Aserejé-ja-dejé de jebe tu de jebere seibiunouva majavi an de bugui an de güididípi
Nahi izatera, jarrai genezake. Amaierarik gabeko eternitatean zehar. Kantuan jardun, hizkuntzen mordoiloan, dantzan, auskalo existitzen ote den ragatanga erritmoan aritu.
Segi dezagun, bai. Lerroburura begiratuz gero, batek daki zein mintzotan ari garen ere (gaztelaniaz ote, portugaleraz bide? Spanglish, kasik seguru); hip-hopeko maistra-maisuek erabilitako kaleko ingeles oparoan arituko gara jarraian: I said a hip hop the hippie the hippie / to the hip hip hop, a you don't stop / the rock it to the bang bang boogie say up jumped the boogie / to the rhythm of the boogie, the beat.
Ez esan antzeman ez duzuenik. Bai, disparate hutsa. Bai, baina aitortu: denok dantzatu genuen ragatanga runba hori 2002ko udaran. 8 milioi disko saldu zuen, bai, parerik gabeko aldrebeskeria honek; erritmo eguzkitsuz blai izanik, hartu egin gintuen ezustean eta guk amore eman, gustu handiz.
Zabala suertatu zen kutsadura. Kordobatik Zeelanda Berriraino, Manchesterreko Old Trafford futbol zelai maitatutik Japoniako kostalderaino eraman zituzten soinu, doinu, hitz arraro, estrainio, ulergaitz baina gozagarriak oso familia oneko hiru neska gaztek. Las Ketchup deitzen genituen planeta osoko kantoi denetan. Familia onekoak, bai. Gitarra-jotzaile ikaragarria zuten aita, Tomate izengoitiaz ezagutua eta belaunaldiz belaunaldi agertzen ziren beren arbola genealogikoan flamenkoko kantaore zein bailaora finak.
Bai, gainbegirada azaleko batez, badirudi Aserejek ez duela ez hanka ez buru, ez buztan ez garun. Ez izan horren seguru, alta. Sustraia sendoak baititu. Eta ez prexixo Andaluziako hondartzetan edo olibondoen azpian baizik eta… Estatu Batuetako New Jerseykoa zen The Sugarhill Bandek sortu, eta sekulakoa bilakatu zen 14 minutuko kanta batean, Rappers´s Delighten, alegia.
Ez zen ez hip-hopeko lehenbiziko kanta; bai, ordea, arrakasta kristorena izan zuen estreinakoa. Goian dituzue abestian aditzen diren hainbat hitz. Apur bat, uhar bete hitz, besterik ez, besterik gabe, froga, amu bezala.
Izan ere, Joyceren Finnengan´s Wake bera ere burura ekartzen duten kantu honek 3.000 hitz ditu. Hiru mila! Eta bazen, bada, bertan aldarrikapen antzekorik: Now what you hear is not a test: I'm rappin' to the beat / And me, the groove, and my friends are gonna try to move your feet… Erritmoarekin ari naiz 'rapeatzen'eta denok batera jarriko zaituztegu dantzan…
Beltzak ziren New Jerseykoak eta flamenkoak Kordobako neskak. Aserejé, eje eta the boogie, the bang booggie.
Zergatik ari gara duela 20 urte baino dezente gehiago mundua astindu zuten bi abesti (gora)aipatzen zinemaren inguruko espazio gurean?
Sinetsi ala ez, bada zio benetakoa, garrantzitsua. Esanguratsua. Zinema malkoz bustia. Sundancen, Sao Paulon eta Sevillan saritutako Het Smelt flandieraz mintzaturiko film belgiarrean, udako bakazioetan den neskatoa bizikletaz dabilen bitartean, Aserejé entzuten da. Aserejé apurka-apurka ilunduz joango den pelikula krudel batean, non Las Ketchupen kantak inozentziaren tonuari eusten dion eta urkatu baten inguruko igarkizunak herio itzalez betetzen duen pantaila.
Veerle Baetens zuzendariak, Alabama Monroeren aktore emakume berak, hots, azaldu zuen zinemaldietan Aserejé hautatu zuela soinu bandarako 1985ko The Goonies film zoragarria hartu zuelako inspirazio bere pelikularen unerik gozoenetarako. Eta The Goonies hartan Cyndi Lauperrek marka guztiak hautsi zuen beste udako abestia kantatzen zuen: 'R' Good Enough.
Aholku bat, pasatako garai-minez bazarete, ikusi Richard Donnerren The Goonies. Animoz fuerte samar izanez gero, ausart zaitezte Het Smelt horrekin. Baina ez ahaztu, buruz eta bihotzez sasoian izan behar duzue. Mingarria, oso, baita.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.