Zorigaiztoko aitzindari bati ezinbesteko aitortza
Egunotan, sei aste betetzen dira. Egun bakazioetako eta sakratu hauen ondoren, Paul Urkijo Alijoren (eta beste jende finarena ere) Irati-k pantailetan dirau menderaezin. Diru-sarrera eta leihatiletan seigarren postuan dago, eta, gure ondoko edo urrutiko aretoetan 24 kopia baino ez badu ere, pasa den asteburuan 24.000 euro gehiago irabazi zuen. Joan den asteko datuen arabera, 900.000 euro daude film honetan sinetsi eta inbertitu zutenen poltsikoetan. Ahaztu barik, jakina, zergak eta abarrekoak pagatu beharrekoak direla eta bertan ibilitako artista batzuek (Irati-ren aldeko apustu benetakoa egiteko adorea izan zutenek, bederen) izango dutela sarrera eta etekin horietan auskalo zenbateko ehunekoa.
Euskadiko, Euskal Herriko, Espainiako zinemaren erreferente bihurtu zaigu pelikula. Historia, fantasia, iraganeko mitologia (gaur gure garunean, bihotzean, sentimenduetan eta su ondoko kontakizunetan bizirik dirauena) lotzen dituen zeluloide puska honekin liluraturik gaude, bai. Gaude/daude. Hemen, hor eta han.
Hariari tiraka, nik uste, horrenbesteko zorte onik ez zuen aspaldi samarreko beste zeluloidezko ekimen batekin zorretan aurkitzen garela batzuk. Hemen.
Estreinatu zen garaian (1984ko Donostiako Zinemaldian) aldeko iritzi gutxi bereganatu zuen Alfonso Ungriaren La Conquista de Albania/ Albaniaren konkista-z ari natzaizue, gaurko zinemaren prezioak kontuan hartuz gero horren gutxi diruditen 600.000 euro (garai hartako 100 milioi pezeta, kantitate mugaz kanpokoa euskal ekoizpen baterako) kostatu izan zuen film epiko hartaz.
Badakit, ederki asko jakin ere, ez dutela elkarren arteko antza handirik. Badakit, alta, antzekoak direla ere. Nire teoria baieztatzeko edo ukatzeko, hor duzue ikusgai, YouTuben. Salgai ere, hainbat plataformatan. Prezio onean.
Historia benetakoaren berri kasik zehatza jasoko duzue Sarean gordeta diren hainbat eta hainbat dokumentutan. XIV. mendean, Nafarroako eta Gaskoiniako jendeak osaturiko armada batekin, Siziliako Dukesa zen Juana emazte zuen Beaumonteko Kondeak gure lurretatik eta gure arbaso horien pentsamoldetik hain urrun zegon Albaniako erresuma konkistatzeari ekin zion. Urteak eman zituzten bidaian eta borrokan. Lur etzea bazen ere, bertako hiriburua, Durazzo, ondo kokatua zegoen geopolitikoki. Bere jabe izanez gero, beste leku emankorragoak izango zituzten eskura, beste inperio batzuk izango ziren hurbilago, menderatzeko errazagoak….
Sinetsi ala ez, egiazkoa ematen ez duen abentura eta gudu ekintza hartan parte hartu zutenek Atenas eta Tebas hiriak ere egin zituzten bere, iruzur, mendeku, traizio askoren bueltan. Bueltan edo truke. Truke edo ondorioz….
Badakit garaiak ez direla bat etortzen. Badakit Irati-k kontatzen duena VIII. mendean gertatu zela eta Albaniaren konkista haren garaiak XIV.ekoak direla. Baina horrek ez du garrantzi handirik zineman. Ezta gure zeluloidezko akorduetan ere. Bietan gerlariak, bietan ezpatak, bietan zaldiak, bietan armadurak, bietan frankoak eta mairuak. Bietan….
Ez dut esaten Paul Urkijok eta bere lantaldekoek Alfonso Ungriaren ekimen zoroa, Arantxa Urretabizkaiak eta Anjel Amigok idatzitako gidoia zuena, erreferente hartu dutenik. Ez baitakit. Baina bai, aldiz, 2023ko begirada batez eta Irati buruan, ikusle ausartak horrelako konexio zoroa egin dezakeela. Badira, gura izanez gero, beste balizko loturak. Bai Historia aldetik, bai zinemaren bazterretatik. Seguru, kasu, 1984ko pieza hori ikusten ari zaretela Herzogen eta Klaus Kinskiren Aguirre der Zorn Gottes edo Sauraren El Dorado etorriko zaizkizuela burura .
Aitzindaria izan zen gurean La conquista de Albania, non euskal kanta ugari entzuten den. Zorte txarreko aitzindaria, garai hartan ez baikinen ez konturatu ez estimuan hartu. Hori dela eta, nire irudiko, arlo askotan gaude zorretan bide-aurreko malapartatu horrekin.
Esaterako, filmatzeko lekuetan egindako hautuetan, eremu baten abantaila faszinagarriak sumatu zituen. beste inoren aurretik. Geroxeago, askoz geroxeago, bertan filmaturik izango ziren Alex de la Iglesiasen Accion Mutante, Tronuen Jokoak, Terry Gilliamen Kixote bukatu gabea eta zientzia-fikziozko eta apokalipsi osteko film labur zenbait baino lehenago, askoz lehenago, Albaniaren Konkista-ren ekoizpen, diseinu eta arte zuzendaritzan ibili zirenek Nafarroako Errege Bardea aukeratu zuten kokapen. Eta ikusleoi Albanian bertan geundela sinetsarazi ziguten…
Areago. Egun, hautsez bete 1984ko hark eta aretoetako jaun eta jabe diraun 2022ko Irati-k kokaleku bat partekatzen dute. Zein? Aragoiko Loarre gaztelua.
Oporren eta prozesio egunen ostean betarik baduzue, ikusi bi zine puska horiek eta baieztatu (edo ukatu) bata bide-erakusle suerte gabekoa izan zela eta besteak, pantailetan dir-dir egiten duen erreferente dirauela.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.