozio, eromen guztiak bilduz.
Koadro bat? Ez. Kontakizun bat? Ez. Disko bat? Ez. Film bat? Ez. Beraz???!!!
Laukoteko bati (ala igual laukoteko kide ez zen bosgarren bati…) Fermin Muguruzak bere Black is Beltza proposamen arras multimediakoa (filma, liburua, erakusketa. musika…) plazaratu orduko erabili zuen hitza ahoskatu zuen boteprontoan: Artefaktua!
Zoramen gozoan murgildurik, auskalo nori beste atrebentzia bat otu zitzaion: Taschen! Argitaletxe luxu handikoa. Kalitate gorenekoa. Ez dute bertan sos txikiena ere aurrezten edizioan, paperean, argazki eta ilustrazioen kalitatean. Dimentsio eta pisu handiko liburuak kaleratzen ditu.
Behin hurbil batean baziren, beraz, lau lagun. (Kasik) nafarrak. Mendira joan zirenak. Elkarrekin. Eta elkarrekin zerbait egin nahi zutenak. Idazleak idazteari ekin zion: Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik (…). Jakitun gara hiriak betiko galdu dituela bere ateak eta aski zaigu edozein irtenbide aurkitzea (…) Zuzenaren buruan plano handi bat ezarri dute industrialdeko labirintoan molda gaitezen. Kartelaren azpian zakur goseti bat dabil usnan etxegintzako hondakinen artean(…)-
Bidali zizkion letra horiek pintoreari, eta bera pintatzen hasi zen. Zer? Kolore arrez tindaturiko erakusleihoetako manikiak, esaterako; begiak nora gabe, mugimendu bat entsaiatzen zutenak. Edo pintzelak sorturiko lanbroak bildutako antzinako telefono kabina bat
Pintoreak eta idazleak, bakoitzak egin zuena begiratu eta gaizki ez zegoela baieztatu. Musikaria zen horri pasa zizkioten letrak eta irudiak eta, berak aitortua, abestiak sortzeko baliatzen duten ohiko logikatik aparte behar izan zuten. Baina berak eta bere konplize orok (Karlos Arancegui, Paco Loco eta konpainia…) bete-betean asmatu: hamabi koadro, hamabi letrazko hausnarketa poetiko, hamabi kanta.
Hori guztia gertatzen zen bitartean, zinemagilea nolakoa bere kolaborazioa ezin asmaturik zebilen. Baina goizalde batean (izan zitekeen iluntzean ere) pentsatu zuen zinemari mugimendua kenduz gero, argazkiarekin soil-soilik geratzen zarela. Zirkinik egingo ez duen irudi baten aurrean. Akordatu zen familiak bazuela Ciudad Realeko Almaden herrian etxetxo bat. Akordatu ere mendeetan zehar Europak erabiltzen zuen merkurio ia guztia bertako meategietatik ateratzen zela/zutela. Akordatu zen behin benetako jauregiak izandako eraikuntzez, egun hautsez beteriko eta oihaneko patariek hartutakoez... Eta, Pentax kamera bat eskuan edo lepoan harturik hurbildu zen hara. Desolamendua jaso zuen. Baina baita bizitza printza batzuk ere.
Eta hori guztia liburu bihurtu zen. Gaur, martxoaren 11n Donostian aurkeztuko dena. Eta hori guztia erakusketa bilakatu zen, martxoaren 17an Iruñean izango dena, Gotorlekuan izan ondoren eta Donostiara iritsi aurretik, Gasteizko Montehermoson aterpe aurkituko duena.
Eta idazlea Pello Lizarralde dugu. Jose Ignacio Agorreta, berriz, margolaria. Imanol Ubea duzue musikaria eta zinegilea… Imanol Rayo. Taschen ez den argitaletxea Erein aparta da. Liburuak Sastraka du izenburu.
Zure interesekoa izan daiteke
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
Amikuzeko libertimenduarekin, inauteri giroan murgildu da Nafarroa Beherea
Libertimenduek Donapauleko plaza hartu dute musika, dantza, bertsoa eta antzerkien eskutik. Martxoaren 14ra bitartean, beste hainbat emanaldiz gozatzeko aukera egongo da herriko sorkuntzekin.
Jone San Martinek "sORDA" ikuskizuna sortu du, gortasunaren inguruan
Dantza garaikidearen eta soinuaren zein isiltasunaren arteko elkarrizketa eskaintzen du dantzari donostiarrak ikuskizun berrian.
Bilbao BBK Live jaialdiak zinema proposatuko du otsailean
'2030 Bai!' izeneko zikloak “Maspalomas”, “La voz de Hind Rajab”, “Yo capitán”, eta “Belen” filmen proiekzioak egingo ditu, Bilboko BBK Salan. Sarrera doakoa izango da, eta solasaldiak izango dira emanaldiak bukatutakoan.
Gure! jaialdia: ikasgelatik oholtzara
Erandioko Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Ekoizpeneko zikloko ikasleek antolatu eta kudeatzen duten jaialdiaren laugarren edizioa otsailaren 6 eta 7an egingo dute Bizkaiko udalerrian.
61 kultur jarduera izan ziren iaz eguneko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Kulturklik Eusko Jaurlaritzaren plataformak jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko kultur ekitaldien % 40 euskaraz izan ziren 2025ean, eta beste horrenbeste doakoak.
“Urrats kolektiboak” pastoralaren testua, zubereraz eta batuan
Barkoxeko herritarrek 2025eko uztailaren 27an eta abuztuaren 2an eta 10ean antzeztu zuten pastorala, eta Euskal Telebistak 2026ko Aste Santuan emitituko du. EITBko Euskara Zerbitzuan euskara batura ekarri dute testua.
Jacob Elordi 2026ko Oscar sarietarako izendatu dute, Gizonezko Antzeztaldeko Aktore Onenaren sailean
Sinners filmak markak hautsi ditu 16 izendapenekin eta Siratek Nazioarteko Film Onenaren izendapena jaso du. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira izen nagusiak.
Atletico San Sebastian danborradak Jose Ramon Soroiz omendu du
Atletico San Sebastian danborradak bere kideetako bat omendu du, Jose Ramon Soroiz aktorea, hain zuzen, Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan Zilarrezko Maskorra jaso zuena. Gaur arratsaldean hunkituta jaso du elkartearen saria, eta ahalik eta ondoen ospatu du: upelen eta danborren doinuekin bat eginez.
Labayruk bizkaieraren gramatika sareratu du
Mendebaldeko euskararen ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batu eta sailkatu ditu fundazioak, “euskara darabilen edo euskaraz idatzi nahi duen edonorentzat”.