Basauriarrek bigarrenez gaitzetsi dute Amaiaren hilketa matxista
Udalak deituta, elkarreratze isila egin dute eguerdian Azaroak 25 plazan, sortzez Berangokoa zen 44 urteko emakumearen hilketa salatzeko. Hain justu, Berangoko Udalak beste bilkura bat deitu du astearterako.
Basauriko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak deituta, 24 orduan bigarren elkarretaratzea egin dute gaur Bizkaiko udalerrian izandako hilketa matxista gaitzesteko.
Bilkura isila eguerdian egin dute, Azaroak 25 plazan. Ordezkari politiko, instituzional eta herritar xehe ugari bildu dira "Basaurin matxismoari planto" zioen pankartaren atzean. Basauriko Asanblada Feminista eta Emakumeok Bat Koordinadorak atzo arratsaldean egin zuten elkarretaratzea leku berean.
Kazetariei egindako adierazpenetan, Asier Iragorri Basauriko alkateak esan du ustezko hiltzailea zaintzapean zuela poliziak, bikotekidearengadik urruntzeko agindua hainbat aldiz urratu baitzuen. Dena dela, hilketa ikerketapean dagoela eta hura amaitu arte itxarotea komeni dela erantsi du.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren ustez, indarkeria matxista "errealitate gordin eta mingarria da", eta gizarte gisa "desnaturalizatu" behar dela erantsi du. "Dei egin nahiko nuke, kolektibo bezala, halako euste horma sozial bat eraikitzeko indarkeria matxistari frenoa jartzeko", nabarmendu du.
Biktimaren aita, alaba eta senar ohia ere izan dira elkarretaratze horretan. Lehenak aitortu duenez, "oraindik ez dakigu ezertxo ere. Ez dakigu hilketa matxista izan den edo berez hil den. Ertzaintzari bere lana egiten utzi behar diogu, konfiantza izan behar dugu eta listo. Ustezkoa da dena, oraingoz".
Amaiaren aitak baieztatu du atxilotuak alabarengandik urruntzeko agindua zuela indarrean. "Tratu txarren emailea" ote zen galdetuta, baietz erantzun du. "Probak zituen, hilabete batzuk lehenago eztabaida izan zuten", azaldu du.
Ustezko hiltzailea, 45 urteko gizonezkoa, atxilotuta dute, epailearen aurrera noiz eraman zain, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Hasiera batean, 44 urteko emakumea ondoezak jota hil zela ondorioztatu zuten osasun langileek.
Gerora, baina, autopsiak indarkeria zantzuak topatu zituen emakumearen gorpuan, eta hilketa izan zitekeela ebatzi zuen. Hori horrela, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, balizko genero indarkeria kasu gisa.
Baieztatuko balitz, 2026an gizon matxista batek Euskal Herrian eraildako hirugarren emakumea litzateke. Otsailaren 20an, Tatiana hil zuen haren bikotekideak Sarrigurenen (Nafarroa). Handik hilabetera, martxoaren 21ean, Silvia irundarra hil zuen bikotekide ohiak Zaragozan.
Berangoko Udalaren gaitzespen adierazpen instituzionala
Amaia Basaurin bizi zen, baina Berangokoa zen sortzez. Hain justu, bertako udalak hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu eta bilkura deitu du astearterako. 19:00etan izango da, Berangoko frontoiaren aurrean. Bilkura horretan parte hartzeko deia egiteaz gain, indarkeriaren aurkako borrokan zeregin aktiboa izan dezaten eskatu diete herritarrei: "Denok hartu behar dugu jarrera aktiboa emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean, ez onartuz, isilik ez geratuz eta indarkeria jasan dutenei gure babesa adieraziz; azken batean, eraso matxisten aurrean erantzukizun indibidual eta kolektiboa hartuz".
Bost puntuko idatzian, Udalak "bere gaitzespenik handiena eta sumindurarik sakonena" adierazi du Amaiaren hilketa matxistaren aurrean. Gogorarazi duenez, "gure herrian hazitako eta hezitako emakumea da, askok eta askok gogoan dutena". Horren harira, biktimaren senideei eta gertukoei babes eta elkartasun osoa helarazi die, eta horien esku jarri ditu indarkeria matxistaren aurrean arreta eta babesa emateko zerbitzu espezializatuak.
Horren arabera, "emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak emakumeen osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoak dira, eta, ondorioz, giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezina. Hilketa matxismoaren adierazpenik larriena da, eta lehen mailako arazo soziala, duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten duena, batez ere jasaten duten eta aurre egiten dieten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka".
Azkenik, "gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa" lortzeko duen konpromisoa nabarmendu du, eta bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurka erabilitako indarkeria guztien aurkako politika aktibo, integral eta koordinatuak garatuko dituela agindu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Picassoren margolan bat, 100 euroren truke: Alzheimerraren ikerketa finantzatzeko ekimena
Tête de femme (1941) Pablo Picassoren lan original honen zozketa apirilaren 14an egingo da, Parisen, eta oraindik milaka partaidetza daude saltzeko. Ekimen solidario honek mundu osoko parte-hartzaileak erakarri ditu.
Epailearen esku utzi dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Ostegunean jazo zen erasoa, 18:30 aldera, bost gizonek adin txikikoa sastatu eta ibilgailu batean ihes egin zutenean. Atxilotuek 19 eta 21 urte bitartean dituzte, baina ikerketak zabalik jarraitzen du.
Aske utzi dute Barakaldon udaltzain baten tiroa jaso zuen ustezko lapurra
Gizonak arma zuri batekin egin zien mehatxu poliziei, eta udaltzain batek hanka batean tiro egin ostean atxilotu zuten.
EHUn ke poteak jaurti eta pankartak jarri direla eta, epelkeria ukatu eta salbuespenak direla esan du Bengoetxeak
EHUko errektoreak azaldu duenez, jarduera protokolo bat prestatzen ari dira, hezkuntza komunitate osoaren ekarpenak bilduta, erakundearen barruan errespetua eta bizikidetza sustatzeko.
Beste bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, adingabe bat sastatzea leporatuta
Aurretik atxilotutako bost gazteek bezala, 19 eta 20 urte bitartean dituzte. Ertzaintzak labanak eta mailuak zituen poltsa bat topatu zuen horien autoan, eta konfiskatu egin zizkieten.
Behin-behinean aske utzi du epaileak Basaurin bikotekidearen heriotzarekin zerikusia zuelakoan atxilotutako gizona
45 urteko gizona 15:00ak aldera eraman dute epaitegira, eta epaileak behin-behinean aske utzi du baina egunero auzitegira joateko aginduarekin. Pasaportea ere kendu diote.
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bikotekidea hiltzea egotzita
Biktima, 44 urteko emakume bat, ondoezik jarri ostean hil zen. Medikuek egindako lehen azterketen arabera, indarkeria zantzuak zituen. Ikerketaren iturriek EITBri baieztatu diotenez, urruntze agindu bat zegoen indarrean, baina atxilotuak askotan urratzen zuen.
17 urteko mutil batek polizia-kontrol batetik ihes egin du asegururik eta IATrik ez zuen auto batekin, Beriainen
Adingabeak giltzak ostu zizkion amari, eta jazarpen arriskutsu baten ostean, egindakoa "Instan argitaratuko ote zen" galdetu zien agenteei.
Adingabe bat sastatzeagatik Murgian atxilotutako bost gazteek polizia-etxean jarraitzen dute
Erasoa ostegun arratsaldean gertatu zen, Gasteizko Oto etorbidean.