Santutxuko Luis Briñas BHI ikastetxean pasilloetan eman dituzte gaur eskolak, ikasgeletan bero jasanezina zegoelako
EITBk jakin ahal izan duenez, 35 gradu zeuden ikasgeletan. Hori dela eta, ordutegi jarraitua aste honetara aurreratu behar izan dute.
Muturreko beroa dela eta, eskola batzuk korridoreetan eman behar izan dituzte gaur Santutxuko Luis Briñas BHI ikastetxean, EITB Mediak jakin duenez.
Zentro horretako guraso elkarteak jakitera eman du 35 gradu zeudela ikasgeletan. Gogorarazi dutenez, gaurkoa ez da horrelako egoera baten aurrean dauden lehen aldia izan, maiatzean, ekainean, irailean eta urrian ohikoa bihurtu baita zentro horretako ikasgeletan bero sapa egotea.
Horregatik, Hezkuntza Sailaren iturrien arabera, aste honetara aurreratu behar izan dute ordutegi jarraitua —08:00etan sartuko dira (ohi baino ordu erdi lehenago) eta 14:00etan irtengo dira, 16:20an atera beharrean—.
Salatu dutenez, eraikinak babes berezia du, eta oraingoz inork ez die beroari aurre egiteko irtenbiderik eman.
Gainera, Sailak ikastetxean toldoak jartzeko enkargua egin du, baina oraindik fabrikazio fasean daude.
Bestalde, beste zenbait ikastetxetan beroak eragindako arazoak konpontzeko bideak ere bilatzen omen dabiltza..
Aurrekariak
Santutxuko ikastetxe horretako arazoa ez da berria, 2008tik baitaude kontu horrekin bueltaka. Urteetan zehar hainbat jarduketa eskakizun izan dira, eta, ondorioz, zenbait txosten idatzi behar izan dituzte. Guraso elkarteak 2009an, 2017an, 2023an eta 2025ean egindako txostenen berri izan du, eta jakin du, besteak beste, 2017ko txostena Bilboko Udalari bidali ziotela
Gauzak horrela, premiazko konponbide bat eskatu dute, klimatizazio eta isolamendu plan eraginkor bat, ahalik eta lasterren gauzatuko dena eta "ikasleen babesgabetasun egoerarekin amaitzeko aukera emango duena".
Zure interesekoa izan daiteke
Emakume bat hil da Kataluniako euriteetan eta alerta gorria ezarri dute Valentzian eta Alacanten