Gizon batek alaba hil du eta bikotekidea zauritu du Bilbon
Gizon batek 13 urteko alaba hil du Bilbon, eta bere buruaz beste egin du gero, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. 05:00ak inguruan gertatu da guztia, familiaren etxean, Errekalde auzoko Larraskitu kalean.
Adingabearen amak etxetik ihes egin du, bikotekidearekin eztabaida izan ondoren. Aztoratuta, emakumeak Udaltzaingoari deitu dio, alabarengatik kezkatuta.
Agenteak bertaratu direnean, amak kalean hartu ditu (Basurtuko ospitalera eraman dute, zaurituta baitzegoen), eta gertatutakoa azaldu die. Etxeko atea apurtu ondoren, neskatoa arma zuriz egindako zauriak zituela aurkitu dute ohean, maindire artean estalita; gizonak, berriz, komunean, hilda.
Ertzaintzaren Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak egindako lehen ikerketen arabera, gizonak bere buruaz beste egin du, labana bat erabilita, emakumeari eraso egin eta adingabea hil ondoren.
Hildako neskatoaren ama Basurtuko ospitalera eraman dute, baina arriskutik kanpo omen dago.
Erreakzioak
Imanol Pradales lehendakariak gaitzetsi egin du Bilbon jazotakoa, eta "ikerketak gertatutakoa zorroztasunez eta errespetuz argitzea" espero duela azpimarratu du.