Antzinako Alegría Kapitaina eta Irma Vep izaki misteriotsuak, gurean bizirik
Ildo, xenda, bide izugarri eta harrigarriari ekiteko gonbita luzatzen dizuet izkribu honetan. Zaudete erne, alta, Denboraren eta Espazioaren artean existitzen diren zulo beltzetan erortzeko prest egon behar baituzue, aurrera egiteko. Historia ofizialak onartzen ez dituen bidegurutzetan murgiltzeko irrikaz egon behar duzue, zain ditugun izaki misteriotsuekin topo ahal egiteko.
Paper berezietan ikusi izan dituzte argia (beti itzalen artean, hori bai) istorio hauek, pertsonaia horiek. Mundu gureak hartutako abiadura ez dute gogoko. Ezta dir-dir egiten dituzten neonezko afixak. Beraz, kale estuetan dauden liburu-denda bitxietan eta zeluloidea kasik zeluloidea ez zen material sukoian grabaturiko filmak maite-maite gordetzen dituzten filmategietako leizetan aurkitu zuten, aspaldi jada, aterpe.
Hala ere, ez pentsa. Kontraesanak kontraesan eta kontuan harturik kreatura horiek hilezkorrak direla, garai guztietara egokitzeko jaioak, egungo tramankulu teknologiko ororen bitartez iritsi zaitezkete haiengana. Gaurko eta biharko plataforma irudizkoetan aurkitu ere. Aipatutako izaki horiek ia likidoak dira, ura edo edabe pozoi-gozoak bezain aldakorrak. Beraz, Denbora, Garaiak eta gizakiok asmaturiko gailu, euskarri eta formatu guztietan zehar eta barna egin ohi izan dute gure ametsetarako bidea. Arazorik, trabarik pe.
Musidoraz ari natzaizue. Alegria Kapitainaz ari natzaizue. Irma Vepez ari natzaizue. 1915eko zinematokietan hainbat eta hainbat ataletan sailkaturik, hurrengoan zer gertuko irrikaz zen ikusleari eskaini izan zen Louis Feuilladeren Les Vampires-ez ari natzaizue. Oliver Assayasek zuzendu eta Wong Kar-Waik zein Tarantinok miresturiko Maggie Cheungek antzezturiko Irma Vep filmaz ari natzaizue. HBOmax plataformak uda honetan eskainitako Irma Vep telesailaz ari natzaizue. Oraingoan ere, Assayas da egilea. Aktorea, berriz, Suediako izan arren, Londresen eta Lisboan bizi den Alicia Vikander paregabea.
Atal bakoitzeko hasieran, berdinik gutxi duen Stéphane Manel ilustratzailearen marrazki finak, finki eta misterioz animatuak. Soinu banda ezin-ahaztukoan, tuareg tribuaren gitarra maisu darabilen Mdou Moctarren musika.
Gure/zuen lerro hauek zeharkatzen dituen pertsonaiak Musidora zuen/du eta betikotz izango du izena. 1889 urtean jaio bazen ere, bere oroipenak, bere loriak, bere misterioak bizirik dirau eta atzokoak bezala, gaurko eta biharko sortzaileak sorgindu.
Gure/zuen idatzizko honetan aipu izan duten irudi guztietan agertzen da bera; Berak sortutako pertsonaiak (Irma Vep-ek, hots) munduan izan diren beste hainbat kutsatu zuelako.
Ikonikoak bilakatu dira bere ibilera, bere katuaren antzeko mugimenduak, bere begi ilunak, bere jantzi hura, gero joko erotiko kasik debekatuentzako ezinbestekoa izango zena. Aurrerantzean, fantasiazko Historian eta istorioetan agertu izan diren emakume banpiro seduktore denek kopiatu/moldatu/bereganatu izan dute bere estiloa, Catwomanek barne. Are, Zinemaren enziklopedietan eta zinejaleon iruditeria preziatuan iltzaturik den Das Cabinet des Dr Caligari filmean agertzen den Cesare izeneko lo-ibiltari kasik automata horren diseinuak inspirazio hartu zuen Irma Vepengan. Izan ere, Feuilladeren eta Musidoraren saila, esan dugun bezala, 1915ekoa da eta Robert Wienek eta konpainiak sorturiko Caligari 1920koa.
Baina bada surrealista ia guztien musa, aitzindari, lagun, kide, konplize, fetitxe izan zen emakume haren patuan gurekin estu lotzen duen kasualitate bitxia eta ederra.
Maitasunak jota, Pirinioak zeharkatu, Madrilen eta beste lekuetan ibili kantuan eta dantzan hainbat antzokitan eta hiru film zuzendu zuen. Horietako batek, 1921ekoak, Pour Don Carlos du izenburu eta gurean da filmatua. Gurean: Hondarribian, Lapurdin, Bidasoaren bi ertzetan…Karlisten inguruko maitasunezko eta gerrako ipuin gazi-gozoa. Filmaketan eta ekoizpenaren arduran, Bizkaiko Jaime de Lasuenen laguntza izan zuen, kreditu tituluetan Jacques Lasseyreren izenpean agertzen dena.
Pour Don Carlos horrek La Capitana Alegría bezala estreniatu zen antzinako gure pantailetan eta gero… galdu. Berreskuratu dute hainbat filmategik, (Euskadikoak barne) maite-maite, xuabe-xuabe zaharberritu eta hor dago, altxor gordeta, aterpe goxoan, ikertzaileentzako eta zinemak zaurituok garenontzako tentazio.
Alegria Kapitainaren inguruko ikerketak ez dira amaitu baina izan liteke Euskal Zinemaren lehendabiziko film luze fikziozkoa…
Pentsa ezazue mende oso baten zehar pantaila eta plataforma guztiak bahitu, sorgindu izan dituen Musidora/Irma Vep/ Kapitaina… euskal zinemaren parte!
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.