Konstituzio Auzitegiak ez du ebatziko hizkuntz-eskakizunen derrigortasunaren inguruan
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak luzatu zion galdera, enplegu publikoan hizkuntz-eskakizunak derrigorrezkoak izateak Konstituzioa urratzen duen edo ez ebazteko.
Iazko abenduan, alkateek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian egindako protesta, euskarari buruzko epaien aurka. Artxiboko argazkia: UEMA
Hizkuntz-eskakizunen auzian PPk eta Voxek jarritako helegiteen aurrean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ez du irizpiderik emango. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak luzatu zion galdera, Enplegu publikoan hizkuntz eskakizunak derrigorrezkoak izateak Konstituzioa urratzen duen edo ez ebazteko, baina goi auzitegiak ez du galdera hori tramitera onartu.
Zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren 187.5 artikulua da ezbaian dagoena, administrazio publikoko lanpostu guztietan hizkuntza-eskakizuna zehaztu beharra dagoela dioena.
"Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza-eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio-premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko", dio artikuluak.
Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esku geratu da atzera berriz auzia eta horri dagokio behin betiko erabakia hartzea.
Eusko Legebiltzarrak, EAJren botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, Euskal Enplegu Publikoaren erreforma onartu baino bi egun lehenago hartu zuen erabakia Konstituzio Auzitegiak.
Erreakzioak
"Euskara babesteko" eta "zarata eta konfrontazioa alde batera uzteko" eskatu du EAJk.
EH Bilduk ere txalotu egin du albistea. "Oso berri ona da administrazioan euskararen egiazko berdintasuna defendatu dugunontzat eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko erabakimena dugunontzat", azaldu du Josu Aztiria EH Bilduren Euskararen Normalkuntzarako idazkariak eta legebiltzarkideak.
Nolanahi ere, koalizioak nabarmendu du "oldarraldia" ez dela eten eta "geure hizkuntza nazionalarentzat estatus juridiko berri baten bila jarraituko" dutela lanean.
Zure interesekoa izan daiteke
70eko hamarkadan abortatzeagatik zigortutako "Basauriko Hamaiken" auziak 50 urte bete ditu