Zezenak larretan, plazetan, pantailetan
Bere garaikideek nola, gustuko zuen zinema Ignacio Sanchez Mejías toreroak, aurten bere mendeurrena ospatzen ari garen Franz Kafkak adina.
Ez ziren halamoduzkoak garaikide horiek, 27ko Belaunaldiko guztiak baizik: Lorca, Dali, Buñuel bera. Ez zen nolanahiko gizakia Ignacio: antzerkia idazten zuen, Sevillako egunkari guztiak lehiatzen ziren bere artikuluak argitaratu ahal izateko. Hizkuntzak zekizkien, poetak laguntzen zituen, kotxe lasterketetan hartzen zuen parte. Betis futbol taldeko presidentea izendatu zuten bazkideek. Gurutze Gorrikoa ere. Gustuko zuen zinema, arte berri hura, toreroak. Franz Kafkak hainbeste. Jantzia zen kultura kontuetan. Ikasia. Kiroletan iaioa. Lagunen laguna, maitaleen amorante fina. Gustuko zuen zinema toreroak.
Harrapatu zuen Granadino zezenak plazan. Eta hil zen momentuan, poetak bilakatu zuen hilezina toreroa. Federico Garcia Lorcak negar egin zuen laguna hondarrean hilik sentitzean eta Llanto por Ignacio Sánchez Mejias izango zen poema ikaragarria zirriborratu. Irakurtzen da bertan herioa, herio berdea, herio lizundua, arrastaka zela plazako harmailetan. Leitzen da bertan iztarteetatik sartzen doala herio hori, goroldio ustelduaren kolorea duena. Oihu egiten du poetak, Ignacioren odola hor da, harea bustitzen, baina Federicok ez du ikusi nahi, hain dago min handitan.
Gustuko zuen zinema poetak hilezina bilakatu zuen toreroak
Alta, zinemak ez ditu izan estimu handian ez toreroak ez zezenak. Badira gaia ukitzen duten pelikulak. Baina ez hainbeste, eta ez batzuek eta besteek merezi duten bezain goi mailakoak. Sorta bat salbatzearren, salbatzeko modukoak diren bi, Ladislao Vajdaren Mi tio Jacinto eta Carlos Veloren ¡Torero!
Berriz, afizionatu on guztien desaire erabatekoa jaso zuten, estreinatu zirenean, Belmonteri eta Manoleteri eskainitako zeluloidezko pieza ezin txarragoek. Ez du asmatu, ez, zinemak larretan bizi eta plazan hiltzen diren animalia jainkotar horiek islatzen. Ez da izan kapaz, inolaz ere, gizakiaren eta zezenaren arteko herio dantza harrapatzeko. Zerbaitek egin dio alde beti zinemari, toreroari eta zezenari begiratu izan dien bakoitzean.
Baina torero hark, Ignaciok, zinema zuen gustuko, zinema hura, jostailu kasik jaio berria baino ez zen hura. Zer esango luke egun Sanchez Mejiasek gaurko zinema ia ahalguztidunak zezenekin eta toreroekin duen hartu-eman berrituaz, hain sekulako eta harrigarria dirudienaz?
Albert Serraren Tardes de Soledad dokumentalak Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra bereganatu zuen; azaroaren 12an proiektatuko da Bilboko Zinebi jaialdian, Beautiful Docs izen ezin aproposagorik duen sailean. Izango da bertan zuzendariarekin hitz egiteko parada ederra. Tardes de soledad horretako pertsonaia nagusi eta bakarra Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Mexikoko plazak jendez, zalez betetzen dituen Andrés Roca Rey da. Bera eta Animalia (maiuskulaz). Arras sentsorialak, zeharo sentsualak diren irudi eta soinuetan, zezenak berak bere intimitate uneak ditu. Eta ederrak dira intimitate horren testurak. Filma kontra edo aldeko polemikaz harago doa. Gizakiak eta animaliak eratzen duten harreman hilgarria zentzu antropologiko batetik da hartua. Izan ere, denbora bera existitzen ez zen garai haietan, existitzen ziren zezenekiko jolasak eta bizirik zen Minotauroa labirintoan.
Tardes de soledad anbizio guztiak dituen gizon baten erretratua ere bada. Ederki daki Roca Reyek zer nahi duen: denen artean onena izan eta kontran dituenak isilarazi. Miresten, adoratzen duen kuadrilla batek inguratua, atxilo, itoa kasik, bizitzen du toreroak bere barne bakardadea, kamera begira duela…
Sanchez Mejiasek (eta izerdia elur bihurtu zen erizaindegiko ohatilan, gurpildun hilkutxa zirudien hartan, dio Lorcak dedikatu zion poemak) harriduraz ikusiko luke zelako garrantzia hartu duten gaurko zineman zezenarekiko jolasek. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen atarian, Kresala zineklubak Cannesen eta Sitgesen izandako Emma Benestanen Animale programatu zuen. Oraingoan ez gaude ez Bilboko, ez Debako, ez Zestoako, ez Iruñeko, ez Baionako, ez Azpeitiko, ez Akizeko, ez Sevillako plazetan, baizik eta Frantziako La Camargue eskualdean. Gur egiten diote bertan zezenari. Miresten dute. Zaintzen. XII. mendetik hona izan dira han les courses camargueaises. Ez dute animalia toreatzen baizik eta bere aurrean korritzen, bere ondotik, iskintxo eginez, pasatzen, adarretan zein buruan dituen apaindurak harrapatzen saiatzen. Bizkorrak dira Camargako zezenak, beren aurrean jartzen diren gizonak baino lixtoagoak askotan...
Hori da fantasiazko Animale horren paisaia. Neska batek nahi du parte izan. Maite ditu zezenak, ezagutzen ditu zezenak baina usadioak dio emakumezkoek ez dutela zer egitekorik plazan…. Genero mordo bat (beldurrezkoa, dokumentala, western bera) primeran nahasten dituen pelikula honek zera aldarrikatzen du: existitu badira emakume banpiroak, emakume otsoak, zergatik ez ahalmen guztiak biltzen dituen emakume zezen bat? Ez zen bada izan (Sanchez Mejiasek horren berri bazuen) Minotaurorik Kretan?
Tardes de Soledad, Animale gehi, Donostiako Zinemaldian bere Mugaritz, sin pan ni postre filmarekin saria jaso zuen Paco Plazak bukatzear duen La Suerte telesaila. Bertan, galdutako ospea eta aitortza berreskuratu nahi dituen torero baten nahasmendua kontatzen da. Komedia moduan. Ez pentsa, Cantinflasen batzuk kenduta, oso gutxitan heldu dio umoreari zinemak toreoa jorratu duenean. Pena, Ignacio festazalea zen. Amorratua. Zinema zuen gustuko. Poetak bilakatu zuen hilezina.
Zure interesekoa izan daiteke
Errobik azken kontzertua eman du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian
Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru dituen talde lapurtar historikoak bere azken zuzenekoa eskaini du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Errobi taldea euskal rock progresiboaren aitzindari bihurtu zen 70eko hamarkadan. Iaz hasi zuten Errobiren 50. urteurrena ospatzeko agur-bira, eta arrakasta handia izan dute Euskal Herriko hainbat herritan. Astearte honetan, abenduaren 30ean, amaituko dute ibilbide oparo hori, sarrera guztiak agortu dituen kontzertu batekin.
Hauek izan dira kultura arloko urteko albiste nagusiak
2025. urteak sekula ikusi gabeko bideak ireki ditu euskal musika industrian. Bukatzera doan urte hau sold outen eta kontzertu handien urtea izan zela gogoratuko dugu ezinbestean.
“Itzalaldia”, “soldadutza”, “flotilla” eta 2025ean “desiraungi” diren beste hitz batzuk
UZEI terminologia eta lexikografia zentroak bukatzear den urtean ahoz aho ibili diren 25 hitz aukeratu ditu. Joan den astean, “muga-zerga” aukeratu zuten urteko hitz bezala UZEIk berak eta Euskaltzaindiak.
Aitor Etxebarriazarragak jantzi du txapela
Onintza Enbeita izan du lehiakide buruz burukoan, eta puntu erdiko aldea izan da bien artean: 1.163 puntu jaso ditu lehen sailkatuak eta 1.162,5 bigarrenak. Bizkaiko laugarren finala zuen gaurkoa bertsolari gernikarrak.
Pantxoa eta Peioren bigarren agur-kontzertua: 2027ko urtarrilaren 9an BECen!
Bikoteak bere ibilbideari amaiera emango dio bi kontzerturekin BEC!en: urtarrilaren 10ekorako sarrerak ordu gutxitan agortu ziren eta bigarrena iragarri dute orain: 2027ko urtarrilaren 9an.
“Muga-zerga” izan da aurtengo hitza Euskaltzaindiarentzat eta UZEIrentzat
“Atzerriko produktuei aduanan ezartzen zaien zerga” adiera duen izena aukeratu dute Akademiak eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroak urteko hitz gisara. “Aduana-zerga” Euskaltziandiaren Hiztegiak jasotzen duen forma baliokidea “askoz gutxiagotan” erabili da.
Goya, Jasper Johns, Steve McQueen, Dan Flavin, Ruth Asawa eta Rosalind Nashashibi, euskal museoetan 2026an
San Telmo Museoak, Artiumek eta Guggenheim Bilbao Museoak datorren urteko programazioa aletu dute.
Gatiburen azken agurra, audientzian lider ETB1en
Musikarik, dantzarik eta festa girorik ez zen falta izan atzo bi ordu eta erdiz BECen. Talde bizkaitarra arrakastara eraman zuen 'Musturrek sartunde' kantuarekin amaitu zen askoren oroimenean iltzatuta geratu den kontzertua.
Milaka pertsonak azken agurra eman diote Robe Iniestari, Extremoduroko abeslariari, Plasencian
Ilara luzeak sortu dira Plasenciako kongresu jauregian, jarraitzaile asko bertaratu baitira musikariari agur esatera. Aurrerantzean, Robe Iniesta izena izango du eraikin horrek.
Urrezko domina eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Lourdes Iriondo kantariari
Hilondoko aitortza egin dio Urnietako kantari, idazle eta irakasleari eta bere ahizpek jaso dute Foru Aldundiak emandako oroigarria. Ekitaldia omenaldi hunkigarri bilakatu da. Senide eta familiako kideekin batera, eta euskal kulturgintzaren ordezkaritza zabala bildu da.