Amets Arzallus txapeldun!
Txapelketa hasi zenetik hitzetik hortzera zebilena bete egin da. Amets Arzallusen eta Maialen Lujanbioren artean erabaki da txapela. Buruz burukora biak iritsi dira, eta, azkenean, puntuazioan dezenteko aldearekin, hendaiarra nagusitu da. Maialenek 2009an historia egin zuen, txapela jantzi zuen lehen emakumea izan zelako, eta, oraingoan, Ametsek egin du historia, txapel handia, lehen aldiz, Iparraldera eramanda. Joanito Dorronsoro bertsozale nekaezinak eta bertsoen doinutegia lantzen hainbeste lan egin duen ataundarrak jantzi dio txapela Ametsi.
Hirugarren postua Igor Elortza durangarrarentzat izan da, duela lau urte finaletik kanpo geratu zen eta, aurten, arantza hori kentzea lortu du, saio bikaina borobilduta. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina sailkatu dira, hurrenez hurren, laugarrenetik zortzigarrenera, denak ere, saio bikaina eginda. Izan ere, gaurkoan, ezertan bat etorri badira adituak, horretan izan dira: maila oso altuko finala izan da.
Hona hemen, puntuazioa:
1. Amets Arzallus 1737,5 puntu
2. Maialen Lujanbio 1686,5 puntu
3. Igor Elortza 1164 puntu
4. Aitor Mendiluze 1155 puntu
5. Aitor Sarriegi 1106 puntu
6. Unai Iturriaga 1099 puntu
7. Beñat Gaztelumendi 1099 puntu
8. Sustrai Colina 1082,5 puntu
Hunkigarria izan da, aurtengoa ere. Lehendabiziko minututik, zortzi bertsolariak, aurkezlea aurretik zutela, BECeko erdiko pasillotik agertu diren unetik, bertsozaleen berotasuna izugarria izan da. Egun guztian zehar emozio handiko uneak bizi izan dira, baina buruz burukoan lehertu da giroa. Aurkezleak txapeldunaren izena esan duenean, berriz, BECeko goiak eta beheak ia erori dira, publikoaren burrunbarekin.
Amets oso gustura, goizeko saioarekin batez ere
Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak babestuta agertu dira 2013ko Txapelketako finalean aritu diren zortzi bertsolariak kazetarien aurrera. Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio alde banatan zituela, "zoriontsu naiz, gozatu egin dut, sekula ez dut horrenbeste gozatu final batean", esan du Muruak. Murua erabat "asebete" du gaurko bertso lehiak eta gustura agertu da "ikusleek ere epaileen puntuaketarekin bat egin dutelako, txaloz adierazi duten bezala".
Gai- jartzaileak gogora ekarri ditu, "lan benetan bikaina" egin dutelako, eta txapelketa guztian zehar borondatez lanean aritu direnei ere esker ona adierazi nahi izan die. "Borobila atera da" esaldiarekin argi utzi du bere poza.
Euskal Herriko bertsolari txapeldun berriak Iñaki Muruaren hitzei tiraka hasi du bere lehen balorazioa: "Oso gustura geratu naiz orokorrean, eta Iñakiren hitzekin geratzen naiz batez ere: Saioa oso ona izan denaren sentsazioarekin. Nire txapelak baino askoz gehiago pozten nau jendeak inpresio hori izateak".
Goizean sekula baino lasaiago atera omen da, "tenple onean". "Final batean inoiz izan dudan sentsazio onena izan dut. Kontziente nintzen oso ondo ari nintzela eta beldur nintzen arratsaldean maila horri eusteko gai izango ote nintzen".
Arratsaldean "pixkat apalxeago" ibili dela aitortu du, eta puntuazioarekin "dudak" zituenez, buruz burukoaren ondotik, badaezpada, irabazlearen agurra prestatzen joateko esan omen dio Maialeni.
Maialen ere, saio oso ona izan den sentsazioarekin
Txapelketa guztian lan egin dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie Maialenek: "Lan hori gure lanarekin eskertzen saiatu gara". Txapela berresterik ez du izan, baina pozik egoteko motiboak dituela nabarmendu du, egun "zoragarria" izan delako.
Ildo berean hitz egin du Beñat Gaztelumendi gazteak ere. Lehen finala zuen eta bere "argi eta itzalekin , finalista bat gehiago" sentitu nahi zuen eta lortu egin du. Gustura geratu da egindako lanarekin eta honek ere eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei.
Igor Elortza ere, oso pozik geratu da egindako lanarekin. Bi finaletan egon dela nabarmendu du durangarrak, baina oraingoan, goizean goizetik sentitu du final hau oso ona izango zela, "taldean sumatutako giroagatik" eta horrela bizi izan du.
"Pribilejio" hitza erabili du, berriz, Sustrai Colinak, finalean bizitakoa azaltzeko . "Gu-aren garaiak direla" esan du eta "gogo itzela" duela berriz bueltatzeko.
Aitor Sarriegi beasaindarrak Sustrairen "pribilejio" kontzeptua errepikatu du, zer den BECen kantatzea deskribatzeko. Honek ere, goizean goizetik giro ona sumatu du eta aurreikuspenak bete egin direla harro esan du.
Aitor Mendiluze ere, "oso pozik, oso harro" agertu da 2013ko final honetan egindako lanaz. Oso gertu sentitu ditu gaurko eguna posible egin duten guztiak eta aipamen berezia egin nahi izan die "askotan, gurekin batera gehien sufritzen duten etxekoei eta lagunei".
Eta Unai Iturriagak eman dio ukitu propioa final amaierako prentsaurrekoari. Bere azken finala izan dela esanez hasi du hizketaldia, "baina berriz ere hemen egongo naizela bermatuko balidate, ba egongo nintzateke", amaitu du esaldia. Pozik zegoen Unai eta "nire etxean nik irabazi dut" esanez amaitu du, irribarre batekin.
Muruak hartu du hitza, berriro, agerraldiari amaiera emateko, ongietorria eta agurra luzatuz mundu osotik etorri diren ikertzaileei. "Arnasa hartzeko astia badago, baina hau ez da bukatu. Lau urte barru, gehiago" esanez, amaitu du gaurko eguna.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Iñaki Viñasprek irabazi du 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa
Iñaki Viñaspre Simonek eta Unai Anda Delikak lortu dute puntu gehien lortzea 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Azkenean, Viñasprek jantzi du txapela. Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi diote txapela Viñaspreri.
Arabako Bertsolari Txapelketaren finala gaur arratsaldean jokatuko da eta zuzenean eskainiko du ORAIN albiste zerbitzuak
Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre eta Peru Abarrategi nor baino nor gehiago arituko dira Gasteizen, Europa Biltzar Jauregian. Martxoak 3 elkarteak jantziko dio txapela irabazleari.
Arabako Bertsolari Txapelketa
Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre eta Peru Abarrategi arituko dira nor baino nor gehiago finalean. 16:45etik aurrera, zuzenean.
Arabako sei bertsolari finalistak, larunbatera begira
Larunbatean, hilak 28, Europa Gasteizko biltzar jauregiak Arabako Bertsolari Txapelketaren finala hartuko du. Martxoak 3 Elkartearen ordezkariek jarriko diote txapela bertsolari irabazleari, Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre edo Peru Abarrategiri. ORAINen eta ETB1 ONen osorik ikusi ahalko da finala, 16:45etik aurrera, zuzenean.
Peru Abarrategik irabazi du Aramaioko finalaurrekoa eta erabakita geratu da nortzuk jokatuko duten Arabako Bertsolari Txapelketa
Maddi Agirre, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Martin Abarrategi lehiatuko dira martxoaren 28ko finalean, Gasteizen.
Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako Oiongo saioa
Txapelketako lehen saioa irabazita, finalaurrekoetarako pase zuzena eskuratu du gasteizko bertsolariak. Hurrengo saioa otsailaren 15ean izango da Laudioko Kasinoan, 17:30ean.
Arabako Bertsolari Txapelketa, abiatzear
Arabako txapelketaren XVII. edizioko lehen saioa Oionen egingo dute, larunbatean. Aroa Arrizubietak, Felipe Zelaietak, Iñaki Viñasprek, Martin Abarrategik, Sabin Abarrategik eta Unai Andak kantatuko dute.
Euskarak biziraun dezan lan egin duten guztiei eskaini die azken agurra Maddi Ane Txoperenak
Bizkarsoro filmari erreferentzia egin, eta euskararen kontra aritu direnen aurrean altxatu direnak izan ditu gogoan Maddi Ane Txoperenak, Donibane Lohizuneko Jai Alain.
Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa
Maddalen Arzallusekin jokatu du azken buruz burukoa, eta, azkenean, Txoperena gailendu da finalean. 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bost finalistek hartuko dute parte.