Zazpi euskal emakume hil dituzte indarkeria matxistaren ondorioz 2025ean
Biktimen artean bikotekide gizonezkoek eraildako lau emakume, aitak hildako neska adingabe bat eta semeek hildako adineko bi emakume daude.
13 urteko neska baten hilketa salatzeko kontzentrazioa, Bilbon. Argazkia: EFE
Borroka feministari esker emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan gero eta kontzientziazio handiagoa dagoen arren, ez da erraza indarkeria matxista atzean uztea. Urteak daramatzate erakunde publiko zein pribatuek hezkuntza kanpainak eta biktimei laguntzeko arreta-zerbitzuak hobetzen, baina kasuen kopuruak ez du behera egiten.
EAEn soilik, indarkeria matxistarekin lotutako ia 6.000 salaketa jaso ditu Ertzaintzak urtarriletik urrira bitartean. Zazpi euskal emakume hil dituzte aldi horretan; bi, Euskal Herritik kanpo:
Urtarrilak 3: 63 urteko gizon bat atxilotu zuten Barakaldon, 84 urteko ama kolpeka hiltzeagatik. Hilketa familia barruko indarkeriatzat jo zen.
Otsailak 5: 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Irunen, 74 urteko ama hiltzeagatik. Hilketa familia barruko indarkeriatzat jo zen.
Apirilak 25: Gizon bat atxilotu zuten Haron (Errioxa), 36 urteko bikotekidea hiltzeagatik. Emakumea Gasteizkoa zen jatorriz.
Maiatzak 30: Gizon batek bere buruaz beste egin zuen Bilboko Errekalde auzoan, 13 urteko alaba hil eta haren bikotekidea, neskatoaren ama, zauritu ondoren.
Ekainak 7: 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Marbellan (Malaga) bikotekidea, 53 urteko emakumea, hiltzeagatik. Gasteiztarra zen biktima.
Uztailak 29: 85 urteko gizon bat atxilotu zuten Zizur Nagusian, 78 urteko emaztea hiltzeagatik. Etxeko espetxealdia ezarri zioten.
Urriak 15: 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Zarautzen, 53 urteko bikotekidea hiltzeagatik.
Kontuan izan behar da, gainera, aurreko urtean ere zazpi euskal emakume hil zituztela.
Espainiako Estatuari dagokionez, 2003ko urtarrilaren 1ean datua erregistratzen hasi zirenetik, 1.333 emakume hil dituzte.
Frantziako Estatuan ez dago horrelako erregistrorik, baina iaz 107 emakume hil zituzten bikotekideek.
----------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.