Mainetik datorren artista bat naiz ni…
Bada film bat gure karteldegian zinema negozioa, industria, merkatua dela agerian uzten duena, argi eta garbi erakusten duena zelako eta nolako tratutan jarduten duten ekoizleek, estudioetako abokatuek eta inbertitzaileek.
Huskeria dirudi, baina zin degizuet garrantzi handiko afera dela kontatzera natorkizuen hori. Longlegs beldurrezko pelikula igualik gabea egin zuen Osgood Perkinsek izuzaleok aldareetan dugun Stephen Kingen The Monkey kontaketa egokitu zuen pantailarako. Denok ginen emaitza ikusteko grinaz, desiraz, txirrintaz. Bai Stephen bai Osgood miresten baititugu. Eta, aitor dezagun, panpina eta muñeko hiltzaileak gogoko ditugulako. Begiko. Gure kuttunak dira. Gure pertsonaia maite-maiteak. Ez dizuet egingo zerrenda luzerik, baina, batzuk aipatzeagatik, hona hemen Chucky, Tiffany, bere amorantea, M3GAN, Blade Runner-eko erreplikante ederrak edo La acompañante-ko Iris, sentimenduak eta maitasuna (baita joko sexualak ere) eskaintzen dituzten robot gaurkoen sublimazio erabatekoa.
Era berean (badakit zuetako askok ez duzuela gure gustua partekatzen. Zilegia da. Eta egokia), danborra jotzen zuenero heriotza eragiten zuen tximinoaren ipuina gure plazer ezkutuetako bat izan da. 1980an Gallery izeneko aldizkarian kaleratu zutenetik. Beraz, hotzikara sumatu genuen hezur, bihotz, burmuin eta erraietan Osgood Perkinsek egokitu zuela jakinarazi zigutenean. Konfiantza osoa genuen berarengan, eta desioak akabaturik pasa genituen egunak, gauak, asteak, hilabeteak… Ziur geunden: kontakizunari darion umore iluna gehiago belztuko zuen Osgoodek.
Ohikoa denez, filma estreinatu baino askoz lehenago irudiak hasi ziren agertzen sarean eta gure poltsikoko aplikazio guztietan. Biral bilakatu ere. Zinema engainua dela jakitun garenez, istorioa Kingen aberri txikia den Maine estatuan kokatua bada ere Kanadan filmatu izanak ez gintuen harritu. 'Iparreko Hollywood' deitzen diete Vancouver ondoko paraje horiei. Ziento bat pelikula errodatzen dira bertan zergak asko txikiagoak direlako eta bertako agintariek erraztasun handiak eskaintzen dizkietelako ekoizleei (antzeko proposamen interesgarriak egin zizkien zineman aritzen diren inbertsio-funtsei Zineuskadik Berlinalen izan zen Film Merkatuan). Onar genezake, bai horixe, inolako dolurik gabe The Monkey Columbia Britainiarrean filmatu izana; denboraren eta Stephen Kingekiko atxikimenduaren poderioz Maineko hiritarrak sentitzen bagara ere.
Arraroagoa, ulergaitzagoa (kasik onartezina, esango nuke nik) egiten zitzaigun tximu muñekoak txindatarik ez izatea esku artean. Izan ere horiek ziren seinalea. Jotzen zituen bakoitzean norbait hiltzen zen. Ez, ez galdetu zergatik. Badira munduan azalpenik ez duten kontuak. Are gutxiago terrorezko unibertsoan. Baina txindatak ziren pelutxe eta metalezko muñeko horren armak (edo). Pantailan, aldiz, danborra jotzen zuen. Errezeloa hartu genien irudiei. Esan berri dut badirela izuzko munduan erantzunik gabeko aferak baina… nolatan danborra? Zer gertatu ote zen txindatekin? Ba ote zen erabaki artistikoa? Ez genuen uste, ez.
Galdezka hasi, ikertzeari ekin eta azkenean aurkitu genuen zioa. Ez zen ez arte kontua, negozioarena baizik. Harrigarria bezain izugarria gertatu zitzaigun esplikazioa, The Monkey-ren Atomic Monster eta Black Bear ekoiztetxeek ezin izan dute txindatarik erabili Disneyk baititu musika tresna hori erabiltzen duen tximino panpinaren eskubideak!!!!
Benetan? Egiatan? Horrelakorik existitzen al da? Badirudi baietz. Normala oso, Zinema Zazpigarren Artea izateaz gain, merkatua, industria eta negozioa baita. Disney Toy Story film guztien jabea da Badakizue bost direla. Orain arte. 2010ean, hirugarrena agertu zen gure eta mundu osoko aretoetan eta bertan bazen txindatak jotzen zituen tximinoa. Horrexegatik du Disneyk bere gaineko jabegoa. Izatekotan, erabiltzeko aukera izan dezakeen bakarra jostailuak (baita Toy Story-n ikusten ditugun denak ere) merkaturatzen dituen Mattel konpainia erraldoia litzateke, eta ez prezio onean, ez, baizik eta dirutza pagatuz…
Hori guztia dela eta, gutako askok maite dugun, defendatzen dugun, The Monkey-n tximuak danborra jotzen, eta ez txindatak. Ez zen erabaki artistikoa. Ezta teknikoa ere. Ez zen zuzendaria danbolin-jolea izan zelako txikitan. Ez danborrak egiten duen soinuak txindatenak baina beldur handiagoa eragiten duelako. Ez. Merkataritza auzia izan zen. Zinemak Wall Streeteko Burtsan kotizatzen baitu. Eta ez bakarrik Cannesko, Berlingo, Veneziako edo Donostiako epamahaikideen eta ikusleen aurrean.
Zure interesekoa izan daiteke
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
Amikuzeko libertimenduarekin, inauteri giroan murgildu da Nafarroa Beherea
Libertimenduek Donapauleko plaza hartu dute musika, dantza, bertsoa eta antzerkien eskutik. Martxoaren 14ra bitartean, beste hainbat emanaldiz gozatzeko aukera egongo da herriko sorkuntzekin.
Jone San Martinek "sORDA" ikuskizuna sortu du, gortasunaren inguruan
Dantza garaikidearen eta soinuaren zein isiltasunaren arteko elkarrizketa eskaintzen du dantzari donostiarrak ikuskizun berrian.
Bilbao BBK Live jaialdiak zinema proposatuko du otsailean
'2030 Bai!' izeneko zikloak “Maspalomas”, “La voz de Hind Rajab”, “Yo capitán”, eta “Belen” filmen proiekzioak egingo ditu, Bilboko BBK Salan. Sarrera doakoa izango da, eta solasaldiak izango dira emanaldiak bukatutakoan.
Gure! jaialdia: ikasgelatik oholtzara
Erandioko Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Ekoizpeneko zikloko ikasleek antolatu eta kudeatzen duten jaialdiaren laugarren edizioa otsailaren 6 eta 7an egingo dute Bizkaiko udalerrian.
61 kultur jarduera izan ziren iaz eguneko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Kulturklik Eusko Jaurlaritzaren plataformak jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko kultur ekitaldien % 40 euskaraz izan ziren 2025ean, eta beste horrenbeste doakoak.
“Urrats kolektiboak” pastoralaren testua, zubereraz eta batuan
Barkoxeko herritarrek 2025eko uztailaren 27an eta abuztuaren 2an eta 10ean antzeztu zuten pastorala, eta Euskal Telebistak 2026ko Aste Santuan emitituko du. EITBko Euskara Zerbitzuan euskara batura ekarri dute testua.
Jacob Elordi 2026ko Oscar sarietarako izendatu dute, Gizonezko Antzeztaldeko Aktore Onenaren sailean
Sinners filmak markak hautsi ditu 16 izendapenekin eta Siratek Nazioarteko Film Onenaren izendapena jaso du. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira izen nagusiak.
Atletico San Sebastian danborradak Jose Ramon Soroiz omendu du
Atletico San Sebastian danborradak bere kideetako bat omendu du, Jose Ramon Soroiz aktorea, hain zuzen, Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan Zilarrezko Maskorra jaso zuena. Gaur arratsaldean hunkituta jaso du elkartearen saria, eta ahalik eta ondoen ospatu du: upelen eta danborren doinuekin bat eginez.
Labayruk bizkaieraren gramatika sareratu du
Mendebaldeko euskararen ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batu eta sailkatu ditu fundazioak, “euskara darabilen edo euskaraz idatzi nahi duen edonorentzat”.