Agustin Ibarrola margolari eta eskultorea hil da
Dolua, euskal artean. Agustin Ibarrola zendu da, Basaurin jaiotako margolari eta eskultore ezaguna, 93 urte zituela, Galdakaoko Ospitalean. Asteazkenean erorikoa izan zuen, eta, ordutik, ospitalean egon da ingresatuta, gaur hil den arte.
Bere lan esanguratsuenen artean Omako Basoa dago, bere baserritik gertu dagoen baso bateko pinudian margotutako lana. Hain zuzen ere, duela aste gutxi ireki dute berriro lan hori, beste leku batean, semeak, EHUk eta Bizkaiko Aldundiak egindako zaharberritze lanari esker.
Bizitza osoa arteari lotuta, senideek azaldu dute azken egunera arte jardun duela inspirazio iturri emankorrarekin, lanean, Omako baserrian.
Hain zuzen ere, gaur Durangoko Museoan irekitzekoak ziren bere azken lanetako batzuk jasoko dituen erakusketa bat. 'Papera ardatz' erakusketan 1997tik 2022ra arte laborategian egindako tamaina ertain eta txikiko saioak bildu dituzte, baina, museotik adierazi dutenez, erakusketaren inaugurazioa bertan behera geratu da "bere memoria eta familiarekiko errespetuagatik". Erakusketa azaroaren 18an irekiko da, eta urtarrilaren 28ra arte egongo da zabalik. "Hau da Agustin Ibarrolari egin diezaiokegun omenaldirik onena" adierazi dute Museotik.
AGUSTIN IBARROLARI BURUZKO DOKUMENTALA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Radio Euskadiko mikrofonoetan azpimarratu du "euskal kulturaren erreferentzia bat galdu" dela, nahiz eta artistak "artelanetan jarraituko duen". Gainera, gogorarazi du "ideologikoki konprometitua" izan zela: "Jarrera horixe erakutsi zuen gizarte honetan gertatzen ari ziren gauzen aurrean, lehenik diktaduraren aurka eta gero terrorismoaren kontra".
PCEko kide izan zen frankismoan, eta ondoren Ermuko Foroaren eta Aski Da!-ren sorkuntzan parte hartu zuen. Gainera, Rosa Diez babestu zuen UPyD alderdia sortu zuenean.
ETAren aurkako jarrera horren ondorioz jazarria izan zen, eta bere lanek erasoak jaso zituzten.
Ibilbide artistikoa
Oso gazterik, 50eko hamarkadan, arte garaikideari lotu zitzaion, eta orduan jaso zuen Arantzazuko basilikan parte hartzeko deia, baina, azkenean, bere murala ez zen gauzatu.
Equipo 57 taldearen sortzaile, Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina jaso zuen 1993an, taldekide guztiekin batera.
60ko hamarkadan, Euskal Arte Eskolaren sustatzaileetako bat izan zen, eta Gaur, Emen, Orain eta Danok mugimenduetan ere aritu zen.
Omako Basoko enborretan margotutako lana izan zen, hala ere, sona handiena eman ziona. 1982tik 1991ra bitartean egindako lanak jende andana erakarri du Kortezubira.
Bere lanen katalogoa zabala da, baina, eta ezagunak dira Llaneseko (Asturias) portuko Memoriaren Kuboak, Bottropen (Alemanian) Ruhrreko trabesak eta abar, tartean ETAren terrorismoaren biktimen omenez egindako lanak.
Heriotzari errekazioak
Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria Kultura sailburu eta bozeramailearen bitartez, bere atsekabea adierazi du Agustin Ibarrola artistaren heriotzagatik. Haren "konpromiso soziala" nabarmendu du. Zupiriak Radio Euskadin adierazi duenez, Euskal Herriko hainbat lekutan instalatutako artistaren obra publikoek "Ibarrola konprometituena gogoraraziko digute". "Hala agertu izan zen beti gure gizartean gertatzen ari ziren gauzen aurrean, lehenik diktaduraren aurrean eta gero indarkeria terroristaren garaian", nabarmendu du sailburuak.
Oskar Matute EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen ondokoak Agusin Ibarroal euskal gizartean "maila askotan" izan duen presentzia aipatu du, bere izaera "poliedrikoa" medio. Koalizio subiranistaren ordezkariak aitortu du Ibarrolak "presentzia esanguratsua" izan zuela "ETAren aurkako borrokan", eta azpimarratu du "60ko hamarkadan langile-mugimendua sortu zenean eta frankismoaren aurkako militantzia nabarmenean" ere izan zuela presentzia hori. "Pertsona poliedrikoa zen, seguruenik artista guztiak bezala", gaineratu du.
Euskadiko CCOOk Agustin Ibarrola margolari eta eskultorearen heriotza deitoratu du, eta "bere konpromisotik frankismoaren aurkako langile erresistentzian, demokraziaren sendotzean eta terrorismoaren aurkako borrokan" lagundu zuela nabarmendu du.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak azpimarratu du Agustin Ibarrolak "hutsune handia" uzten duela artearen munduan, baita "balio zibikoei eta konpromiso demokratikoari" dagokienez ere.
Biktimen hainbat elkartek ere atsekabea agertu dute artistaren heriotzagatik.
Terrorismoaren Biktimen EAEko Elkarteak (Covite) ETAren aurkako borrokaren "erreferente" gisa gogoratu du Ibarrola sare sozialetan. Euskal artista Coviterekin lotuta zegoen sortu zenetik. Hark diseinatu zuen elkartearen 'Txiribita' logoa, eta Gasteizko terrorismoaren biktimen monumentua sortu zuen. "Atseden hartu bakean, adiskide eta erreferente maitea. Eskerrik asko guztiagatik. Ez zaitugu inoiz ahaztuko ", argitaratu du Covitek sare sozialetan.
Fernando Buesa Fundazioak ere agur mezua idatzi du, "bere ibilbide artistiko handi eta baliotsua" gogoratuz, eta "ETAren aurka beti argi eta ozen hitz egin zuen demokrata" zela ere nabarmendu du, "benetako erresistentea izan baitzen".
Terrorismoaren Biktimen Fundazioak Ibarrolak askatasunarekin eta biktimekin izandako "konpromiso iraunkorra" azpimarratu du sare sozialetan.
Miguel Angel Blanco Fundazioak ere gogoan izan du artista, nabarmenduz beti egon zela terrorismoaren biktimekin eta beti borrokatu zela askatasunaren alde .
Zure interesekoa izan daiteke
Gernikako Udalak ere "Gernika" artelana lekualdatzea eskatu du, bonbardaketaren urteurrena dela eta
Udalerriko alkateak azpimarratu du "Gernikako herriak" berak nahi duela Picassoren artelana aldi baterako lekualdatzea. Jaurlaritzak duela gutxi egin zuen eskaera, baina Reina Sofia Museoak ez du onartu, kontserbazio arrazoiak tarteko.
"Erresonantziak" dokumental saila, Esther Ferrer eta Mari Puri Herrero artistei begira
EITBk eta Artiumek Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942) eta Esther Ferrer (Donostia, 1937) protagonista dituzten bi lan dokumental aurkeztu dituzte. Publiko berrien artean kultura garaikidearen dibulgazioan sakondu nahi du dokumental sortak, eta ETB On atarian daude ikusgai. Herreroren atalari Uxue Alberdik jarri dio ahotsa, eta Ferrerenari Marina Suarezek. Hurrengo atalak Gema Intxaustiri eta Itziar Okarizi eskainiko dizkiete.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Javier Ortiz de Guinea gasteiztar margolaria zendu da
Arabako paisajista eta erretratugileak 79 urte zituen, eta haren lanak, besteak beste, Arabako Arte Ederren Museoko eta Eusko Legebiltzarreko hormetan daude zintzilik.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio "Gernika" Guggenheimen egon dadin bederatzi hilabetez
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuaren arabera, keinuak "balio sinboliko handia" izango luke Espainiako Gobernuaren partetik, Jaurlaritzaren eta Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenean gertatuko litzateke eta. Ernest Urtasun Kultura ministroari egin dio eskaera, Madrilen egindako bilera batean.
Mikel Chillidak hartuko du Chillida Lekuren zuzendaritza
Museoaren "etorkizuna zehazten laguntzea benetako pribilegioa" dela esan du Eduardo Chillida artistaren bilobak. Apirilaren 1ean hartuko du kargua.
"Barreiatutako paisaiak": Euskal industriaren margoak, San Telmo museoan
Gerardo D’Abraira marrazkilariaren lanak ikusgai daude Donostiako San Telmo Museoan. "Barreiatutako paisaiak" izena du erakusketak, eta joan den mende erdialdeko lanak biltzen ditu.
Euskal artea ikusgai ARCOmadriden
Martxoaren 4tik 8ra, Madrilgo Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak Euskal Herritik datorren artearen lagin bat hartuko du. Ignacio Mugicaren arabera, orain arte bizi izan dugun jarraipenaren erakusle da aurkitu ahal izango dena, baina galeria gazte gehiagoren falta sumatzen du, "eta arte garaikidea gazteena da, ezarrita dagoenarekin hautsi beharko luketena".