Gizon batek emaztea hil du eta ama larri zauritu Sarrigurenen
Hilketa matxista ostiral arratsaldean jazo da, bikotearen etxean. Eguesibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hilketa gaitzetsi du, eta hiru dolu egun ezarri ditu eta elkarretaratzea deitu du gaurko.
Gizon batek emaztea hil du eta ama, biktimaren amaginarreba, larri zauritu du Sarrigunenen (Eguesibar). Hilketa egin eta gutxira atxilotu dute, ikerketako iturriek EFEri jakinarazi diotenez.
Gertakariak ostiral arratsaldean izan dira, 19:30ean, Nafarroako Erresuma etorbideko etxebizitza batean.
Eguesibarko Udaltzaingoak atxilotu du, baina Foruzaingoaren Polizia Judizialak hartu du bere gain gertatutakoa ikertzeko ardura.
Epaileak sekretupean jarri du sumarioa, eta, beraz, oraingoz ez dute gertakariaren datu gehiagorik eman; hildakoa lau adingaberen ama zela besterik ez da zabaldu. Bestalde, Xuriñe Peñas Eguesibarko alkateak jakinarazi duenez, ez zegoen gizonaren kontrako salaketarik (ohikoa da hilketa matxista gehienetan), eta, hortaz, biktima ez zegoen VioGen sisteman sartuta.
Eguesibarko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak hilketa "erabat gaitzetsi" du eta bere "sumindura" agertu du. Hiru dolu egun ezarri ditu, eta gaitzespen bilkura deitu du gaurko (17:00etan, udaletxearen aurrean).
Nafarroako Gobernuak ere "gogor eta irmo gaitzetsi" du hilketa. Atzo gertatutakoaren berri izan eta gutxira, Maria Chivite presidenteak gogor salatu zuen: "Beste hilketa bat; beste emakume bati kendu diote bizitza, oraingo honetan Nafarroan. Hemen ezin da arrakalarik egon. Nire gaitzespen irmoena; nire maitasuna familiarentzat".
Aurten Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista da honakoa. Iaz zortzi emakume hil zituzten beste hainbeste gizon matxistek; iazko azken erailketa matxista Barakaldon (Bizkaia) jazo zen, abenduaren 21ean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono zenbaki hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa), eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik. Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera