LABek ez du hitzarmenetan 1.500 eurotik beherako soldatarik onartuko
LAB sindikatuak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka negoziazio kolektiboaren esparruan indartzeko apustua egingo du. Gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorraren ostean, fase berri batean sartu dela iragarri dute Bilbon Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Oihana Lopetegi negoziazio kolektiboko arduradunak.
Sindikatuak jakinarazi du bere gain hartzen dituen hitzarmenetan helburu hori ia beteta duela. Adibide gisa, muga hori bermatzea lortu da Gipuzkoako arte grafikoetan eta itsaskien handizkako merkataritzan, baita Nafarroako optiken merkataritzan ere. Datozen hilabeteetako erronka aldarrikapen hori LABek gehiengorik ez duen enpresetara eramatea da. Besteak beste, Bizkaiko garbiketa sektorea, Arabako metalgintza eta enplegu zentro bereziak eta Nafarroako nekazaritza zein abeltzaintza aipatu dituzte.
Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, oztopoak aurkitu dituela salatu du. Alde batetik, esparru politikoan, EAJ, PSE-EE eta PSN alderdiei leporatu die Euskal Herrian eskumen propioak lortzeko aukera blokeatu izana. Hala ere, Madrilen EH Bildu, ERC eta BNG indarrekin lege-aldaketa bat sustatzeko konpromisoa bidean dela zehaztu dute.
Bestetik, esparru patronalean, Confebask eta CEN elkarteek sektore arteko akordio bat negoziatzeari uko egin diotela azaldu dute.
LABeko arduradunek gainerako euskal sindikatuei dei egin diete negoziazio mahai guztietan konpromiso bera hartzera, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldatak arrakala matxistak zein arrazistak murrizten eta aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzen lagunduko duelako.