ITASUA IATko langileek greba mugagabearekin mehatxatu dute negoziazioak blokeatuta jarraitzen badu
ITASUA IATko Zarautz eta Bergarako langileek bigarren greba-eguna egin dute enpresa-hitzarmena aldarrikatzeko, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Datorren astelehenean beste lanuzte bat egingo dute eta, ohartarazi dutenez, negoziazioetan aurrerapenik egon ezik, greba mugagabe bihurtuko da.
Gatazka honen muinean enpresaren azken erabakia dago. ELAk azaldu duenez, hitzarmena negoziatzen ari zen bitartean, zuzendaritzak alde bakarreko akordio bat sinatu du Gasteizko hiru ordezkarirekin, eraginkortasun mugatuko itun bat osatuz. Akordio hori ez da Zarautz eta Bergarako langileekin adostu, baina enpresak negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko aprobetxatu nahi izan du.
Langileek lan-baldintza berdinak eskatzen dituzte Gipuzkoan IAT zerbitzua ematen duten beste enpresekin alderatuta.
- Urtean 133 ordu gehiago lan egiten dute.
- 2.000 eta 5.000 euro arteko soldata baxuagoak dituzte.
Sindikatuek argitaratutako datuen arabera, azken 5 urteetan Larrauri familiak (enpresaren jabeak) 5 milioi euro inguruko dibidenduak jaso ditu.